Jose Santa Ines: "Oso zaila da garun paralisidunen talderako futbolariak aurkitzea"

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 19a, 15:45

Jose Santa Ines, Azpeitian lantoki duen Antxieta Etxearen atarian. (Mailo Oiarzabal)

Espainiako liga irabazi berri du Eibar futbol klubaren garuneko paralisidunen taldeak. Jose Santa Ines (Zaragoza, Espainia, 1973) Azpeitiko bizilaguna da teknikarietako bat.

Garun paralisia dutenen Espainiako Futbol 7 PC liga irabazi du Eibarrek. Zer esan nahi du zuretzat lorpen horrek?

Duela bost urte hasi ginen egokitutako futbolaren proiektuarekin Eibar futbol klubaren fundazioan. Bi talde ditugu: Genuine ligakoa, adimen urritasuna duten pertsonena; eta garun paralisia duten jokalariena. Bi taldeek helburu batzuk partekatzen dituzte, baina desberdintasunak ere badituzte. Garun paralisidunen taldea lehiara bideratuta dago, Espainiako ligan lehiatzen da, eta Espainiako selekzioarekin nazioarteko txapelketetan aritzeko aukera ere badute jokalariek. Genuine ligan, aldiz, ez dago lehiarik; beste helburu batzuk jorratzen dituzte.

Lehen bi urteetan ez genuen parte hartu Futbol 7 PC ligan; jokalari gutxi genituen, eta ez geunden prestatuta liga horrek eskatzen duen mailan lehiatzeko. Duela hiru urte, lehiatzeko eta, egunen batean, agian, irabazteko helburuarekin sartu ginen ligan. Baina, egia esan, ez genuen espero helburu hori hain azkar betetzea. Aurten dena ondo etorri zaigu, egundoko lana egin dugu jokalariek zein teknikariok. Partidarik galdu gabe irabazi dugu liga. Sei garaipen eta berdinketa bat lortuta iritsi ginen liga erabaki zuen lauko finalera, eta azken play-off horretako bi partidak ere irabazi egin genituen; Bartzelonako Disport taldeari, aurreko bi denboraldietako txapeldunari, irabazi genion finala.

Zenbat jokalari dituzue taldean?

Hamalau jokalari dira. Oso zaila da garun paralisidunen talderako futbolariak aurkitzea. Igeriketa, atletismoa, boccia... Kirol indibidualetan aspalditik ari dira lehiatzen, baina kontaktua eskatzen duten kiroletan jokatzea nahi dutenak topatzea nekezagoa da. Horregatik, talde gutxi gaude. Zortzi taldek osatzen dugu Futbol 7 PC liga nagusia, eta Eibar da euskal talde bakarra. Gure hamalau jokalarietatik bederatzi dira Euskal Herrikoak, eta bi bakarrik Gipuzkoakoak; Alacantekoak [Herrialde Katalanak] dira beste bi, Eivissakoa [Herrialde Katalanak] bat, eta Logroñokoak [Espainia] beste bi. Hiruzpalau asteburutan elkartzen gara denok Eibarren entrenatzeko; gainerakoan, kanpoko jokalariak beren kabuz prestatzen dira, eta gu saiatzen gara bizi diren tokiko futbol talderen bat topatzen, taldean ere entrenamenduak egin ditzaten. Gure jokalariek ez dute soldatarik kobratzen, joan-etorrien gastuak-eta bakarrik ordaintzen dizkiegu. Eskertzekoa da egiten duten ahalegina.

Nola iritsi zinen Eibarren fundaziora?

Adimen urritasuna duten pertsonekin egiten dut lan Azpeitiko eta Eibarko eguneko zentroetan. Eibar egokitutako futbolaren proiektua martxan jartzekoa zela jakin nuenean, haiekin harremanetan jarri nintzen, gure zentroko kideek jokatzeko aukera izan zezaketeen jakiteko eta proiektua ezagutzeko. Koordinatzaileak esan zidan, jokalariez gain, teknikariak ere behar zituztela. Ni futbolzalea naiz, hamalau urtez Zaragozako nire auzoko klubean jokatu nuen, Santo Domingo Juventud du izena, eta umeak entrenatzen ere aritu nintzen han zortzi urtez. Probatzeko prest nengoela esan nien Eibarrekoei, eta bost urte daramatzat proiektuan.

Navalmoral de la Matan (Extremadura, Espainia) jokatu eta irabazi zuen ligaren play-offa Eibarrek. Argazkian, taldekideak ligako txapeldunaren koparekin. (Utzitakoa)

Zein da zure lana taldean?

Koordinatzailea, entrenatzaile nagusia eta hiru teknikari laguntzaile gara, eta ni hiru horietako bat naiz. Dena adosten dugu taldean, entrenamenduak ere hala prestatzen ditugu. Aurten, egiturari beste bultzada bat eman diogu, eta emaitza eman du. Prestaketa fisikorako eta elikadurarako jarraibideak ematen hasi gara jokalariei, aurkarien zein geure partiden analisiak ere landu eta pasatzen dizkiegu. Analisiak egiteaz, aipatutako pauten jarraipena egiteaz edota jokalariek behar duten laguntza eskaintzeaz arduratzen naiz ni.

Talde profesionalen pare, ala?

Ez gara profesionalak, taldekoaz gain bakoitzak geure lana daukagu. Egia da, ordea, Eibarren egituraren barruan egoteak baliabide asko eta onak izatea ahalbidetzen digula. Alde horretatik, eskertzekoa da klubaren jarrera; entrenatzeko eta ligan lehiatzeko behar ditugun baliabideak ez ezik, taldea trebatzeko lagunarteko partidak ere jokatu ahal izan ditugu aurten beteranoen taldearekin eta. Horrek asko laguntzen die gure jokalariei.

Garun paralisia duen norbaitek zuen taldean jokatu nahi badu, nora jo dezake?

Eibar futbol taldera jo eta futbol inklusiboko atalaz galde dezake. Genuine ligako talderako itxaron zerrenda daukagu, baina garun paralisidunen taldean ez.

Zer garrantzi dute zuena bezalako lehiaketek?

Garun paralisia jaiotzetik izan edo gerora jazo, oso bizipen gogorrak izan dituzte haietako askok, zailtasun handiei aurre egin behar izan diete. Borroka handia egin behar izan dute, eta gustuko duten kirol horretan ondo antolatutako lehiaketa batean aritzeko aukera izatea bera poztasun handia da haientzat, baita guretzat ere. Zailtasunei aurre nola egin ikasteko eredu dira jokalari horiek.

Santa Inesek eta taldekideek Ipuruako zaleen txaloak jaso zituzten gizonen Espainiako Bigarren Mailako Eibar-Las Palmas partida hasi aurretik, maiatzaren 8an. (SD. Eibar)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide