IRITZIA

Zenbat kafe, eta hamabost urte

Aitor Beloki (XJ Auzolaneaneko kide ohia) 2023ko mai. 27a, 09:00

Aitor Beloki XJ Auzolaneaneko kide ohiak Uztarriak Sanjuandegiko festak direla-eta kaleratu duen egunkariko idatzitako edukia da honako hau.

Gogoan dut zenbat kafe hartzen genituen auzoko jaiak prestatzeko, zenbat eginbeharrekoen koaderno eta inbentario zirriborratu; gogoan dut zenbat iluntze igarotzen genituen negu betez hasi eta udaberria iritsi arte nolako jaiak nahi genituen irudikatzeko -horregatik jarri genion Iluntze izena auzo lokal bihurtu genuen Bodeguilla zaharrari, iluntzez aritzen ginelako biharko auzoa argitu nahian-.

Zutabe hau idazteko eskatu didatenean hemerotekara jo dut, eta hara! aurten 15 urte beteko dira jai batzorde berria osatu zenetik; 15 urte beste jai eredu bat eraikitzeko lehen urratsak eman zirenetik. Kontatu izan digute 80. hamarkadaren aurreneko urteetan hasi zirela auzoko jaiak ospatzen, eta garaiko artxibo zaharrei hautsak kendu eta hor ditugu letra larriz Fiestas de Sanjuandegi iragartzen dituzten fosforito koloreko kartel higatuak, gran partido de futbol Eroski ondoko kanpan dioen afixa - 1984an partido entre solteros y casados-, competicíon de pillar el cochinillo edota urte batzuk aurrerago berriro ere berreskuratu genuen al final de la gaupasa sopa de ajo.

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! 15 urte hauetan aurreko belaunaldiek egindakoari pintzelada bat ematea beharrezkoa zelakoan geunden, eta horretan aritu gara bide oparo honetan zehar. Euskara erdigunean jarrita eraiki ditugu festak, euskaraz ez dakiten auzotarrak euskarara gerturatuz; ahalik eta herritar gehienengana iristeko jaiak antolatu ditugu; haur eta gaztetxoak jaien benetako protagonista bihurtu ditugu; bertako produktuen aldeko apustua egin dugu eta emakumeen presentzia jaien egitarauan bermatzeaz gain, gune seguruak sortu ditugu.

Baliabide gutxi, kafe asko eta ilusio bereziarekin aritu gara urte hauetan zehar elkarlanean, auzokideekin, herriko eragileekin eta nola ez, lan handia egiten duten beste auzoekin ere harremanak josten. Jose Luis Otamendik poemetako batean dioen gisan, eskerrak badiren elementuak elkarrengana gerturatzen gaituztenak, dela jatorrizko duintasuna, direla pozak, minak... Jaiak ere elementu horietako bat direlakoan nago, elkarrengana gerturatzekoak, elkar ezagutzekoak eta pozak elkarbanatzekoak.

Jada guk erreleboa pasatu diegu gazteei, eta gutako asko ere ez gara auzoan bizi, baina festa giroa usaintzen den garaiotan, beti ateratzen zaigu xanjuandeitar sena. Orain datozen belaunaldi berriei dagokie pintzelada berriak ematea egindakoari. Besterik gabe, hasi tiraderan gordeak dituzuen zapi eta banderolez auzoa koloreztatzen. Auzo- an elkartuko gara J Martinaren autotune melodian 15 urteko efemeride hau ospatzen, edo bertso afarian, auzo bazkarian, Garoako afterrean? Aurten ere ez dugu aspertzeko aukerarik izango, ez horixe! Goxau festak, aske eta libre!

Ah, eta jarri dezazuela beste hainbeste urtez auzoa biziberritzen!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide