Delinkuentziak Azpeitian gora egin duela eta, langile falta salatu du Esan sindikatuak

Andoni Elduaien 2023ko mar. 31a, 09:56

Udaltzaingoaren ibilgailuak Plaza Txikian, herriko poliziaren bulegoen atarian. (Mailo Oiarzabal)

Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, delinkuentzia kasuak %45,8 handitu dira Azpeitian. Egoera horren aurrean, Esan sindikatuak "kalitatezko zerbitzua" aldarrikatu du Azpeitiko Udaltzaingorako. 

Segurtasun Sailak argitaratutako datuei erreparatuta –Ertzaintzak eta Azpeitiko Udaltzaingoak jasotako datuak biltzen dituzte horiek–, Esan sindikatuak salatu du Azpeitian delinkuentzia kasuak ugaritu egin direla.

Eman dituzten datuen arabera, iaz, 2021ean baino %295 handiagoa izan ziren indarra erabiliz egindako lapurreten kasuak; batez ere, etxebizitzetan egindako lapurretak nabarmendu ditu sindikatuak, %200 igo baitziren. Saltokietako lapurretei dagokienez, berriz, %733 igo dira urtebetean. Esan sindikatuaren ustez, lapurretan gaiak "kezka" sortzen dute herritarren eta Azpeitiko Udaltzaingoa osatzen duten agenteen artean. Azpeitiko Udaltzaingoak soilik bildutako datuei begiratuta, delinkuentzia kasuen gorakada are nabarmenagoa da, %900 igo baitira.

Sindikatuak adierazi du "beharrezkoa" dela Udaltzaingoa "Azpeitiko herriaren beharrizan sozialetara egokitzea", eta horretarako, langileen kopurua handitzea eskatu dute. "Hori funtsezkoa da, are gehiago gaur egun Azpeitian Udaltzaingorako dauden plaza guztiak betetzen ez direla kontutan hartuta".

Delinkuentzia kasuak, gora

Segurtasun Sailak emandako datuen arabera –Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren datuak biltzen dituzte datuok–, delinkuentzia kasuak %45,8 handitu dira Azpeitian. Esan sindikatuak "erabateko zentzugabekeriatzat" hartu du hori. "Herritarrengan sortzen duen segurtasun-ezaren sentsazioa da". Udaltzaingoak jasotako datuei soilik erreparatuta, berriz, delinkuentzia kasuak %83,7 hazi dira, eta horrek "agerian" uzten du Azpeitiko Udaltzaingoa indartzeko beharra. "Zentzu horretan, Esan sindikatua aktiboki eta pasiboki saiatu da Udal Gobernu taldearekin bilerak egiten, eta hark ez du bilerarik onartu. Ildo berean, erakunde sindikalak Udaltzaingoko langileen egoera salatu du, gero eta lan-karga handiagoa baitute, delitu-estatistikek erakusten dutenez". 

Esanek "kalitatezko zerbitzua" aldarrikatu du Azpeitiko Udaltzaingorako. "Ezin da onartu duela hogei urteko eragile kopuru berarekin Azpeitian gaur egun dauden gizarte erronkei aurre egitea. Prebentzioaren aldeko apustua egin behar da, eta horretarako, patruila moduko agenteek egon behar dute kalean".

Era berean, emakumeen aurkako indarkeriaren arloan udalak abian jarritako neurriak azpimarratu ditu sindikatuak; izan ere, delitu kasu horiek ere "modu kezkagarrian areagotu" dira. "Esanek positibotzat jotzen ditu udalaren neurriak, baina horiek asmo handiagokoak izan behar dute, eta lehentasuna eman behar zaio prebentzioari, hau da, erasoaren aurreko lanari. Horretarako, prebentzio erantzunik azkarrena bermatu behar da, udaltzainak bertan egonda, erasoa bera saihestuz".

Horren haritik, sindikatuak jakinarazi du Azpeitiko Udaltzaingoak tratu txarrak jasaten dituzten 40 emakumeri alta eman diotela polizia aplikazioan, eta kasu batzuk "patruila bakar batekin edo patruilarik gabe" artatu behar izaten dituztela. "Jarrera hori ez da batere arduratsua Udal Gobernuaren aldetik, jakinda Azpeitiak 69 kilometro koadroko azalera duela". Halaber, Azpeitiko Udaltzaingoak dituen instalazioen egoera ere salatu du sindikatuak. "Emakumeek ez dute aldagela propiorik, eta bionbo batek gainerako langileengandik banatzen duen gune batean aldatu behar izan dute". Egoera hori "onartezina" da sindikatuarentzat, eta herrian dauden beste instalazio Udaltzaingoarentzat egokitzeko eskatu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide