Bakardadeari aurre egiteko egitasmoa martxan jarri du udalak, eta boluntario bila dabil

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 13a, 11:37

Ikeketan lan egin duen Garazi Etxaniz gizarte langilea, Leire Goenaga udal Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua eta Baigerako kideak. (Azpeitiko Udala)

Bakarrik bizi diren adinekoen egoera aztertzeko ikerketaren emaitzak plazaratu ditu erakundeak, eta emaitza horiek kontuan hartuta jarri du martxan egitasmoa, Adinkide GKEarekin elkarlanean. Boluntario izan zein horien laguntza nahi luketen herritarrek Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete.

Bakardade sentipena duten azpeitiarrei zuzendutako egitasmo berria jarri du martxan Azpeitiko Udalak. Bakarrik bizi diren 65 eta 80 urte bitarteko herritarren egoera aztertzeko ikerketa egin du erakundeak, COVID-19aren pandemiak haiengan izan duen eragina ikusteko, eta eragin horiek murrizteko neurriak hartzeko eta baliabideak eskaintzeko, Ikerketaren emaitzak plazaratzearekin bat iragarri du udalak egitasmo berria.

Ikerketarako kontuan hartu zituzten 321 herritarretatik 176rekin (%54,5ekin) lortu dute harremanetan jartzea. Emakumeak dira ikerlanean parte hartu dutenen lautik ia hiru (%73,9), eta parte hartzaile gehien-gehienek, %91,5ek, familia dute Azpeitian bertan.

Ikerketaren emaitzei dagokienez, txosten osoa bere webgunean jarriko du udalak, baina hiru ondorio nagusi azpimarratu ditu. Batetik, parte hartu duten pertsonek "osasun ona" eta "ohitura osasungarriak" dituztela ondorioztatu du erakundeak: "Gehienak autonomoak eta independenteak dira, eta ez dute laguntza formalaren edo informalaren beharrik". Pandemiak bakarrik bizi diren adinekoengan nola eragin duen aztertzea zen ikerketaren xede nagusia. Herritar horiengan "COVID-19aren ondorioak uste baino leunagoak" izan dira emaitzen arabera, familia zein lagunarte eta gizarte harremanei dagokienez: "Ikusi da herritar gehienek badutela sare sozial sendo eta estua, eta horrek bakardade sentipena urritzen du". Hala ere, ohartarazi du udalak, "bakardade sentipena espero baino hedatuago" dago aztertu den herritar multzoaren artean: ikerlanean parte hartu dutenean ia erdiak –"gehienak alargunak", udalak zehaztu duenez– aitortu du batzuetan bakardade sentipena izaten duela.

Neurriak eta baliabideak

Bakardade sentipen horri aurre egiteko "boluntarioen laguntza jasotzeko edo boluntario izateko prest agertu dira elkarrizketatutako asko", azaldu du udalak, eta gaineratu du "bide bat" izan daitekeela hori adin tarte horretako jendearen premiei erantzuteko. "Elkarrizketatuetako batzuek, boluntarioen zerbitzuaz gain, beste zerbitzu eta baliabide batzuk proposatu dituzte; hala nola, adinekoak elkartzeko gune berriak sortzea herrian, profesionalen zerbitzua areagotzea eta landa-eremuan bizi diren herritarrentzako arreta areagotzea".

Ikerketan parte hartu dutenen ekarpen horiek kontuan hartuta erabaki du udalak bakardeari aurre egiteko egitasmoa garatzen hastea. Adinkiderekin elkarlanean egingo du; adineko pertsonen bakardadea arintzeko lan egiten duen GKEa da, hain zuzen ere, Adinkide.

"Bakardade sentimendua duten azpeitiarrei, sentimendu hori arintzeko, berdinetik berdinerako eta belaunaldien arteko harremanak eta sarea sortzea" da abian jarri berri den egitasmoaren helburua, "boluntarioen eta bakardade sentipena duten herritarren arteko harremanak sustatzea eta elkarri laguntza afektiboa ematea".

Harreman sare horiek osatzeko, egitasmoan boluntario izan nahi dutenei zein konpainia eskertuko luketen herritarrei dei egin die udalak. Batzuek zein besteek Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete, edo 607 61 24 70 telefonora deitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide