Erretratua

Antonio Urbieta: "Gauza asko ikusten ditugu, guk ere badugu aitorpen-sekretua"

Elena Margüello 2023ko api. 16a, 12:00

(Ilustrazioa: Olatz Alkorta)

Zerbitzari lanetan hasi bazen ere, autobuseko gidariaren eserlekuan ezagutu du hainbat eta hainbat azpeitiarrek Antonio Urbieta. Gaur egun, bere ahotsa ere ezaguna zaie Euskadi Irratiko entzuleei. 2013ko martxoko Uztarria aldizkarrirako landutako erreportajea da honakoa.

Antonio Urbieta (Azpeitia, 1967) gidariak hainbat eta hainbat azpeitiar eraman ditu hara eta hona urte luzez. 18 urtera arte ikasten jardun ondoren, ikasten jarraitzeko "gogorik ez" zuela esan zion aitari, eta hark, orduan, lanean hasi beharko zuela erantzun zion. Horrela, Garmendipe tabernan zerbitzari lanetan hasi zen Urbieta. Urtebetera, baina, Ondarbide taberna alokairuan hartzeko aukera "suertatu" zitzaion, eta bertan ezagutu zituen garai hartako Escudero autobusetako Joxe Antonio eta Maixabel: "Tabernako bezeroak ziren, eta zerbitzari lanak egiten jarraitzen nuen bitartean, autobuseko eskolako zerbitzuak egingo al nituen aipatu zidan Maixabelek".

Modu horretan hasi zen Urbieta gaur egun bere lanbide den horretan lehenengo urratsak egiten. Ondarbiden bost urtez zerbitzari lanak egin ondoren, eta kiroldegiko tabernan beste zazpi urte gauzatuta, 30 urterekin bilakatu zen autobus gidaritza azpeitiarraren ogibide bakarra.

Gaur egun, 04:10 aldera esnatzen da, eta eguna hasteko, Zarauztik Getariako fabrika batera eramaten ditu langileak. Gero, gaueko txandako langileak ateratzen direnean, haiek Zarautzera eramaten ditu, eta autobusa aparkatu ondoren Andatza kafetegian gosaltzen du. Gosaldu ostean, Arroako industria poligonoan "siesta txiki bat" egiten du "irratia entzun bitartean", eta esnatzen denean eskolako zerbitzuei ekiteko "prest" egoten da. Arroa Goiko, Iraetako eta Zestoako DBHko ikasleak hartu eta "autobusa goraino beteta" joaten da Azpeitira. Gero, haurrekin autobusean begirale lanetan aritzen den pertsona jaso, eta Urrestillatik eskolara eramaten ditu umeak; eta, azkenik, Damaso Azkuen eta Astotegian egiten ditu geldialdiak bi leku horietan diren ikasleak ere eskolara eramateko.

Egunaren arabera, txangoetara ere eraman behar izaten ditu haurrak, eta eguerdian eta arratsaldean berriro ere goizean egindako bide berberak egiten ditu ikasleak etxera itzultzeko. Asteburuetan, berriz, kirol partidak, mendizaleen ibilaldiak, ezkontzak, Errioxara bidaiak edota mojekin txangoak egiten ditu: "Denetik egiten dugu".

Autobus gidari ogibidetik gehien gustatzen zaiona "jende asko ezagutzen eta harreman ugari egitea" dela aitortu du. Horrez gain, "oso ume zalea" dela ere adierazi du, eta haurrekin "bonba" pasatzen duela. "Egun guztia umeekin pasatu beharko banu, agian, pisutsua egingo litzaidake; ez dakit, ez dut-eta probatu. Guk bide motzak egiten ditugu, eta bitarte horretan ondo pasatzen dut beraiekin", esaj du gidariak. Horrenbeste urtetan haur asko ikusi ditu hazten, eta horrek "poz" ematen dio Urbietari, nahiz eta bestalde, "zahartzen" ari dela ere pentsatzen duen: "Eskolara eramaten nituen haurren seme-alabekin egiten dut lan orain, eta hori gustura hartzen dut".

Hala ere, lanbideak badu bere alde zaila ere: "Egoera batzuetan jendea alde batetik bestera eramatea". Autobus gidariaren hitzetan, haurrak eskolara eramatea "oso polita" da, baita jendea ezkontzetara eramatea ere, baina "agian, ez da hain ederra horiek ezkontzatik bueltan eramatea", esan du Urbietak. "Gauza asko ikusten ditugu gidariok. Apaizek eta medikuek bezala, guk ere badugu aitorpen-sekretua", kontatu du barre artean.

Baditu, ordea, kontatu daitezkeen "milaka" pasarte. Sagardotegitik bueltan, autobusean lo hartu eta garajera joandakoan autobus barruan aurkitu zuen behin mutil bat: "Lagunek ez zioten abisatu antza, eta nik eraman nuen autobusaren garajetik Azpeitira". Beste behin, emakume bat muletekin eraman zuen ezkontza batera, eta handik muletarik gabe itzuli zela gogoratu du, barrez. Beste ezkontza baten ondoren, autobusa garbitzen ari zela, berriz, zapata bat aurkitu zuen.

Urrestillan ere badu anekdotarik Azpeitiko autobus gidariak. Hark azaldu duenez, egunero jotzen du bozina han, "garai bateko butano banatzaileak bezala". Kale barrenera iristean bozina jotzen hasi eta horrela zeharkatzen du kale guztia goizetan, eguerdietan eta arratsaldeetan. Sasoi batean, ordea, norbait "kexatu" egin zela eta, bozina jotzeari utzi zion Urbietak: "Gurasoak berriro ere bozina jotzeko eskatzen hasi zitzaizkidan, eta guraso talde batek kexatu zen pertsona harekin hitz eginda, bozina joka hasi nintzen berriro ere". Urbietaren arabera, "asko" dira bozina entzundakoan etxetik jaisten diren bizilagunak Urrestillan.

Irratian autobusetik

"Urteetan" entzun du Urbietak Euskadi Irratia, eta pandemia garaian, autobus zerbitzu batetik bestera "asper-asper eginda" Argi Ibili saiora deitzea bururatu zitzaion. Garai hartan Maialen Otermin kazetariak gidatzen zuen saioa, eta lehenengo dei hura eta gero "ahotsa gustatu zitzaiola eta gustura egon zela" esan zion; nahi zuenean deitzeko berriro ere. Gerora, Azpeitiko eguraldiaren inguruko audioak bidaltzeko proposamena egin zioten irratitik, eta ordutik "egunero" bidaltzen du Whatsapp audioa txoferrak. 05:50ean bidaltzen du audio mezua Getariatik, baina 04:30ean begiratzen du kotxeak zenbat gradu markatzen dituen. Gertatu izan zaio egunen batean audioa ez bidaltzeagatik jendeak "non dago Antonio?" galdetzea, "bai azpeitiarrek, baita irratiko gainerako entzuleek ere". Mezu honekin esnatzen dira hainbat euskal herritar astelehenetik ostiralera bitartean: "Egun on, Edurne, Antonio naiz. Azpeitian zero gradu eta euria ari du. Bueno, besarkada bat Martini eta Juanitari. Ondo izan zaitezte, eta pozik bizi! Agur!".

ANTONIO URBIETA

  • Adina: 55 urte.
  • Ikasketak: Batxilergoa, selektibitatea eta EGA.
  • Lanbidea: Autobus gidaria.
  • Autobus gidaria ez banintz… Abeltzaina edo artzaina, gustura. Orain, bi hankako abereak zaintzen ditut [barrez].
  • Lanetik ateratzean gogoko dut​​​​​​​... Etxekoekin egon, afari merienda egin eta ohera. Jai egunetan Errezilgo baserrian gozatzen dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide