2022ko udal kontuak itxita, Azpeitiko Udalaren "egoera ekonomikoa ona" dela azaldu dute

Nerea Uranga 2023ko api. 4a, 15:11

Atzoko udalbatzarreko une bat. (Azpeitiko Udala)

Apirileko ezohiko udalbatzarrean Azpeitiko Udalaren egoera ekonomikoaren eta finantzarioaren berri eman dute, eta aurtengo udal aurrekontuan kreditu aldaketa egitea onartu dute aho batez, iazko aurreikusitako hainbat proiektu urte honetan bertan gauzatuko dituztelako.

Atzo egin zuten apirileko ezohiko udalbatzarra, eta landutako gai guztiak aho batez onartu zituzten EH Bilduko nahiz EAJko zinegotziek. Besteak beste, Azpeitiko Udalaren egungo egoera ekonomikoaren eta finantzarioaren berri eman zuen Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak, eta nabarmendu zuen, gaur-gaurkoz esku artean dituzten datuak kontuan hartuta, "egoera ona" dela udalaren 2030 Plan Estrategikoan jasotako proiektuak gauzatu ahal izateko.

Martxoaren 29an egindako Ogasun Batzordean landu zuten udal ordezkariek udalaren 2022ko kontuen likidazioa, eta batzorde horretan landutakoaren berri eman zuen Goenagak atzoko udalbatzarrean. "Izurriteak eragindako osasun krisiaren ostean, krisi energetikoa etorri da, eta ondorioz, prezioen hazkunde etengabea. Horrek guztiak zuzeneko eragina izan zuen 2022. urtean", adierazi zuen. Dena den, udalak esku artean dituen datuak kontuan hartuta, Azpeitiko Udalaren egoera ekonomikoa "ona" dela nabarmendu zuen Ogasun batzordeburuak, eta udalari aurrera egiteko "egonkortasuna eta indarra" ematen dizkiola. Goenagaren arabera, 2030 Plan Estrategikoan jasotako proiektuak gauzatzeko berme handia du udalak, eta hori horrela da azken urteetan baliabide publikoak "eraginkortasunez eta arduraz kudeatu" dituztelako.

"Gastuen %72 gauzatuta"

2022ko udal aurrekontuen likidazioa ere zehaztu zuen Goenagak udal bilkuran. Iazko urtea hasterako Azpeitiko Udalak 21.745.228 euroko aurrekontua onartu zuen, baina urteak aurrera egin ahala hainbat ditu partida igo egin behar izan zituzten "hainbat inbertsio indartuta eta prezioen gorakadak behartuta"; ondorioz, 2022ko behin betiko  udal aurrekontua 33.129.706 eurokoa izan zen.

Iazko udal kontuetan aurreikusitako gastuen %72 gauzatu dituztela azaldu zuen Goenagak, eta horri lotutako hiru arrazoi azaldu zituen: "Horniduren kostuaren igoerak eragina izan du gastu arruntean eta zerbitzuetan; langileen gastuan gauzatze maila altua izan da; eta inbertsio errealei dagokionez, urtearen bukaeran %39koa izan arren inbertsioen gauzatzea, esleitutako inbertsioen zenbatekoa %77 izan zen". Guztira, 8.678.599 euroko inbertsioa egin zuen iaz udalak; 2021. urtean baino 3 miloi euro gehiago. Iaz udalak gauzatutako hainbat inbertsio ere aipatu zituen Ogasun batzordeburuak: skate parkea, Udal Gizarte Zerbitzuetako bulego berriak, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko gimnasioa berritzea, Soreasuko soinuaren eremua, Telefonika zaharraren eraikina eraberritzea, Udal Kiroldegiko aldageletako lanak nahiz Sanjuandegiko eta Arana Goikoako urbanizazioa eta irisgarritasuna hobetzeko obrak.

Iazko udal aurrekontuetan jasotako hainbat inbertsio urtearen bukaerarako esleitu zituen udalak, baina aurtengo urtean egingo dituzte. Ondorioz, inbertsio horiek aurtengo udal aurrekontuari atxikitzea erabaki zuten udal ordezkariek. Proiektu horietako batzuk dagoeneko hasita daude, eta honako hauek direla zehaztu zuen Goenagak: Sistiaga Errekako errepidea konpontzea (420.000 euro), Sanjuandegiko skate parke zaharra berrurbanizatzea (420.000 euro), Matxinada kaleko zubia birmoldatzeko lanak, Arana Goikoako irisgarritasuna hobetzeko obrak (270.000 euro), asfaltatzeko eta pintatzeko hainbat lan (410.000 euro), haur parkeak konpontzea eta hiru eremu berritzea (150.000 euro), Soreasu eraikinean Juan Antxieta Musika Eskola egokitzeko lanak (milioi bat euro), Azoka Plazan eta Soreasun eguzki plakak jartzea (300.000 euro) eta kaleko argiteria LED sistemara egokitzea.

2022ko kontuetako gastuak nola, sarrerak ere "ondo" bete dira Ogasun batzordeburuaren arabera: "%70 bete dira". Esaterako, Foru Funtsaren kopurua aurreikusitakoa baino %3,5 handiagoa izan zela zehaztu zuen. Gastuak eta sarrerak kontuan hartuta, 2022ko udal aurrekontuaren "gauzatze maila altua" izan zela azpimarratu zuen Goenagak: "Sarrera eta gastuen arteko aldea, diruzaintza gerakina kontuan hartu gabe, negatiboa izan da, baina aurrekontu emaitza doitua 3.276.728 eurokoa izan da".

Udaleko kontu hartzaileak egindako txostenean jasotakoa ere ekarri zuen gogora atzoko udal bilkuran Goenagak: "Azpeitiko Udalak aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua betetzen dituela".

Egun Azpeitiko Udalak duen zor bizia %3,88 da, Goenagak zehaztu zuenez: "Azpeitiaren adinako udalen zor biziaren batezbestekoa %12 ingurukoa da". Gaur-gaurkoz Azpeitiko Udalak amortizatzeko mailegu bakarra duela erantsi zuen Ogasun batzordeburuak:"Miloi bat eurokoa da mailegua, eta 2027 urtean likidatuko da". Diruzaintzako gerakina, guztira, 17 milioi eurokoa da. Dena den, gerakinaren zati bat "hainbat konpromisori lotua" dagoela zehaztu zuen Goenagak, eta beraz, udalaren gastu orokorretarako diruzaintza gerakina 12.334.278 eurokoa da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide