Azpeitiko Udalak "babesa" agertu die Pasaiako segadan hildako kideen senideei

Julene Frantzesena 2023ko mar. 24a, 09:54

Azpeitiko Udalak loreak utzi zituen herenegun Pasaiako segadan hildakoen oroimenezko oroitarrian. (Julene Frantzesena)

Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Unesco katedrak egindako txostenarekin izan duen jarrera tarteko erakutsi die Udal Gobernuak babesa Pasaian hildakoen senideei. Halaber, udala Pasaiako segadaren kasuan akusazio partikularra bada ere, txosten hori ez duela jaso salatu du. Hildakoen senideek biharko deitu duten ekitaldian eta astearteko

"Eusko Jaurlaritzaren aldetik jaso duten tratuaren aurrean", Azpeitiko Udalak "babesa" agertu die Pasaiako segadan hildako kideen senideei. Herenegun bete ziren 39 urte Espainiako segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztela Pasaiako badian. Hain zuzen ere, Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituzten 1984ko martxoaren 22an Pasaian.

Hildakoen familiako kideek herenegun eman zuten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Unesco katedrak egindako txostena baten ondorioen berri. Senideen arabera, duela hiru urte gauzatu zuen txostena EHUk, eta han kasuaren inguruko zenbait datu eta argibide jaso dituzte. Udalak azaldu duenez, datu horiek "oso garrantzitsuak" dira, familientzat ez ezik, udalarentzat ere.

Erakundeak gogorarazi duenez, Azpeitiko Udala hasieratik aurkeztu zen akusazio partikular gisa Pasaiako segadaren kasuan, gertatutakoa argitzea herri interesekoa dela iritzita. Dena den, Eusko Jaurlaritzak EHUk egindako ikerketaren txostenik ez diola bidali salatu du udalak. "Beste giza eskubide urraketa guztietan bezala, Pasaian hil zituztenen kasuan ere gertaturikoaren inguruan egia jakitea aldarrikatzen du udalak, ondoren justizia eta erreparazio bideak egiteko".

Pasaian gertatutakoa oroitzeko, bihar, zapatua, Azoka Plazan izango den ekitaldian (19:00) eta asteartean Donostian, Gipuzkoako Auzitegi Nagusiaren aurrean, izango den elkarretaratzean (10:00) familiaren ondoan izango dela adierazi du Udal Gobernuak, eta herritarrei bi deialdietan parte hartzeko deia egin die erakundeak.

Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak berriz ireki du Pasaiako segadaren auzia, eta auzitegi horrek 1984ko martxoaren 22an Pasaian izan zen polizia operazioan parte hartu zuten zazpi polizia deitu ditu. Hain zuzen, Joseba Merino –segadatik bizirik atera zen kide bakarra– deitu du aurrez aurreko identifikazio proba egitera auzitegiak, lau militanteen hiltzaileren bat identifika dezakeen ikusteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide