Atzera begira

Komunikazioa, euskara eta kultura, uztarri bakarrean

Maialen Etxaniz 2023ko api. 14a, 09:00

1998an, Uztarria kultur koordinakundaren aurkezpenean, Joxe Ramon LarraƱaga eta Enekoitz Esnaola. (Uztarria)

Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea sortu zutela 25 urte bete dira martxoan. Sorrerako kontuak eta ordutik honakoak biltzen ditu 2023ko martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportaje honek.

Martxoan 25 urte bete dira Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundea sortu zela. Hain zuzen, 1998ko martxoaren 3an sortu zuten koordinakundea, 1997ko urritik bilerak egiten aritu ondoren. Hain zuzen, euskararekin, kulturarekin eta komunikazioarekin zerikusia zuten hainbat azpeitiarrek sortu zuten Uztarria, hiru ardatzen bueltan lan egiteko: komunikazioa, euskara eta kultura. Hiru lan arlo horiek uztarri berean lotu zituen koordinakundeak.

Garai hartako Azpeitia ez zen egungoa bezalakoa. Euskarazko komunikazioaren arloan hutsune nabaria zegoen: ez zegoen herri aldizkaririk, ezta Interneteko ataririk ere, eta herriko telebistak, Kaito telebista zenak, bere kontura egiten zuen lan. Euskarari dagokionez, ez zegoen egiturarik, ez Udal Euskara Patronaturik, ez euskara elkarterik, ezta euskararen normalizaziorako plan estrategikorik ere. Kultur arloan antzekoa zen panorama; Kultur Etxerik ez zegoen, kultur taldeen arteko koordinazioa urria zen eta kultur arloan plangintzarik ez zegoen. Testuinguru horretan sortu zuten Uztarria kultur koordinakundea, identifikatutako hutsune horiek betetzeko asmoz.

Uztarria kultur koordinakundea osatzen zuten herriko kultur taldeetako ordezkariak. (Uztarria)

Uztarriaren sortze prozesuan eta garapenean parte hartu zuen kideetako bat da Enekoitz Esnaola (Azpeitia, 1970) kazetaria, eta hark gogora ekarri ditu koordinakundearen hastapenak, ibiliak eta lorpenak. "Sasoi hartan, gaur bezala, oso herri euskalduna zen Azpeitia. Bazeuden kultur taldeak, eta bazegoen gauzak egiteko dinamika. Euskaraz hitz egiteko joera zuen jendeak, baina egiturak falta ziren, baita elkarlanerako kultura politikoa ere. Hau da, ez zegoen elkarren berri izateko kultura politikorik, elkartzekoa eta, batez ere, elkarrekin pentsatzekoa. Horrez gain, gabezia zehatzak zeuden: ez zegoen euskara elkarterik, ez normalizazio planik, ez azpiegiturarik...", kontatu du Esnaolak.

Hori dela eta, euskararen, kulturaren eta komunikazioaren inguruan lanean zebiltzan hainbat herritar eta eragile elkartu eta batera hausnartzeari ekin zioten: "Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldearen bueltan genbiltzan zenbait kide elkartzen hasi ginen. Batzar irekiak egin genituen jendeak horietan parte hartu eta iritzia eman zezan. Askotariko norbanako eta eragileak elkartu ginen hastapen haietan, batzuk EHEekoak, beste batzuk Azpeitian Gazteok Zer? taldekoak, beste hainbat kultur taldetakoak... Hausnarketa eta bilera ugariren ostean, 1998ko martxoan aurkeztu genuen Uztarria kultur koordinakundea. Handik hilabete batera, proiektua herriratzeko asmoz, jaialdi jendetsua egin genuen Azoka Plazan".

Uztarria aldizkariaren aurkezpena, 1999. urtean. (Uztarria)

Ekiteko eta egiteko modua

Aurrez aipatutako hiru ardatzen bueltan egiten zuen lan koordinakundeak –euskara, kultura eta komunikazioa–, eta antolaketa zehatza zuen. Talde eragilea zen motorra, eta bertan parte hartzen zuten kultur taldeetako ordezkariek eta norbanakoek. "Nahiko bilgune zabala zen", kontatu du Esnaolak. "Herria artxipielago bat bezalakoa zen: irla pila bat zegoen, eta guk txalupa hartu eta denak elkartu genituen".

Koordinakundea martxan jartzerako, proiektuaren "norabidea" zehaztuta zuten, baina ez zuten plan estrategikorik egin. Horretan "asmatu" zutela uste du Esnaolak: "Lanean hasi ginen aurrez izugarrizko plan estrategikorik idatzi gabe, eta uste dut asmatu genuela horretan. Norabide zehatza hartu genuen herrian eraldaketa eragiteko asmoz, eta hastapenetan egin genuena baino garrantzitsuagoa izan zen nola egin genuen. Herriko taldeekin bilerak deitu genituen, Udal Gobernuarekin zein oposizioarekin bildu ginen, baita sentsibilitate desberdinetako norbanakoekin ere. Egiteko modu hori oso garrantzitsua izan zen, eta balio izan zuen proiektua herriratzeko eta atxikimendua lortzeko. Lanean hasi ginen, eta proiektuak bata bestearen atzetik etorri ziren".

Hasieran, lan arlo bakoitzean egitasmo bati heldu ziotela kontatu du kazetariak: "Komunikazioan, Uztarria herri aldizkaria sortu genuen. Inkestak eta galdeketak egin genituen aurrez, eta jendeak parte hartu zuen horietan; 400 erantzun inguru jaso genituen. 1999ko azaroan plazaratu genuen aldizkariaren lehen zenbakia. Kulturan, hasteko, bi gauza egin genituen. Alde batetik, Basazabal jauregian Kultur Etxea sortzeko proposamena egin genuen; txosten mardula garatu genuen horretarako. Bestetik, Kulturaldia antolatzen hasi ginen, herriko kultur taldeak modu kolektiboan jarduteko eta koordinatzeko. 2002an egin zen aurreneko Kulturaldia. Gerora, 2004ko ekainean, kultur programazioa koordinatzeko lanari ekin zion Uztarriak: kultur karteldegia, direktorioa, urteko egitarauaren mapa... Euskararen arloan, hasieran ez genuen gauza askorik egin, baina sortu eta bizpahiru urtera Baite euskara elkartea sortzea bultzatu zuen Uztarriak. Uste genuen egitura zabalak behar zirela euskara sustatzeko". Baitek eta Uztarriak bat egin zuten 2003ko azaroan.

III. Kulturaldiaren une bat. (Uztarria)

Uztarria "zerbait berria" izan zela adierazi du Esnaolak, eta jendeak "harrera ona" egin ziola du gogoan. "Sentipen onak genituen. Elkarteen, taldeen nahiz askotariko norbanakoen bilgunea zen. Hasieratik esan genuen ez zela inoren aurkako proiektua, herritarrok herritar guztiontzat sortutako egitasmoa zela, eta, horrenbestez, zabala izan behar zuela. Hala ere, lehen unetik zehaztu genuen norabidea, eta kritika batzuk ere jarri genituen mahai gainean. Udalak hasieran errezeloz begiratzen zuen proiektua: 'nor dira hauek?' pentsatzen zuen, baina harremana ona izan zen, eta horren erakusle da Uztarria herri aldizkaria sortu eta denbora gutxira udalarekin hitzarmena sinatu izana".

Hamar urtetan hamaika lorpen

2008ko martxoaren 8an Uztarriak kultur koordinakunde izateari utzi zion, "helburuak beteta". Ordurako sortu berria zen Kultur Mahaiak hartu zuen kultur arloan lanean jarraitzeko ardura. Euskara arloan hainbat egitura sortuta zeuden, eta Uztarria komunikazio talde izatera igaro zen. Hamar urteko ibilian kultur koordinadorak zer-nolako lorpenak pilatu zituen galdetuta, alde batetik, lorpen zehatzak aipatu ditu Esnaolak, eta, bestetik, kultura politikoa aldatu izana azpimarratu du: "Kultura politiko berri baten hastapenak bizi genituen urte haietan, eta horrek gerora eragin handia izan du hainbat arlotan. Herrian lanerako giro positiboagoa sortu zen, nolabait". Lorpen zehatzak ugari izan ziren: besteak beste, udal euskara teknikariaren postua egotea, Udal Euskara Batzordea eratzea, Udal Euskara Patronatua sortzea, euskararen normalizazio planak egitea, Uztarria aldizkaria kaleratzea, Uztarriaren webgunea martxan izatea, urteetan zehar hogeitaka liburu eta liburuxka biografi-koak argitaratzea, Urola Kostako Hitza [Hitzaren sorrera bultzatu zuen Uztarriak], Aho bizarrik gabe egitasmoak utzitako ikus-entzunezkoak...

Uztarria aldizkariaren jardunaz hizketan, Esnaolak aipatu du "kalitatea" izan zela lanerako ardatza hasieratik: "Euskara kalitatearekin lotzen genuen. Jendeak ez zuen Uztarria irakurri behar euskarazkoa zelako soilik, baizik eta ona ere bazelako. Modu horretan, herritarrek informazio onaren bila jo eta euskaraz irakurriko zutelako. Ez genuen lan egiten euskararen militan-tziari begira bakarrik, kalitateari begira ere egiten genuen lan".

Uztarria herri aldizkariaren erakusketa. (Uztarria)

Oraina eta etorkizuna

Herria zertan aldatu dan galdetuta, "euskaldunon normalizazioa" aipatu du Esnaolak. Kulturaren arloan, Kultur Mahaiko taldeen eta Kulturaz kooperatibaren lana nabarmendu du: "Herri mugimenduak kudeatzen duen kooperatiba daukagu herrian, izaera oso parte hartzailea duena eta azpiegitura handien kudeaketaz arduratzen dena. Hor daude Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea. Euskarazko kultur dinamikak bizirik daude Azpeitian, eta horiek artikulatzea da hurrengo erronka". Euskararen normalizazioan "urrats nabarmenak" egin direla uste du, eta bide horretan, Uztarriak ekarpena egin duela dio: "Euskaldunak gara, eta euskaraz bizitzeko tresnak sortzea ezinbestekoa da, izan kultur arloan zein komunikazioan. Zentzu horretan, Uztarriak lortu du euskara normalizatzea herrian". Dena den, kontzientziazioan eta euskararen normalizazioan etengabe eragiteko beharra dagoela azpimarratu du Esnaolak, eta aipatu du herrian "hutsunea" dagoela: "Euskararen arloan, beste pauso bat eman beharra dago. Herrian tresna pila bat daude, baina ez dago euskara talderik. Gizartea asko ari da aldatzen. Kezka hori bageneukan duela 25 urte ere, eta zenbait gauzatan asmatu den arren, datuek diote euska-raren erabilera jaisten ari dela herrian. Beraz, horrek erakusten du beste pauso bat eman beharra dagoela. Uztarriak egin zuen ekarpena, Natul euskara taldeak ere bai [2014tik 2018ra], baina aurrera begira arlo horretan lanean jarraitzea ezinbestekoa izango da".

2020. urtetik, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) kooperatibako parte da Uztarria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide