Zu zeu

Arantxa Mozo: "Herritar askok ez dute altxor hau ezagutzen"

Maialen Etxaniz 2023ko eka. 12a, 09:49

Arantxa Mozo. (Maialen Etxaniz)

Parrokia ondoko harpearen mantenuaz arduratzen da Arantxa Mozo (Azpeitia, 1956) orain dela 38 urte ingurutik. Eliza ondoko kobatxoa "txoko berezia" da Mozorentzat, eta ez da gutxiagorako. Familian betitik izan dute lotura harpearekin, eta orain berak du zaintzeko ardura. Osasunak uzten dion arte mantenuaz arduratzen jarraituko duela dio, "mimo handiz" zainduz, gainera. 2023ko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Noiz eta nolatan hartu zenuen Parrokiako harpearen mantenuaren ardura?

Ardura familiatik datorkit, nolabait. Txikia nintzela, izebak zaintzen zuen harpea; gogoan dut kandelak jartzera joaten zela. Hura zendu ostean gure amak hartu zuen erreleboa, eta ondoren, nik. Betitik ezagutu izan dugu harpea familian. Ez nuen uste horrenbeste urte igaro direnik, baina dagoeneko 38 urte inguru daramatzat harpea zaintzen.

Ondo ezagutzen duzu haitzuloaren historia, beraz.

Hainbat iritzi eta kontakizun daude harpearen inguruan. Hala ere, jakinekoa da Mariano Ferrer eskultoreak diseinatutakoa dela. Behean, Pilarikaren irudia dago, horren ondoan Done Jakueren eskultura eta goian Lourdeseko amabirjinarena. Eskaileretan Ferrerren sinadura ikus daiteke. Esaten denez, Elizkaleko nahiz herriko bizilagunek eraiki zuten koba, Xoxotetik harriak ekarrita. Garai hartan, jendea oso fededuna zen.

Zertan datza harpearen mantenua? Zein dira zure egitekoak?

Egunero ez baldin bada, bi egunetik behin joaten naiz hara, kandelak ipintzen ditut eta lorak zaindu. Badut borroka bat kaleko katuekin, ez baitituzte landareak bakean uzten, eta ezin izaten ditut nahi bezala mantendu. Duela urte batzuk landareak ez ezik arrain txikiak jartzen genituen harpeko putzuan, baina haiek ere kendu egin behar izan genituen, haurrek eskuekin hartu eta bertan hilda uzten baitzituzten. Gainera, duela urte batzuk izandako arazoak tarteko, goiko solairuko landareak ere kendu behar izan genituen. Hala ere, herritarrek egindako ekarpenari esker, lortu genuen harpea konpontzea. Horrez gain, jende askok deitzen dit telefonoz une zehatzetan –ebakuntzak, azterketa garaian eta halakoetan– kandelak ipin ditzadan eskatzeko; gehienbat, zorte onaren bila. Haitzuloaren postontzi bat ere badago, eta han utzitako mezuak irakurri eta eskaerei erantzuten diet.

Atsegin duzun lana al da?

Egia esan, bai. Etxean ikusi izan dudan zerbait da, eta niri ez zait batere kostatzen mantenu lan hori egitea.

Dena den, lotura eskatzen duen ardura da. Ba al duzu laguntzarik?

Orain arte ez nuen laguntza askorik behar izaten. Kanpora joaten nintzenean, oporretan eta, harpearen ondoan bizi den emakume bati eskatzen nion laguntza, eta hura arduratzen zen niri laguntzeaz. Azken boladan gehiagotan eskatu behar izan dut laguntza. Orain, esaterako, hanka ezin mugituta nago, eta ezin naiz haraino joan. Beraz, badut laguntzen didan pertsona bat.

Jende askok bisitatzen al du haitzuloa?

Kanpoko jendea etortzen da, baina bertakoak ez hainbeste. Askok ez diote baliorik ematen eta ez dute estimatzen; herritar askok ez dute altxor txiki hori ezagutzen. Bisitariek ere ohiko lekuetara jotzen dute sarri: Loiolara, Madalenara... Tarteka, bertan lanean harrapatzen banaute, batzuek eskatzen didate harpea erakusteko, eta nik, noski, erakutsi egiten diet, gustura asko. Doktrinan ibiltzen diren haurrei ere erakusten diet batzuetan, betiere talde txikietan.

Txoko berezia al da zuretzat?

Jakin badakit ez dela nirea, baina nirea izango balitz bezala zaintzen eta mimatzen dut. Asko estimatzen dudan lekua da.

Izango al duzu erreleborik?

Hala espero dut. Pertsona askok Eliza gero eta urrunago ikusten duten arren, pentsatzen dut egongo dela horrelako txokoak zaintzeko prest dagoenik; ezin esan, ordea, zer gertatuko den. Ahal dudan bitartean ahalik eta ondoen zainduko dut txoko eder hau, eta norbaitek erreleboa hartzen baldin badit, primeran. Erreleborik ez baldin badago, berriz, auskalo. Denborak esango du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide