Zu zeu

Oihana Agirre: "Bere lana eskatzen du probetan txakurrarekin aritzeak"

Julene Frantzesena 2023ko api. 4a, 09:09

Oihana Agirre, proba batean. (Aritz Mutiozabal)

Aurtengo Euskal Herriko txakur krosen denboraldian "uste baino hobeto" moldatu da Oihana Agirre (Zumaia, 1983). Lortu du proba batean baino gehiagotan podiumera igotzea, baita osasun arazoak tarteko izan duen etena eta horrek sortutako ziurgabetasuna gainditzea ere. Uztarriaren 2023ko martxoko aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Noiz eta nolatan hasi zinen txakur krosetan parte hartzen?

Pandemia aurretik. Senarra hasi zen lehiatzen, eta Hondarribiko bi eguneko lasterketaren lehen zatian –gauekoan–, min hartu zuen. Asteburua pasatzera joanak ginen hara, eta bigarren zatia, hurrengo egunekoa, neuk egingo nuela esan nion. Egia esan, beldurra ematen zidaten txakur krosek, baina probatzea erabaki nuen, eta ondo moldatu nintzen. Hura izan zen nire lehen proba.

Zeri zenion beldurra?

Errespetua ematen zidan; izan ere, txakurrarekin zure erritmotik kanpora joaten zara. Baina gustura ibili nintzen, eta ligako gainerako lasterketetan parte hartzen jarraitu nuen harrezkero. Gero, baina, pandemia etorri zen, eta...

Noiz itzuli zineten lehiara?

Iaz, senarra txakur batekin eta ni bestearekin. Fundamentuarekin hasi ginen, baina lasterketa batzuen ostean COVID-19a harrapatu genuen, eta akabo; gorputzak ez zidan erantzuten... Haren ostean tiroideseko arazoekin hasi nintzen, eta oraindik ere tratamenduan segitzen badut ere, hasi naiz nire onera etortzen. Gogoz itzuli nintzen, presiorik gabe eta disfrutatzeko xedez; entrenatu ere tamainan egin dut.

Entrenatzen duzunean, nolako saioak egiten dituzu?

Txakurra lotuta dudala gutxi aritzen naiz, nahiz eta batzuetan hala aritzen garen lasterka.

Nolako txakurra duzu?

Bi ditugu; iaz batekin aritu nintzen eta aurten bestearekin. Arra da aurten lasterketetan parte hartu dudan txakurra, eta oro har, arrak emeak baino harroagoak direla esango nuke, baina mainontzi samarra da gurea. Emeak finagoak dira, jarraikorragoak.

Zer egin behar da korrikalaria eta txakurra koordinatuta aritu daitezen?

Ez da erraza, eta txakur batetik bestera izugarrizko aldea dago; denek ez dute balio tiratzeko. Arraza batzuetakoak probetarako iaioak dira, eta berdin zaie nor den haiekin joaten den korrikalaria. Beste batzuek ez dute beti modu berean tiratzen, gureek adibidez, ehiz txakurrak baitira. Duela aste batzuk Zierbenan (Bizkaia) izan genuen lasterketa. Txukun egin nahi nuen, denboraldiko azkena zelako guretzat. Orain arte proba denetan oso fin aritu da txakurra, baina egun hartan paseoan ibili zen aurreneko bi kilometroetan. Auskalo zer pasatu zitzaion... Ondo bukatu genuen proba, baina...

Feeling-a izatea garrantzitsua da, beraz?

Bai, bai, oso. Gure txakurrek ez dute tiratzen semeekin doazenean; bai, ordea, ni aldamanean baldin banoa. Uste dut egunero izan behar dela feeling-a, eta horren arabera erantzuten dutela txakurrek probetan.

Gehiegi tiratzen badu, zer?

Askotan tiratzen dute gehiegi. Txakurrik gabe aritu izan banintz, behin baino gehiagotan emango nukeen amore, baina txakurrarekin ez; txakurrarekin, lehertu arte, hortxe. Hori bai, beste anbiziorik gabe ateratzen gara probetan; ondo irteten badu, ederki, eta bestela ere bai. Lasterketak motzak izaten dira, baina bere lana eskatzen du txakurrarekin aritzeak, eta lasterketak oso leherkorrak izaten dira. Krosetan adina gozatzen dut txakurrarekin mendi buelta bat eginda; hobby bat da guretzat probena.

Proba gogoangarririk bai?

Zumaiakoa berezia da, etxekoa delako, baina ez naiz oso ondo moldatzen ibilbide horretan. Izan ere, oso laua da, aldapatxo batzuk badituen arren. Ni hobeto moldatzen naiz ibilbide malkartsuagoetan, Zierbenakoa gisakoetan, adibidez. Bestalde, ikaragarri gustatzen zaizkit gauez egiten diren probak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide