Inklusioaren aldeko mural erraldoia margotzen ari dira Damason

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 13a, 15:53

Zapo Txoko zenaren horman ari dira Urdinduz ekimenaren bueltako horma irudia egiten. (Maialen Etxaniz)

Iñigo Borda artista ari da murala margotzen Urdinduz egitasmoaren bueltan eta Marea Urdinaren, Gautenaren eta Azpeitiko Udalaren ekimenez. Lehen Zapo Txoko zenaren horman ari da lanean artista azpeitiarra, eta bizpahiru asteren buruan amaitzea aurreikusten du. 

Azken egunotan ikusmina sortu du Damaso auzunean, zehazki Urola kalean, egiten ari diren mural erraldoiak. Iñigo Borda margolari azpeitiarra ari da murala margotzen, baina aldarria da margolanaren atzean ezkutatzen dena. Hain zuzen, inklusioaren aldeko horma irudia da Borda egiten ari dena, eta horren sustatzaileak dira Marea Urdina, Gautena eta Azpeitiko Udala. Sustatzaileek jakinarazi dutenez, apirilean egingo duten Urdinduz ekimenaren bueltan ari dira mural erraldoia margotzen.

Borda duela egun gutxi hasi zen margoketa lanetan, eta asteburuan gelditu gabe aritu da lanean. Azpeitiko artistak adierazi du bere asmoa dela bizpahiru asteren buruan murala amaituta izatea, baina "eguraldiak eragina" izango duela azaldu du. Marea Urdinako kideek eskerrak eman dizkiote udalari murala egiteko "prestutasunagatik eta emandako babesagatik".

Herria urdin kolorez margotzen

Urola kaleko murala ez da Urdinduz ekimenaren harira egiten ari diren ekintza bakarra; izan ere, dagoeneko urdin kolorez jantzi dituzte herriko hainbat txokotako balkoiak Urdinduz dioen banderolarekin. Autismoaren alde egingo den jaia da Urdinduz, eta Marea Urdinak eta Gautenak datorren ostegunean, martxoaren 16an, aurkeztuko dute egitasmoa. Bertan emango dituzte antolatutako ekintzei buruzko xehetasunak, eta aurkezpenera bertaratzen diren herritar guztiei banderola urdinak oparituko dizkiete. Osteguneko aurkezpen ekitaldia Sanagustin kulturgunean izango da, 18:00etan hasita. 

Zapo Txoko zenaren ondoko horman ari da murala egiten Iñigo Borda. (Maialen Etxaniz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide