Probatzeko hasi, eta 36 urte

Nerea Uranga 2023ko api. 15a, 09:15

IƱaki Alkorta, Mendizaleen tabernan. (Nerea Uranga)

1987ko urtarrilean hartu zuen Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernaren ardura Iñaki Alkortak. Azken 34 urteotan Juan Kruz Aginagalderekin batera atera du aurrera tabernako lana. Karnabalen ondoren, erretiroa hartu eta Mendizaleen tabernako lana utzi egin zuten. Mendizaleek ez dute taberna itxiko, arduradun berriek hartuko dute beren gain haren kudeaketa. 2023ko martxoko Uztarria aldizkarirako landutako erreportajea da honakoa.

Elkarrekin hitz egin behar zutela eta, afaritarako hitzordua jarri zioten Lagun Onak Mendi Bazkunaren zuzendaritza batzordekoek Iñaki Alkortari (Azpeitia, 1954). 1986. urtearen hondarra zen. Ordura arte, Etxe Zurinekoan jardun zuen zerbitzari Alkortak, baina 1986ko abenduaren bukaeran eskuz aldatu zen taberna. "Iñaki Orbegozo Txitxa, Jesus Rezabal Munatxo eta Iñaki Portilla etorri zitzaizkidan hitz egiteko afaria egitea proposatuz. Mendizaleen soziedadearen ardura Esteban Kanposek zuen, baina hura lagatzekotan zela eta, elkartearen tabernaren ardura hartzea proposatu zidaten haiek".

"Asko pentsatu gabe" proposamena onartu eta 1987ko urtarrilean hartu zuen mendizaleen elkartearen Elizkaleko tabernaren ardura Alkortak. Aurretik ere bazuen eskarmentua tabernako barraren atzeko lanetan. "Beti Alai taberna zenean lanean jardundakoa nintzen anaiarekin, Bergaran ere bai taberna batean bi urtez, eta Etxe Zurinekoan sei urte egin nituen. Tailerrean ere jardun nuen, baina gutxi; ikasketak bukatu ostean hamasei-hamazazpi hilabete inguruan. Gainontzean, beti tabernan egin dut lana". Mendizaleen tabernan Ina Epelderekin hasi zen lanean. "Inarekin Etxe Zurinekoan jardun nuen aurretik, eta pare bat urte egin zituen Mendizaleenean lanean. Hark utzi eta Txapela [Juan Kruz Aginagalde] hasi zen; harekin 34 urte egin ditut".

Elkartearen tabernaren funtzionamendu aldaketa Alkortaren lehen urteetan egin zen. Soziedade tankeran funtzionatzen zuen ordura arte, eta tabernako martxa eman zioten Alkortak eta Aginagaldek. "Elkartearen zuzendaritza batzordekoek pixka bat aldatzea nahi zutela adierazi zidaten, taberna gisa jartzea eta bizi pixka bat ematea. Bi afari egin genituen elkarrekin, eta proba egingo nuela esanda hasi nintzen". Garai hartan, arratsaldeko seiak aldera irekitzen zuten taberna, eta zabaldu orduko hasten zen jendea elkartzen. "Zahar jendea etortzen zen. Ardo botila hartu, kaxuelitaren bat-edo ekartzen zuten prestatuta, hura berotu eta mahaiaren bueltan jarrita egoten ziren mokadua eginez. Sukaldeak soziedade gisa funtzionatzen zuen hasieran, eta gure lana tabernako martxa eramatea zen; jendeak kanpotik ekartzen zuen jatekoa. Gero, pixkanaka aldatzen joan ginen; taberna estilora hasi ginen martxan, geuk jatekoa prestatuz eta taberna jendearentzako zabalduz", gogoratu ditu Mendizaleen tabernako lehen urteak Alkortak.

Lehen urteetan aldaketak izan baziren ere, urteen poderioz "taberna kontua itxuragabe" aldatu dela dio Alkortak. "Orduan egunero zegoen zerbait; astegunetan mokadu bat egitera etortzen zen jendea edota karta jokora. Txikiteoa ere izaten zen. Gaur egun, ordea, astegunetan ez dago ez txikiteorik, ez gainontzekorik. Lehen Elizkalean bertan Uztarrinekoa ere bazen, baita Egurtzanekoa ere, eta mugimendu gehiago izaten zen; egun, baina, kalearen barrenean Mendizaletakoa bakarrik gelditzen da. Eguraldi txarrarekin jendeak gutxiago irteten du kalera, eta onarekin, berriz, terrazetan jartzen da, eta kitto! Lehen astegunetan ere berandura arte izaten genuen taberna zabalik, baina azken aldian 22:30erako itxi egin izan dugu, eta lehenago ere itxi zitekeen".

Astegunetan, hiletek piztu izan dute Mendizaleen tabernako bizitza. Parrokia gertu, hiletaren bat izan denean antzeman izan dutela azaldu du Alkortak. "Herriko jendeak ohitura handia du hiletara joan aurretik eta haren ondoren zerbait hartzera Mendizaleen tabernara joateko. Noren hileta den ere antzeman izan dugu pixka bat; izan ere, hiletara datorrena kanpokoa baldin bada, Etxe Zurinera-eta gehiago joaten da. Tristea da esatea, baina hiletak direnean jende pixka bat ikusi izan dugu tabernan, baita urteurreneko mezak izaten direnean ere".

Alkortaren ustez dena aldatu da urteen poderioz, baita beraiek ere. "Gu geu ere zahartzen ari gara, eta normala den bezala gazteek beren tokiak dituzte. Dena aldatu da. Gure adinekoak astegunean kalean ikustea oso arraroa da, ezinezkoa. Lehen beste bizimodu bat zegoen kalean, beste bizipoz bat; garai batean, jendea lanetik tabernara joaten zen zuzenean, egunero-egunero".

Asteburuetan buru-belarri

Astegunetan ez bezala, asteburuetan eta festetan lana franko egin izan dute Alkortak eta Aginagaldek Mendizaleen tabernan. Ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan eman izan dute jaten,"afariak bakarrik". Bezero fidel asko izan dituzte, eta gustura dago horrekin Alkorta. "Asko dira behin eta berriro errepikatzen dutenak; asko gazteak dira. Noski, kalea bertan gelditzen zaie; bertatik bertara daude mokadu bat egin eta parrandarako. Gainera, atzetik datozen gazte askok ikasi dute Mendizaleen tabernarakao bidea. Bezeroei dagokienez, ez daukagu zertaz kexatu. Jaten emateko kontuarekin egin dugu aurrera guk, baina zahartu egin gara eta erretiratu egingo gara, eta orain tabernari musikarekin-eta helduko dion gazte jendea jarri behar da". Asteburuak "fuerteak" izan ohi dituzte, eta denbora gutxian "tratua" hartu behar izan dutela dio. "Horrelakoetan, minak eta nekeak ahaztu eta aurrera egin behar da, zer erremedio".

Festa kontua ere asko aldatu da Alkortaren arabera, baina kanpotik herriko festetara jende asko etortzen denean, herritarrek Mendizaleenera joateko joera dutela esan du. "Herriko jendeak badaki lokala handia dela, zabala, dantzan eta saltoka ibiltzeko aproposa. Festetan dena bete izan da herriko jendearekin". Urteko egun guztietan zabaldu izan dute taberna, egun bakar batean ere itxi gabe. Azken hiru urteetan, ordea, Gabonetan pare bat egunetan atseden hartu dute. "Oraintxe dela hiru urtera arte, grebaren bat deituta zegoenean bakarrik ixten genuen taberna; gainontzean urte guztian irekita edukitzen genuen. Azken hiru urteetan, baina, Eguberri egunean eta Urteberri egunean egun guztirako itxi dugu, familiarekin bazkaltzeko", kontatu du. Konfinamendua ezagutzea ere egokitu zaie, ordea, eta taberna itxi beharra. "Itxialdia egur galanta izan zen denontzat, baina ostalariontzat itxuragabea".

COVID-19ak eragindako pandemia aurretik hasita zeuden kaleko eta tabernako kontuak aldatzen Alkortaren arabera. Dena ez du horrek eragin, haren aburuz: "Areagotu bai, baina eragin ez. Jendea errazago gelditzen da etxean. Internetarekin dena eskura du jendeak. Garai batean, telebistan itxurazko futbol partida bat ematen zutenean, jende piloa etortzen zen tabernara, bai Reala ikustera, baita beste talderen baten partida ere. Orain, Internetarekin sakelako telefonoan ere ikus dezakete neurketa". Gabonetan "arrakasta handiko" mus txapelketak antolatu izan dituzte tabernan Alkortak eta Aginagaldek: Gabon egunean bata eta Urtezahar egunean bestea. Jendeak muserako zaletasun handia zuela ikusita, txapelketak antolatzea erabaki zuten orain dela 30 urte edo. Aurreneko urteetan, ostiraletan hasi ziren txapelketak egiten Mendizaleen tabernan, eta "txapelketa ona" antolatzea otu zitzaien gero. "Gabonetako mus txapelketetan 90-100 bikote inguruk parte hartu izan dute; arrakasta ikaragarria izan dute hitzordu horiek". Azkena aurreko Gabonetan antolatu zuten. "Azken edizioan inoizko parte hartze txikiena izan da; 78 bikote aritu ziren lehian. Asko da, baina normalean Gabon eguneko txapelketan 82-84 bikote elkartu izan dira, eta Urtezaharretakoan, berriz, 120 bikotera ere iritsi ginen behin. Kanpotik ere jende asko etorri izan da musera".

Lan handia da horrelako mus txapelketa bat antolatzea, eta enpazteko 70 bikotek parte hartu behar dute gutxienez, Alkortaren arabera. Dena den, "pena merezi" duen lana dela uste du. "Askotan, gure artean txantxetan komentatu izan dugu taberna utzi eta mus txapelketak antolatzera dedikatu beharko genukeela; jendea orduan aspertu egingo litzateke baina...". Gaur egungo gazteen artean muserako zaletasuna badagoela dio: "Muslaria zaharra zela esaten zen, baina orain gaztea ikusten da musean ikaragarri, baina batik bat txapelketetan, bestela ez hainbeste".

Mendizaleen tabernaren sarrera. (Nerea Uranga)

Mendizale elkartearen egoitza

Azpeitiko mendizale elkartearen egoitza da taberna; 1973ko abenduaren 16an zabaldu zuen Lagun Onak Mendi Bazkunak gaur egun Elikalean duen lokala. Alkortak tabernan jardun duen urteetan, elkarteak antolatutako ekintzekin izan du lotura. Mendi irteeretako izena emateko tokia izan da taberna, eta hainbat mendi astetako proiekzioak edota hitzaldiak egin izan dituzte han. "Egun, mendi irteeratarako izena Internetez eman ohi du jendeak, baina orain dela urte batzuk jende asko etortzen zen tabernara ordaintzera edota telefonoz deitzen zuen. Dena den, oraindik bakarren batzuk etortzen dira izena ematera edota galdetzera", azaldu du tabernariak. Gainera, Lagun Onakek tabernaz gain, egoitza ere badu leku berean, baina banatuta.

Karnabalen ondoren utzi zuten Alkortak eta Aginagaldek Mendizaleen tabernaren ardura, eta arduradun berriak hartuko dute haien lekukoa. Azken 36 urteetan tabernaz arduratu denak erretiroa hartuko du, baina mendizaleen elkarteak taberna ez du itxiko. Probatze aldera hasitako lana hiru hamarkada eta erdikoa izan da Alkortarentzako. Lan horrek badu alde onik haren ustez: "Herritarrekin duzun harremana da tabernako lanaren alde ona. Batzuetan, ordea, apaizaren edota psikologoaren lana egitea ere egokitu izan zaigu. Gogorra da lana, baina entretenigarria. Denborarekin, adinak ere eraginda, eta gauza nola aldatu den ikusita, ilusio gutxiagorekin jardun dut".

Erretiroa hartuta ere, zer egina topatuko duela dio Alkortak. "Garai batean ibiltzera dezente joaten nintzen, eta hori utzita daukat. Anaiak aurrekoan hala esan zidan: 'Hi nirekin hasi pantanoari-eta bueltaka'. Mendizaleetako tabernako barra utzita, asmatuko omen du denbora zertan pasatu, horretan ez du zalantzarik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide