Pasaiako sarraskia ikertzeko eta argitzeko eskatuko dute identifikazio saioaren bigarren egunean ere

Nerea Uranga 2023ko mai. 16a, 12:55

Pasaiako sarraskia argitzeko eskatuz martxoaren 28an Donostiako epaitegiaren aurrean bi elkarretaratzeak. (Nerea Uranga)

Ostegunean, maiatzaren 18an, Pasaiako segadan parte hartu zuten hiru poliziaren identifikazio saioa egingo da Gipuzkoako Lurralde Auzitegietan. Egun horretarako bi elkarretaratze deitu dituzte Donostian epaitegiaren aurreko plazan: 09:00etan, Pasaia Gogoan sarraskian hildakoen kideek eta lagunen taldeak deituta, eta 10:00etan, Pasaiako sarraskian hildakoen senideek eta lagunek deituta.

Ostegunean, maiatzaren 18an, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian Pasaiako sarraskiari lotutako bigarren identifikazio saioa egingo dute; martxoaren 28ko identifikazio saiora azaldu ez ziren hiru polizia daude deituta etziko saiora. Pasaiako segadan bizirik irtendako Joseba Merinok parte hartuko du identifikazio saioan. Auzitegiko hitzordu horri lotuta, Donostiako epaitegiaren aurreko plazan, bi elkarretaratze deitu dituzte Pasaiako sarraskia argitzeko eta ikertzeko eskatzeko. 09:00etan protesta egingo dute Pasaia Gogoan taldekoek, Pasaiako segadan hildakoen kideek eta lagunek. 10:00etan, berriz, elkarretaratzera deitu dute Pasaiako sarraskian hildakoen senideek eta lagunek, Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu! lelo hartuta.

1984ko martxoaren 22an Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten Pasaiako badian. Segada baino egun batzuk lehenago, Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak, eta bere kideekin Pasaiako badian hitzordua lotzera behartu zuten. Itsasoz iritsi ziren Jimenoren bost kideak Pasai Donibanera, eta tiroka hartu zituen poliziak. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak bertan hil zituen poliziak; 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Joseba Merino izan zen segadatik bizirik atera zen bakarra.

Pasaiako sarraskia ikertzeko eta argitzeko eskatuz

Pasaiako segadan hildakoen senideek gertatutakoa argitzeko hainbat auzibide hartu dituzte ordutik. Orain gutxi kasua berriro irekitzea lortu dute, eta identifikazio saioa egiteko agindu zuen epaileak; martxoaren 28koa izan zen lehen identifikazio saioa, eta deituta zeuden zazpi polizietatik hiru besterik ez ziren agertu orduan.

Martxoan, gainera, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak, Pasaiako sarraskiaren kasuaren inguruan, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, egindako txostenaren berri eman zen hedabideetan. Txosten horretan esaten da, besteak beste, "giza eskubideen urraketa larriaren kasu paradigmatiko bat dela eta Pasaiakoa ejekuzio extrajudiziala izan zela". Senideek txosten horren berri hiru urte igaro ondoren jakin zuten, eta horren inguruan "haserrea eta mina" adierazi dituzte.

Pasaia Gogoan: erantzun instituzional eta politiko eske

Pasaiako sarraskia gertatu zenetik 39 urte igaro ondoren ere, errekonozimendu saioa segadan parte hartu zutenak identifikatzeko "urratsa" izan daiteke Pasaia Gogoan taldearen ustez. Hala ere, Pasaiako segadan eta lau lagunen fusilatzean "erantzukizun instituzionala eta politikoa" izan zutenak ez dituztela ahazteko adierazi dute: "Ez ditugu alde batera utziko kargu politikoen eta polizialen agindu kate oso baten inplikazioa, ez orduko PSOEren mendeku gosea ezta orduko ezker abertzalearen joko zikina ere".

Pasaia Gogoan taldeak, etzirako Donostian elkarretaratzera deitzearekin batera, kaleratutako oharrean salatu du, 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian "uniformedun indarrek" gauzatutakoa, "PSOEren estrategiaren barruko Estatu terrorismoaren ekintza zerrenda luze bateko gogorrena" izan zela: "Pasaiako segada baino hilabete lehenago, autonomoek
Enrique Casasen kontrako ekintza gauzatu zuten, GALen sortzaileetako bat izatearen akusaziopean. Ekintza hark lurrikara itzela sortu zuen, bai Euskal Herriko bizitza politikoan –ezker abertzalearen gaitzespena eta greba orokorrerako deialdia, besteak beste–, bai PSOEren eskuetan zegoen Madrilgo Gobernuan. Bazekiten Joseba Merinok Casasen kontrako ekintzan parte hartu zuela, eta berehala mendekua prestatzen hasi ziren Felipe Gonzalezen eta Jose Barrionuevoren agindupean zeuden Espainiako Estatuaren segurtasun indarrak. Ondoren, autonomoen beraien segurtasun akatsak tarteko, Rosa Jimeno bahitzea lortu zuten".

Pasaia Gogoan taldekoen esanetan, garai hartan, segada prestatzeko egoera politikoa "egokia" zen: "Nork altxatuko zuen ahotsa gezurrak, gaitzespenak eta irainak jaso zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetakoak hiltzeagatik? Era berean, Pasaiako segadan Casasen ' hiltzaileetako' bat atxilotzea eta epaitzea lortuta, iritzi publiko orokorraren aurrean, PSOEren jokaldia bikaina izan zen borroka armatuaren bukaera eraginkortasun polizialaren bidez etorriko zela frogatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide