Kalean da Pako Aristiren 'Irunberri, 1990: Arroilaren negarra' liburua

Aitziber Arzallus 2023ko api. 21a, 16:49

Pako Aristi, lan berria eskuetan duela, gaur goizean. (Erein)

Kazetaritza eta literatura uztartzen ditu Aristiren lanak. 1990eko ekainaren 25ean Irunberriko arroilan izandako gertakariak ditu oinarrian. Susana Arregi eta Jon Lizarralde ETAko kideen heriotzaren inguruan Espainiako Gobernuak emandako bertsio ofiziala gezurtatu du liburuan, eta baita bertsio alternatibo bat eraiki ere.

Pako Aristi urrestildarrak Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburua plazaratu berri du Erein argitaletxearekin. Gaur goizean aurkeztu du lana Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Uxue Razquin Ereineko editorea, Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko kidea eta Ander Lizarralde Gure Bazterrak elkarteko kideak alboan zituela.

Kazetaritza eta literatura uztartzen dituen lanak 1990eko ekainaren 25ean Irunberrin (Nafarroa) izandako gertaerak aztertzen ditu. Egun horretan, Susana Arregi oñatiarrak eta Jon Lizarralde andoaindarrak, ETAko kideak biak, Guardia Zibilarekin topo egin zuten Irunberriko arroilan, eta handik ordu batzuetara, bi ETAkideak hilda azaldu ziren. Garai hartan Espainiako Barne ministroa zen Jose Luis Corcuerak emandako bertsio ofizialaren arabera, Arregik eta Lizarraldek ihesbiderik ikusi ez eta beren buruaz beste egin zuten.

Aristik, ondu berri duen lanean, bertsio ofiziala gezurtatzen duen beste bertsio bat eraiki du, horretarako ikerketa lan sakona eginda. Corcuerak 27 minutuko azalpena eman zuen garai hartan Espainiako Kongresuan, eta Aristik beste horrenbeste iraun duen bertsio alternatiboa plazaratu du gaurko agerraldian. "Liburu honekin egin nahi izan duguna da Corcuerak eman zuen bertsio ofizialaren ondoan bertsio alternatibo bat jarri. Harena fikzioa zen ia dena, eta gurea errealitatea da ia dena. Egiara iristea izan da gure helburua, eta asko hurbildu gara". Etorkizuneko historialariei lagungarri izango zaien lana gauzatu dutela adierazi du idazleak. "Lan hau egin dugu etorkizuneko historialariek izan ditzaten bi bertsio, ofiziala eta alternatiboa, bata eta bestea aztertu ditzaten, beraien ondorioak atera ditzaten eta erabaki dezaten sinesgarritasuna zeini ematen dioten".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide