Koloneko minbiziaren kontrako topaketa mediko gastronomikoa antolatu dute

Nerea Uranga 2023ko mar. 20a, 15:59

Azpeitiko Azoka Plaza.

Martxoaren 27an egingo dute jarduera, Azpeitiko Azoka Plazan, Elikagunean. Osasunarekiko kezka duten herritar guztiei zuzendutakoa dela azaldu du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak.

Martxoaren 31n Koloneko Minbiziaren Aurkako Eguna da. Egun horri lotuta, Azpeitian topaketa mediko gastronomikoa antolatu du martxoaren 27rako Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak. "Aurreko urteetan arrakasta izan dute era horretako jarduerek, eta berriro antolatzea erabaki dugu", azaldu dute antolatzaileek.

Topaketa mediko gastronomikoa datorren astelehenean, 18:00etan, egingo dute Azoka Plazan, Elikagunean. Sukaldari batek topaketara joaten diren guztientzako menu osasuntsua prestatuko du. Saioa Laura Mongelos Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko psikologoak gidatuko du eta Zumarragako Ospitaleko Digestio Zerbitzuaren buru den Ainara Iriartek parte hartuko du.

Antolatzaileek adierazi dutenez, topaketa mediko gastronomikoa osasunarekiko kezka duten herritar guztiei zuzenduta dago. Jarduera doakoa da, baina aurrez izena eman beharko da parte hartzeko. Izena emateko 943-45 77 22 telefono zenbakira deitu edota gipuzkoa@contraelcancer.es helbide elektronikora idatzi beharko da.

Topaketa mediko gastronomikoarekin lortu nahi dituen helburuak zeintzuk diren ere zehaztu du elkarteak: "Koloneko minbizia gizonei bakarrik eragiten dien gaixotasuna dela desmitifikatzea, gaixotasun horren kausa saihesgarriak ezagutzea eta gure osasunaz arduratzea dira helburuak".

Martxoaren 27an Elikagunean egingo duten jardueran, eguneroko dieta prestatzeko eta zaintzeko jarraibide osasungarriak emango dituzte. "Bertaratutako pertsonen aurrean menu bat prestatuko da, eta horrez gainera, detekzio goiztiarreko proben garrantzia azpimarratuko da", azaldu du elkarteak.

Koloneko minbizia gehien

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen 2022ko minbiziaren behatokiaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diagnostikatutako minbizi mota gehienak kolon ondestekoak –%14,54–, prostatakoak –%12,44– eta bularrekoak –%11,59– izan ziren.

Elkartearen arabera, ikerketa eta prebentzioa "ezinbestekoak" dira minbizia sendatzeko. Horregatik, elikadura orekatua izatea, tabakoa eta alkohola bezalako toxikorik ez hartzea eta ariketa fisikoa egitea nabarmendu ditu, patologia horren kontrako "prebentzio faktoreak" direlako.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide