Jendetza batuta hasi du lurrun trenen denboraldi berria Burdinbidearen Euskal Museoak

Nerea Uranga 2023ko api. 6a, 16:56

Gaur hasi du 2023ko denboraldia, eta gaurtik astelehenera bitartean, lurrun trenean hamar zirkulazio berezi eskainiko ditu; alegia, egunero gutxienez bi irteera.

Jende ilarak sortu dira gaur eguerdian eta arratsaldean Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan. Gaur hasi du museoak lurrun trenen denboraldi berria, eta gaurtik apirilaren 10era artean, museotik Lasaoko tren geltokira artean lurrun trenean hamar zirkulazio eskainiko ditu, gutxienez. Gaur, esaterako, goizeko trena goraino bete da jendez, eta arratsaldean bi joan-etorri eskainiko dituzte.

Euskal Burdinbidearen Museoa goiz eta arratsaldez egongo da zabalik astelehenera bitartean: 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara. Lurrun trenaren irteerak honakoak dira: 11:00etan eta 16:30ean.

Aste Santuaren ondoren, lurren trenaren irteera larunbatero izango da azarora bitartean, eta irteerak 12:00etan eta 17:30ean izango dira; igandeetan eta jaiegunetan, berriz, 12:00etan izango du trenak irteera.

Euskotrenen arabera, Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik "onenetakoa" du bere instalazioetan, eta mota askotako ibilgailuak biltzen ditu: lurrun tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta hainbat bagoi mota. "Horrez gainera, Euskadiko makina erreminta multzorik osatuenetako bat eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu", azpimarratu du Euskotrenek.

Erakusketa, gerraz eta frankismoaz

Burdinbidearen Euskal Museoan gerra zibilean eta frankismoan esklabo gisa erabilitako bortxazko lanen biktimen omenezko erakusketa bat ere ikusgai dago. Erakusketak 1937tik aurrera, diktaduraren zati handi batean, milaka gerrako preso eta, ondoren, preso komun herriak, azpiegiturak, errepideak, urtegiak edota trenbideak eraikitzeko erabili zituztela erakusten du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide