'Karpeta urdinak' dokumentala eta 'Las buenas compañias' filma botako dituzte asteburuan

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 17a, 08:50

'Las buenas compañias' filma.

Karpeta urdinak lana ostiralean emango dute, eta Las buenas compañias, igandean eta astelehenean. Emanaldi guztietarako sarrerak dagoeneko eskuragai daude Kulturaz.eus webgunean.

Asteburuan Karpeta urdinak dokumentala eta Las buenas compañias filma ikusteko aukera izango da Soreasu antzokian. Ander Iriarte zuzendari oiartzuarraren ikus-entzunezkoa ostiralean emango dute, 22:00etan hasita; eta Silvia Munt zuzendari katalanaren lana, igandean 19:30ean eta astelehenean 22:00etan. Hiru saioetarako sarrerak eskuragai daude Kulturaz kooperatibaren webgunean.

Iriarteren beraren bizipenak ditu oinarrian Karpeta urdinak dokumentalak. Bere aitak komisarian torturak jasan zituela susmatzen du, eta uste hori argitu nahian dabilela, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el Pais Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du. Ikerketa horren emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psikologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da oiartzuarra. Haiek erakutsiko dizkiote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak zer diren.

Las buenas compañias filmak, berriz, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan emakumeen eskubideen alde lan egin zuten euskal militanteen historia du abiapuntutzat. Urte haietan, Errenteriako (Gipuzkoa) emakume talde batek ezkutuko sare bat sortu zuen hainbat emakumeri Frantziara igarotzen laguntzeko, modu duinean abortatzeko eskubidea izan zezatela bermatzeko. Basauriko 11 emakumeren historia ere kontatzen du filmak. Abortatu izanaren akusaziopean espetxeratu egin nahi izan zituzten haiek, 1976an abiatu eta 1985era arte luzatu zen prozesuan. 1985ean onartu zen abortuaren legearen sustatzailetzat hartzen da historiako pasarte hori.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide