Viktoria Eugenia antzokiko txalo artean jaso dute Donostia saria Olaizolak, Gaztañagak eta Eliasek

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 28a, 15:15

Atzo arratsaldean jaso zuten Donostia antzerki saria Erika Olaizola azpeitiarrak, Amancay Gaztañaga zestoarrak eta Iraia Elias zarauztarrak, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanagatik.  Kamikaz kolektiboko hiru kideek 2021ean estreinatu zuten obra.

"Sentipenez beteta, oso eskertuta eta oso pozik". Horrela agertu ziren atzo Kamikaz kolektiboko Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias XXIII. Donostia antzerki saria jaso berritan. Eskualdeko hiru emakumeen lana saritu du aurten epaimahaiak, eta atzo, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, egin zuten sari banaketa ekitaldia Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Jende ugari bertaratu zen saritutako obra ikustera, eta Olaizolaren, Gaztañagaren eta Eliasen lana aitortzera. Sari gisa 12.000 euro eta Ramon Zuriarrainen artelana jaso ditu Kamikaz kolektiboak.

Saria jaso berritan hitza hartu zuten hiru artistek, eta esker hitzan izan zituzten inguruan izango kideentzat: "Eskerrak Kulturaz kooperatibari, baliabideak eskaintzeagatik, lantaldeari uneoro laguntzeagatik eta gure harrikada posible egiteagatik, eta, noski, familiari, sormen prozesua eta prekarietatea maitasun osoz sostengatzeagatik", adierazi zuten. Era berean, saritutako obra antzokietara eramatea posible egin duten programatzaile guztiei ere eskerrak eman zizkieten hiru aktorrek. 

Donostia antzerki sariaren antolatzaileek azaldu zutenez, epaimahaiak balio handia eman diola Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi sorkuntza propioa izateari, eta, batik bat, antzezleek beraiek bideratutako sorkuntza prozesua izateari. Antzezleek egindako lana nabarmendu du epaimahaiak: "Indarrez, umoretsu eta irudimenez beterik taularatu dute obra, eta edozein ideia eszeniko agertoki gainean gauzatu daitekeela erakutsi dute".

Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obra 2021ean estreinatu zuten Kamikaz kolektiboak eta Ttak teatroak, elkarlanean. Orduz geroztik hainbat izan dira antzezlanak jaso dituen aitortzak. Esaterako, Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketetako publikoaren saria ere hark jaso zuen.  2020an Netflix plataforman entzutetsu egin zen Bridgerton telesaila izan zen hirukoteak obra sortzeko inspirazio iturri: "Garai batean girotuta dagoen telesaila da, baina nahi du moderno ukitua izan, emakumeak ahalduntzeko halako intentzio bat du. Ohartu ginen, ordea, rolei lotutako betiko egiturei jarraitzen ziela ikus-entzunezkoak", adierazi du Olaizolak. Telesail horretan jasotakoak bidea ireki zien fikzioaren eta rolen inguruan hamaika galdera egiteari: "Zer ikusten dugu guk, eta zer ikusten du jendeak? Nola eragiten du fikzioak gure izateko eran, harremanak eraikitzeko moduan?". Umoretik edaten duen obra da, baina kritika eta aldarria uztartu ditu. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide