Aisialdi eredu berri baterako akuilu

Nerea Uranga 2023ko eka. 9a, 09:09

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasmailak dituzten Ikasberri Ikastolako, Iraurgi Ikastetxeko eta Urola Ikastolako gurasoak elkartzen hasi ziren orain dela hiru urte. Ordutik, beren seme-alaben jokamolde aldaketak eta aurrez aurreko harremanen galerak sortutako kezkak batuta, lanean jardun dute. "Aisialdi eredu berri bat" eraikitzeko hainbat pauso eman dituzte elkarlanean, udala bidelagun dutela. Maiatzerako tailer eskaintza zabala prestatu dute, hainbat eragilerekin batera. 2023ko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Izurriteak bazterrak astindu zituen, eta aurretik gizartean zeuden hainbat kezka iturri potoloago bilakatu ere bai. Beste hainbat ingurumaritan bezala, gaztetxoen eta nerabeen gurasoen artean ere arreta piztuarazi zuen beren seme-alaben artean sumatzen zuten egoerak eta haien jokamolde aldaketak. Kezka komunak izanda, bada, DBHtik gorako ikasmailak dituzten Azpeitiko Ikasberri Ikastolako, Urola Ikastolako Zutoin guraso elkarteko eta Iraurgi Ikastetxeko Gurasoen Elkarteko ordezkariak elkartzen hasi ziren 2020an. Etxeratzeak, eskolak online jasotzeak... egunerokotasunean eragina izan zuten, eta zeharka bada ere, "pantailen gainerabilera" ekarri ere bai. "Horrek guztiak gure seme-alabengan ere nabarmen eragin zuen, eta lehendik zetorren pantailen eta sakelako telefonoaren gehiegizko erabilera indartu besterik ez zuen egin", diote ikastetxeetako gurasoen ordezkariek.

Komunean eta elkarrekin zerbait egiteko aukera aztertzen hasi ziren hiru ikastetxeetako gurasoak. Seme-alaben jokamoldeetan aldaketa antzematen dute, hala nola teknologia berrien gehiegizko erabilera eta beren arteko aurrez aurreko harremanen galera. Teknologia berriak tarteko, seme-alabek kontsumitzen dituzten edukien ezagutza eta horien gaineko kontrol falta ere sumatzen dute gurasoek, eta etxeko gazteek balore atzerakoiak jasotzen dituzten sentsazioa dute: "Matxistak eta homofoboak dira eduki asko". Horrekin guztiarekin batera, hizkuntza ohituren aldaketen lehen zantzuak nabaritzen hasi dira seme-alabengan, teknologia berriak erdal hizkuntzetan kontsumitzen dituztelako batik bat.

Susmoak eta kezkak mahai gainean jarri ondoren, gurasoek Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailera jo zuten, beren sentsazioak partekatzeko, eta horiek uste bezalakoak ziren ala ez jakiteko. Hortik aurrera egindako bidean, bidelagun izan dute udala. Erakunde horrek, baina, ordurako bi galdetegi eginda zeuzkan gazteen artean: batetik, COVID-19ak eragindako izurritearen aurretik eta Elhuyar aholkularitzak bideratuta, 2019ko udazkenean galdetegi bat egin zien hiru ikastetxeetako DBHtik gorako 773 ikasleri, eta 2020ko urtarrilean eta otsailean, taldekako saioak egin zituzten DBHko ia 300 ikaslerekin; bestetik, Gaztelekuko hezitzaileek bideratuta, konfinamendu garaian galdetegi bat erantzun zuten DBH1etik Batxilergoko bigarren mailara arteko 755 nerabek.

Galdetegi horien emaitzak aztertuta, gurasoen susmoa baieztatuta gelditu zen. Hala adierazi dute ikastetxeetako gurasoen ordezkariek: "Esaterako, Elhuyarrek bideratutako azterketan, ikasleen erdiek baino gehiagok onartzen zuten asteburuan eguneko sei ordu baino gehiago erabiltzen zutela sakelako telefonoa". Beraz, hausnarketatik haratago, proposamena elkarlanean jorratzeari heldu zioten hiru ikastetxeetako gurasoek.

Lehen urrats txikiak

Helburu orokorrak zehaztuta eta hasitako elkanari helduta, "aisialdi eredu berri bat" eraikitzeko lanean ari dira. Aniztasuna oinarri hartuta, aisialdian seme-alaben zaletasunak eta aurrez aurreko harremanak indartzeko, "herri gisa", denak bat eginda jardutea erabaki dute gurasoek, eta urrats txikiak egin arren, bidea jorratzen joatea nahi dute. Nerabeen hizkuntza ohituren aldaketen aurrean, euskararen erabileraren ahalduntzea indartzeko lan egitea ere erabaki dute, "eskola orduetan zein eskolaz kanpoko jardueretan". Azkenengo helburu horri lotuta, gurasoek eta udalak azaldu dute herriko ikastetxe denetan Uemaren Hedatu proiektua martxan dela, eta hurrengo pausoa proiektu hori eskolaz kanpoko kirol eta aisialdi monitoreekin lantzea aurreikusita dutela.

Aurreko ikasturtearen bukaeran, berriz, "aisialdia eta ikasleen zaletasunak indartze aldera", bidean beste pauso bat eman zuen ikastetxeetako gurasoen elkarlanak. Hala, 2022ko ekainean herriko eragileekin batera zaletasun tailerrak antolatu zituzten DBH1etik gorako ikasleentzako, eta aurrera begira, "hasitako ibilbidean sakontzeko konpromisoa" hartu zuten gurasoek.

Azken ikasturte honetan –2022-23ko ikasturtean– ikastetxeetan Hedatze programa ezartzeko eskaintza iritsi zitzaien Eusko Jaurlaritzatik, eta DBH1etik gorako ikasmailak dituzten hiru ikastetxeek egin dute bat eskaintzarekin. Hori dela eta, jardunaldi jarraia dute hiruretan.

Behin aisialdi eredu berri bateranzko hazia ereinda, eta Hedatze programa martxan jarrita, aukerak eta arriskuak aztertzeko aukera izan dute ikasturtearen lehen ebaluaketak igaro ostean. Atzeman dituzten arriskuen artean, besteak beste, kezka sortu die gurasoei DBHko ikasleek "arratsalde osoa libre" izateak: "Horrek eragin dezake ikasleek pantailen edota teknologia berrien erabilera areagotzea, etxean denbora asko bakarrik pasatzea edota eskolaz kanpoko arratsaldeetako orduak erabat akademizatzera jotzea". Gurasoen arabera, baina, arriskuak nola, aukerak hala ditu Hedatze programak: "Arratsaldea libre izateak aurrez aurreko harremanen bidez beren zaletasunei bide emateko aukera berriak zabaltzen dizkie ikasleei, eta ikastetxeei ikastorduak eta ikastorduak ez diren une hezitzaileak uztartzeko aukera zabaltzen die". Horrez gainera, errefortzu tailerrak eskaintzen dituzte ikastetxeetan arratsaldeko ordu horietan.

Ikastetxe bakoitzak baditu Hedatze programaren baitako tailer propioak, eta azken ikasturteko lehen hiruhilekoetan bakoitzak bere aldetik egin du DBHko ikasleentzako eskaintza. Dena den, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin eta herriko hainbat eragilek parte hartuta –Kulturaz kooperatibak Dinamoa sormen gunean eskainitako Sorgin Orratza izeneko tailerra, adibidez–, tailer bat edo beste egin dituzte ikastetxeetako ikasleek nahasita.

Elkarlanean, bat eginda

Egindako bideari erreparatu ondoren, ibilbidearen hasieran jarritako erronkari "behar bezala erantzuteko", herri gisa jardutea besterik ez dagoela ondorioztatu dute gurasoek: "Aisialdi eredu berri bateranzko bidea egin nahi badugu, ikastetxe guztiok batera, udalaren eta herriko eragileen inplikazioarekin egingo da; bestela ez da egingo". Oinarri hori funtsezkotzat hartuta, eta Hedatze programak eskaintzen dituen aukerez baliatuta, urrats berria egin dute. Izan ere, DBHtik gorako herriko ikasle guztientzako errefortzu tailerrez gainera, gazteei zuzendutako hamar tailer antolatu dituzte maiatzerako, ikasleek beren zaletasunei bide emateko aukera eskainiz.

Saioetan parte hartu edo ez nerabe bakoitzak erabakiko du, eta doakoak izango dira horiek. Gainera, ikastetxeetatik kanpo egingo dituzte, udalaren hainbat azpiegituratan. Ikastaro eskaintza antolatzeko, ikastetxeek, gurasoek, ikasleek, herriko hainbat eragilek eta udalak bat egin dute. Halaber, Hedatze programaren barruan, eragileren edota norbanakoren batek bere ezagutzak partekatzeko tailerren bat emateko interesa edukiko balu hedatzeazpeitia@gmail.com helbide elektronikora mezua idatz dezake edota ikastetxeetako idazkaritzarekin edota udalarekin harremanetan jarri.

Tailerren helburua, baina, ez da "ikasleek arratsaldeak okupatuta" izatea. Ekimena sustatzen ari diren gurasoen xedea da ikasleek dituzten zaletasunei lagunartean bide ematea, "tailerretatik abiatuta beren gustuko ekintzak ezagutzeko", eta etorkizunean beren kasa, "autoantolatuta", ekintza horiek aurrera eramateko gai izatea. Gurasoen arabera, erronka gauzatu ahal izateko, nahitaezkoa da ikasleak bidelagun izatea: "Ikasleek hitza izan behar dute, beraien beharrak eta nahiak ezagutarazteko eta horiei erantzun ahal izateko".

Orain dela hiru urte hasitako ibilbidea eta gurasoek "su txikian" egindako lana emaitzak ematen ari da, eta aisialdi eredua berritzeko asmo horretan elkarlanean jarraitzeko asmoa dute. Aisialdi eredu berria eraiki nahi bada, argi dute denek herri gisa eragin behar dutela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide