Trikitilarien eta trikitizaleen topaleku bilakatuko da zapatuan Soreasu

Julene Frantzesena 2023ko mar. 14a, 15:50

Trikiti jaialdiaren sustatzaileak, trikitilariak eta udal ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Sanjosetako trikiti jaialdiaren XXXIII. edizioa izango da aurtengoa, eta hainbat eta hainbat trikitilarik parte hartuko dute 17:30ean hasiko den emanaldian. Oraindik ere badira sarrera bakan batzuk salgai.

Trikitixaren ganbara erakusketaren irekierarekin, herritarrak asteburuan hasi ziren San Jose trikiti jaialdirako motorrak berotzen, eta larunbatarekin iritsiko da trikitizaleentzat hain maitea den hitzordua. Hain zuzen ere, Soreasu antzokia trikitiaren plaza bilakatuko da zapatuan, 17:30etik aurrera; izan ere, trikitia eta panderoa izango dira protagonista jaialdiaren XXXIII. edizioan.

Trikitilari ugari igoko dira antzokiko agertokira: Aritz, Aitziber eta Anaitz; Eneko Arbeo eta Jon Izagirre; Eider eta Lierni Tolosa; Iñorkiñak; Garixe eta Maltzeta; nahiz Enaitz Alberdi, Amets Bilbao, Jokin Tolosa eta Ander Gorostiaga. Gainera, Traditions & Tradizioak emanaldia ere eskainiko dute Joshua Edelmanek, Ander Garciak, Xabi Arakamak eta Imanol Intxaustik. Iñaki Larrañaga izango da gonbidatu berezia. Jaialdirako sarrera bakan batzuk gelditzen dira oraindik ere salgai; horiek 13,5 euroren trukean eros daitezke Kulturaz kooperatibaren webgunean edota Sanagustin kulturgunean.

"Erraza ez bada ere", urtero, Sanjosetako trikiti jaialdian Soreasu antzokiko agertokian izan gabeak diren bikoteei eta taldeei parte hartzeko "aukera ematen" saiatzen direla azaldu du Ibon Errazu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko antolakuntzako kideak. Horri lotuta, plaza ezberdinetan ezagunak diren bikote batzuek jaialdian lehen aldiz parte hartuko dutela azaldu du. "Soinu txikiarekin eta panderoarekin batera, bestelako musika tresna batzuk ere entzun ahal izango dira, hala nola isats-pianoa eta kontrabaxua, Traditions & Tradizioak taldearen eskutik. Horiek soinu txikiaren doinuak jantziko dituzte".

Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kulturaz batzordeburuak eskerrak eman dizkie Euskal Herriko Trikitixa Elkarteari nahiz trikitiaren munduan aritzen diren eskualdeko herritarrei. Izan ere, haren hitzetan, trikitia Azpeitiaren eta eskualdearen "iraganaren eta orainaren parte garrantzitsua" da. "Iraganera begiratzea ezinbestekoa da, gaur oraindik duen indarra ulertzeko. Gure herriari, kulturari eta hizkuntzari erabat lotutako kultur disziplina da, eta gu beti ondoan izango gaituzue hori bultzatzeko". Sanjosetako jaialdiaren garrantzia ere azpimarratu du Albizuk: "Urteroko hitzordua da, hitzordu garrantzitsua trikitia gustuko dutenentzako, eta bertara joateko gonbidapena egiten diegu zaleei".

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari Agurtzane Elustondok azaldu duenez, "trikitiaren sentsibilitate eta behar desberdinei erantzuten" saiatzen dira urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldiekin eta egitasmoekin. "Sanjosetako jaialdia, berriz, publiko orokorrari zuzendutako ekitaldia izaten da, eta ikus-entzule helduak eta gazteak modu berean inguratzea lortzen dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide