Enpatian sakontzeko guraizeen eleberria

Andoni Elduaien 2023ko mai. 11a, 13:41

Miren Gorrotxategi idazlea, 'Lima. Urrezko guraizeak' liburua eskuetan. (Utzitakoa)

Iaz argitaratu zuen gaztetxoei zuzendutako Lima liburuaren jarraipen liburua aurkeztu du gaur Miren Gorrotxategik Elkar argitaletxearen Donostiako egoitzan. Lehen eleberriko "emozioek presente" jarraitzen dutela adierazi du hark, baina oraingoan "garrantzia enpatiak" hartu dutela argitu du.

Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak Lima. Urrezko guraizeak (Elkar) liburua argitaratu du. Gaur, osteguna, aurkeztu du azpeitiarrak gaztetxoei zuzendutako bere azken lana, Elkar argitaletxearen Donostiako egoitzan. Gorrotxategik Antxine Mendizabal editorea izan du alboan aurkezpena egiterakoan, eta hark azaldu du Gorrotxategik berak iaz kaleratutako Lima lehen liburuaren jarraipena dela gaur aurkeztu duen Lima. Urrezko guraizeak lana. Elkar argitaletxearen Taupadak bilduman sartu dute azpeitiarraren azken lana.

Mendizabalek hartu du hitza aurrena, eta harentzat gaur erakutsi duten liburua Lima lehen liburua bezain "arina, freskoa eta irudimentsua" da. "Behin irakurtzen hasita kostatu egiten da uztea. Mirenek idazteko oso era erakargarria du; bizia eta arina, elkarrizketez betea da. Eduki asko biltzen du istorio bakar batean, eta nola ez, umorea ere ez zaio falta".

Elkar argitaletxeko editoreak "garbi samar" ikusi zuen Lima lehen lanaren ondoren, Gorrotxategik beste lan bat egingo zuela. "Irakurleek egin dioten harrera politak bultzatu du egilea lehen lanari jarraipena ematera. Errealitatea, fantasia eta irudimenaren lerro lausoan sortu da liburua. Modu errealista batean hasten da, baina, azkenean, fantasia gailentzen da", azaldu du Mendizabalek bigarren liburuari erreferentzia eginez.

Egile azpeitiarrak liburuaren edukiari buruz hitz egin du aurkezpenean. Liburuarekin gaztetxoei azaldu nahi izan die bakoitzak bere fantasiak eta irudimenak dituela, "superbotereak" dituela norbanakoak. "Askotan, urteekin bazterrean uzten dugun arren, geuregan ditugu horiek. Superbotererik gabe ez dago irudimenik, baina irudimenik gabe ez dago superbotererik; lotuta doaz biak. Irakurketaren bidez horretara bideratu nahi ditut gaztetxoak", azaldu du Gorrotxategik. Egilearen iritziz, liburuan fantasia, irudimena eta mitologia sartuta erakarri ditu irakurleak, baina, gero, argi gelditu da irakurleek benetan jakin nahi dutena beste zerbait dela. "Limaren gizatasun horren eta pertsonen arteko harremanetan daude galdera gehienak".

Lima. Urrezko guraizeak liburuan bigarren botere bat eskuratuko du Limak amak emandako urrezko guraizeen bidez. Hala azaldu du idazleak: "Lehen eleberrian, zirraren inguruan zegoen lotuta boterea; gaztetxoak eta emozioak hausnartu nahian aritu nintzen, eta emozioak ezagutzearen edo kontrolatzearen garrantzia azpimarratu nituen". Gorrotxategik azaldu du bigarren eleberrian "emozioek presente" jarraitzen dutela, baina oraingoan "garrantzia enpatiak" hartuko duela. "Egungo gizartean kritika erraza da, ondokoa kritikatzeko joera errazegia da; pantailek hori erraztu egiten dute. Bestearen zapatetan kilometro batzuk egin behar dira, besteak benetan zer sentitzen duen ezagutzeko eta zapata horiek zenbateraino estutzen duten jakiteko. Guraizeek horretarako bidea emango diote Limari, besteenganako enpatia sentitzeko".

Aurrekoaren jarraipena

Gorrotxategik argi utzi nahi izan du aurkezpenean Lima. Urrezko guraizeak eleberria Lima liburuaren jarraipena dela. "Bi liburuak banaka irakur daitezke, baina badu zentzua bi liburuak irakurtzeak. Bazirudien lehen liburuaren azken kapituluan bakea eta egonkortasuna zetozela Limaren bizitzara, baina bigarren liburuaren azalean dauden bi pertsonaia, Xana eta Mura, sartu ziren. Horiek bakea hankaz gora jarriko dute orain". Egileak azaldu du bigarren liburuan bi pertsonaia horiek "hobeto" ezagutuko direla, baita Lima bera ere.

Xanaren eta Muraren gurasoek olatu artifizial bat eraikitzeko proiektua ekarriko dute Bertokira, Limaren herrira. Bere lagun Paulita amonatxoa bizi den lurretan eraiki asmo dute gune hori, eta horrek haren etxegabetzea ekarriko du. "Orduan hasiko da Limaren borroka, eta horretarako bere botereak nahiz lagunen laguntza beharko ditu. Bide horretan, bere lagunak pertsona arruntak ez direla ohartuko da".

Gorrotxategik adierazi du liburuaren bukaera "ireki samar" utzi duela. "Lima liburuaz Euskal Herriko gaztetxoek etengabe galdetu didate Limaren nahiz Markosen aita nor diren, baita bi horien arteko harremana nola bukatzen den ere. Bigarren liburu honetan ere ez dira galdera horiek erantzuten; jakin-min horrek jarraitzen du". Kontu horiek argitze aldera, "beste jarraipentxo bat" ez du baztertzen azpeitiarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide