Apirilaren 2an izango da Udaberriko Argazki Rallya

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 27a, 15:00

Iazko Udaberriko Rallyko argazki bilduma oneneko argazki bat. (Adiel Zabala)

Izen ematea rallyko egun berean egin beharko da, 09:00etatik 09:30ra bitartean, hamar euro ordainduta, Azpeitiko Argazki Elkartearen Dinamoa sormen guneko egoitzan.

Udaberrian sartuta, Azpeitiko Argazki Elkarteak Udaberriko Urola Bailarako XLIV. Argazki Rallya antolatu du. Aurtengo rallya apirilaren 2an, igandea, izango da. Izen ematea, beti bezala, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan egin beharko da –Soreasuko Dinamoa sormen gunean–, rallyko egun berean, 09:00etatik 09:30era bitartean, hamar euro ordainduta. Kamera digitala eta memoria txartel huts bat duen edonork parte har dezake rallyan.

Aurten ere Azpeitian bertan izango da rallyaren ibilbidea. 14:00etan bukatuko da egitasmoa, eta argazkilariek Dinamoko egoitzan hustu beharko dituzte txartelak 13:00etatik 14:00etara bitartean. Gehienez, pertsona bakoitzak 36 argazki izan beharko ditu txartelean gordeta, kontroleko argazkia barne. Argazkiak ezabatu ahal izango dira, baina ezingo dira manipulatu, eta ordenagailuaren erabilera debekatuta dago. Puntuak banatzerakoan, irudien berezkotasuna, sormena eta teknika izango ditu kontuan rallyaren epaimahaiak.

Rallyaren hasieran antolatzaileek proposatuko dituzten gai bakoitzeko argazki bat aukeratu beharko dute partaideek, eta 2022ko apirilaren 6a baino lehen bidali beharko dituzte aukeratutako argazkiak, posta elektronikoz argazkiakaae@gmail.com helbidera, partaidearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakiak adieraziz.

Sari banaketa eta emanaldia apirilaren 15ean

Epaimahaiaren erabakia jakin ondoren, argazki guztiekin argazki emanaldia eskaini eta rallyaren sari banaketa egingo du Azpeitiko Argazki Elkarteak Dinamoan, apirilaren 15ean, 18:30ean hasita. Saritutako argazkiak antolatzaileen esku geldituko dira, eta egoki irudituz gero, horiek erabiltzeko eskubidea izango dute, egilearen izena aipatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide