Irene Larrañaga: "Bada garaia bakarrik bizi garen emakumeok ez dugula ezer falta esateko"

Ihintza Elustondo 2023ko mar. 21a, 12:14

(Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Kazetaria ogibidez, argazkilaria afizioz. Bakarkako lehen erakusketa du Insuladas, eta Donostiako Aquariumean dago ikusgai, martxoaren 12ra arte. Bakarrik bizitzeko hautua egin duten emakumeak erretratatu ditu, pertsona horien osotasuna aldarrikatzeko. "Nire autoerretraturik ez dago, baina nahiko autoerreferentziala da erakusketa", dio. 2023ko martxoko Uztarria aldizkarirako egindako elkarrizketa da honakoa.

Kazetaria ikasketaz, urte askoan ETBn lanean aritutakoa da Irene Larrañaga (Azpeitia, 1972), eta gaur egun, Tabakalerako komunikazio arduraduna da. Lantokia ez ezik, bizitokia ere Donostian du aspaldian. Ogibidea komunikazioaren arloan duen arren, betidanik izan du pasio argazkilaritza. Duela bost urte, beste urrats bat egitea erabaki zuen: lanean geldialdia hartu eta argazkilaritzari lotutako ikasketak gauzatu zituen. Eten horren emaitza da Donostiako Aquariumean ezarri duen Insuladas erakusketa. Erakusketa aretoan bertan, paretetan itsatsita dauden emakumeen argazkiei miresmenez begira, eman ditu proiektuaren gaineko azalpenak.

Oroitzen al duzu noiz egin zenuen lehen argazkia?

Beti egin izan ditut argazkiak, bizitza guztian. 9 urte nituela, izeba-osaba batzuek argazki kamera oparitu zidaten, Polaroid bat. Ordutik beti izan naiz kuadrillako argazkilaria, familiakoa... Eta unibertsitate ikasketak egitera Iruñera joan nintzenean, argakilaritza eskola batean izena eman nuen. Nire lana ere beti egon da irudiari lotuta; denetarik egin dut telebistan: Sorginen laratzan aritu nintzen, Lo que faltaba saioan, dokumentalak eta erreportajeak egiten, albistegietan... Eta bat-batean, 45 urterekin, erabaki nuen telebista albo batera utzi eta profesionalki argazkigintza ikastea. Bilboko argazkilaritza garaikideko zentro batean izena eman nuen, eta bi master ere gauzatu nituen: bat autore argazkigintzari lotutakoa, eta bestea dokumentalen ingurukoa. Orduan heldu nion serioski argazkigintzari.

Aldaketa horren emaitza da Insuladas proiektua. Zure lehen erakusketa al da?

Kolektiboan parte hartu izan dut zenbait proiektutan, baina bakarka prestatu dudan lehen erakusketa da Insuladas. 2018an, argazkilaritza ikasteari ekin nionean, nire artxiboa errepasatzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen behin eta berriro argazki bat errepikatzen zela: joaten nintzen leku guztietan –izan Azpeitian, Donostian, New Yorken, Buenos Airesen...–, emakumeak erretratatzen nituen, bakarrik. Ohartu nintzen emakumeak bakarrik agertzen ziren argazki pila bat neuzkala artxiboan eta nik erabakitzen nuela emakume horiek bakarka jartzea enkoadrearen barruan. "Zergatik egiten dut inkontzienteki, neu konturatu gabe, behin eta berriro argazki bera?", galdetu nion neure buruari. Askotan esaten da argazkigintza badela argazkilariaren leiho edo ispilu bat. Ni aspaldian bakarrik bizi naiz, eta konturatu gabe, emakume haietan jartzen nuen begirada; nire bizitzeko era haiengan islatu nahi nuen.

Horretaz jabetu zinenean, zer egin zenuen?

Nahiz eta argazkietan bakarrik agertu, ez nekien emakume haiek bakarrik bizi al ziren, eta pauso bat eman nuen: ni bezala bakarrik bizi diren emakumeak ezagutzea eta haiei argazkiak egitea erabaki nuen. Ez nuen nahi kaleko argazkiak egitea, baizik eta aurrez aurre jarri eta erretratuak lantzea. Gertu neuzkan emakumeekin hasi nintzen: lagunekin, ezagunekin, lagunen lagunekin... Mailolo, Maitere, Belen... Eskerrak eman behar dizkiet denei, nire kameraren aurrean batere lotsarik gabe jarri baitziren. Kazetari sena ere badudanez, hasieratik argi eduki nuen ez nituela erretratuak bakarrik gauzatuko, eta emakumeei galdetegi bat egingo niela: zergatik bizi diren bakarrik, zer den bakardadea beraientzako, bizimodua aldatuko al luketen ala ez, zer abantaila eta desabantaila dauzkan bakarrik bizitzeak, pozik bizi diren ala ez... galdetu nien. Garbi neukan proiektuaren ardatza bakardadea osotasunean bizi duten emakumeak izango zirela. Ez nuen nahi bakarrik bizitzea gauza negatibotzat dutenak elkarrizketatzea, beraiek hala erabakita bakarrik bizi direnak elkarrizketatzea baizik. Bakarrik bizitzea erabaki dute, baina horrek ez du esan nahi bakarrik sentitzen direnik.

Eta zergatik hartu du proiektuak Formenterako bidea?

Bakarrik bizi diren leku askotako emakumeak erretratatu ditudan arren, erakusketako argazki guztiak Formenteran [Balearrak, Herrialde Katalanak] aterata daude. Duela hamasei urte hasi nintzen oporretan hara joaten lagun kuadrilla batekin. Urteetan joan ginen, eta duela bederatzi urte, Formentera Fotografica jaialdiaren berri izan nuen. Azken zortzi urteetan urtero joan izan naiz jaialdira. Eta, beraz, badut harreman berezia irla horrekin. Zer gertatu zen? Formenterako lagun bati kontatu nion bakarrik bizi diren emakumeak erretratatzen ari nintzela, eta hark esan zidan Formenteran emakume pila bat bizi zirela bakarrik. Eta nik ezer jakin gabe, irlara iritsi nintzenerako, paper txiki bat prest zeukan, sei izen eta sei telefono zenbakirekin. Formentera oso irla txikia da, hemeretzi kilometro dauzka puntatik puntara, eta ahoz ahokoaren bidez, bakarrik bizi diren emakume ugari ezagutu ditut. Pixkanaka, hango erretratuak indarra hartzen joan ziren, eta orduan, erabaki nuen Formenterako emakumeekin bakarrik gauzatzea erakusketa. Proiektu osoago baten barruan sortutako azpiproiektua da, beraz, Insuladas.

Zergatik jarri diozu Insuladas –euskaraz, isolatuak– izena egitasmoari?

Erakusketako protagonistak irla batean bizi diren irlak direlako, nahiz eta zubiak eraikitzen dituzten. Formenteran kokatu dut proiektua, baina baneukan beste leku batean kokatzea ere; izan ere, modu batera edo bestera, iruditzen zait denok bizi garela irla moduko batean. Bizimodua bakarka egitea erabakitzen dugunean, oso irla gara, eta horregatik izena du horrela proiektuak.

Zenbat argazki atera dituzu?

Formenteran 38 emakume erretratatu ditut, eta guztira, 4.500 argazki inguru atera dizkiet. Erakusketako hormetan bost emakume ikus daitezke, baina proiekzio bat ere badago, eta emakume gehiago ageri dira han. Galdetegian jasotako testigantzak ere jarri ditut argazkien ondoan. Bakarrik bizitzearen inguruan hartutako testigantzak dira, niretzako nahiko esanahi indartsuak dituztenak. Eta modu batera edo bestera, irla bera ere bada protagonista; emakumeekin egondako topaketeten ondoren, han piztutako sentipenekin, irlan paseoak ematera joaten nintzen argazki kamera hartuta, eta argazki gehiago egiten nituen. Irlan argazki asko egin ditut, ez dago horrenbeste argazki atera ditudan beste lekurik.

Hainbeste argazkiren artean, nola aukeratu batzuk eta kanpoan utzi besteak?

Nire ustez, kontatu nahi dudana gehien kontatzen duten irudiak aukeratu ditut. Kontaketa egiterakoan, sartu naiz emakume horien bizitza pertsonaletan, baina iruditzen zait hori ez dela hain inportantea. Dena den, insuladaren izaera horretan badaude niretzako gakoak diren ezaugarriak, hormetan dauden bost emakumeen argazkietan islatzen saiatu naizenak. Erdian dago niretzako askatasunaren irudia dena: Barbarak 83 urte ditu, eta emakume askea da; besarkada bat da haren irudia. Marga beti itsasoari lotuta egon da, eta ondoan itsasargi bat dauka; oso emakume konprometitua da, eta modu batera edo bestera, bada argia. Mariak 94 urte bete ditu orain gutxi, hamar seme-alaba ditu, eta bertako baserritarra da; niretzako sustraia da, sustraituta dagoen emakumea. Tania, berriz, borroka da; feminismoan oso inplikatuta dagoen emakumea. Azken argazkian, irlatik kanpora begiratzen du erretratatutako emakumeak; etorkizunari beldurrik gabe begiratzen dion pertsona bat da. Ezaugarri horiek denek osatzen dute insulada baten izaera; hori izango litzateke ideia orokorra.

Esaldi bat ere jarri duzu erakusketaren amaieran.

"Ez gaitzala ezerk definitu, ez gaitzala ezerk lotu. Askatasuna izan bedi gure berezko mamia". Simone de Beauvoirren esaldi bat da. Oso ondo definitzen du proiektua.

Zergatik ematen dizute atentzioa bakarrik bizi diren emakumeek?

Uste dut nire isla direla; horra joaten da nire begirada. Beste gauza asko ere egiten ditut, baina haiengan arreta jartzea barrutik ateratzen zaidan zerbait da, eta horregatik eman dut haiek ezagutzeko pausoa. Era berean, badauka aldarrikapen zentzu bat erakusketak: uste dut XXI. mendean badela garaia bakarrik bizitzea erabakitzen dugun emakumeok ez dugula ezer falta edo ez daukagula akatsik esateko. Horrelako bizimodua aukera daiteke. Proiektuko emakume gazteenak 23 urte dauzka, eta 94 zaharrenak. Jende gaztea nahiko libre sentitzen da bakarrik bizitzeko erabakia hartzeko, baina adin batetik aurrera, niri gertatu zaidan bezala, galdera askori erantzun behar diezu: "Zergatik bakarrik? Ez al daukazu bikotekiderik?". Eta ezagutu ditudan emakume batzuek badaukate bikotekidea, baina bakarrik bizi dira. Uste dut geuri ere sinetsarazi digutela bakarrik bizi garenez zerbait falta zaigula, akatsen bat dugula. Erakusketako emakumeek korrontearen kontra egin behar izan dute erabaki hori aurrera eramateko, eta horren kontra, zer egin? Haien bizimodua kontatu; horixe da egin nahi dudana. Elkarrizketatutako emakumeek gehien erabiltzen dituzten hitzak dira askatasuna, independentzia eta autonomia, eta nabarmentzen dute bakarrik egoteko beldurrik ez dutela. Denek daukate zerbait komunean, eta horixe da, independentzia edo askatasun hori. Uste dut badela garaia hori kontatzeko; emakume bat ez da zertan izan behar inoren alaba edo emaztea, baizik eta bera bakarrik, bere esentziarekin, bada bat eta osoa.

Zer ikasi duzu bidean?

Batetik, emakume oso indartsuekin egin dut topo, eta asko jaso dut haiengandik. Eta, bestetik, neure bizitzan dagoeneko barneratuta neukan ikasgai bat sendotu da proiektuarekin: Formenteran asko ematen da ahizpatasuna, sororitatea. Izan ere, han bizi diren asko kanpotik joandakoak dira, eta beren artean oso saretuta daude. Zergatik? Hara joaten zarenean eta familia eta lagunak atzean uzten dituzunean, nahi eta nahi ez sare hori berriro sortu behar duzulako, eta beren artean asko laguntzen dira. Hori ere ikasi dut bidean, sendotu egin behar dela sare hori. Formenteran ere jarriko dute erakusketa.

Ilusioa egingo zizun horrek, ezta?

Bai, sekulakoa. Irailaren 4tik 16ra bitartean izango da han ikusgai; data horietan insuladak beren etxera bueltatuko dira. Eta etorriko dira plaza gehiago; erakusketa mugitzea nahi dut, beste leku batzuetara ere eramatea. Adar gehiago ere etorriko dira; izan ere, nik ez dut itxitzat ematen proiektua. Erakusketa egindakoa erakusteko modu bat da, baina berez proiektua askoz zabalagoa da. Nire asmoa, hasieratik, liburu bat egitea izan da, eta beste salto bat izan daiteke dokumental bat egitea. Nire bizitzako proiektua da hau.

Zure autoerretraturik ez al duzu jarri erakusketan?

Ez, baina asko biluztu naiz; ez bakarrik argazkietan erakutsi dudanagatik, baita egiten ari naizen kontaketagatik ere. Argazkietan dauden emakumeak ere biluztu dira nirekin, baita ni beraiekin ere; erretratuak egiterakoan, nork bere bizitza mahai gainean jarri dugu, harreman bat sortu da... Nire partetik asko dauka proiektuak. Bost argazki horietan ni banago, eta hori asko kontatzea da. Nire autoerretraturik ez dago, baina nahiko autoerreferentziala da lana; neu ere bertan egotea gehitxo litzateke, baina uste dut ni ere hor nagoela.

MOTZEAN

Argazki kamera bat? Hasselblad 500 C/M.

Argazki bat? Emakumea banderarekin (Tina Modotti, 1928).

Nori aterako zenioke argazkia? Kamera aurrean jartzeko parapetorik jartzen ez duen edonori.

Galtzeko toki bat? Beti, Formentera eta Buenos Aires.

Argazkilari ona izateko sekretua? Kamerarik gabe ere, begirada entrenatzea.

Argazkilari bat? Isabel Muñoz.

Argazkiak ateratzeko eguneko momentua? Eguzkia sartu eta ordu erdira.

Zerk pozten dizu eguna? Argiak.

Irudi batek behar al du hitzik? Barrura heltzen bada, ez.

 

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide