Erretratua

Beni Odriozola: "Munduko lanik onena topatu dut Lintzan"

Elena Margüello 2023ko eka. 11a, 09:00

Beni Odriozolaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Duela 26 urtetatik aterpezaina da Beni Odriozola. Pirinioetako Lintzako aterpetxeko egunerokotasuneko abenturez nahiz Xoxoteko aterpetxea izan zuen garaiaz mintzatu da Azpeitiko bizilaguna. 2023ko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Beni Odriozolak (Azkoitia, 1968) Lintzako aterpetxearen (Huesca, Espainia) kudeaketaren ardura hartu zuenetik 26 urte pasatu dira. 1992. eta 1997. urteen artean Azpeitiko Etxe Zuri tabernan aritu zen lanean, eta denbora librea izaten zuenean Pirinioetara bidaiatzen zuen, "batik bat Lintzara". Garai hartako Lintzako aterpezainak ardura hori utziko zuela aipatu zion Odriozolari, eta horrela hartu zuen hark Lintzako aterpetxearen kudeaketaren ardura: "Betidanik izan da nire ametsa Pirinioetan bizitzea, baina ez nuen pentsatzen halakorik lortuko nuenik".

Lintzan lanean hasi osteko lehenengo sei-zazpi urteetan, hamazazpi lan egun eta lau jai egun izaten zituen segidan Azpeitiko bizilagunak: "Nire bizitza han zegoela sentitzen nuen, eta herrira itzultzean, batzuetan, arraro sentitzen nintzen". Orain, berriz, zortzi lan egun jarraian eginda, hamalau jai egunek osatzen dute aterpezainaren lan jarduna. Dena den, urtean zehar eta jendearen arabera lan banaketa "asko aldatzen" zaiela azaldu du Odriozolak.

Basurdeak, hartzak, oreinak, marmotak, sarrioak edota ugatzak dira Lintzako aterpetxearen inguruko bizilagunak. "Munduko lanik onena topatu dut Lintzan", adierazi du Odriozolak. Pertsona "asko eta asko" ezagutu ditu aterpetxeko lanari esker, eta Lintzan "herri batean pertsonekin eta naturarekin lortzen ez den lotura berezia" sortzen dela sentitzen du. Konexio horiek sortzen dira, adibidez, gauetan tximiniaren alboan esertzen direnean, eta kanpora atera eta izarrak ikusten egoten direnean: "26 urtean ez naiz aspertu jendeari sortzen zaion zirrara horrekin".

Haren arabera, "luxu bat" da esnatu eta Pirinioetan zaudela sentitzea. Horixe da, Odriozolaren arabera, aterpezain izatearen alderik onena. Asko bidaiatutakoa da Azpeitiko bizilaguna, baina hala ere, Pirinioak "altxorra" direla uste du: "Erretiroa hartu arte Pirinioetan egotea espero dut". Badu, ordea, pena handi bat Odriozolak. Lintzako aterpetxearen ardura hartu zuen Miguel hil egin zen, eta gogorra egiten zaio egunerokotasuna harekin ezin partekatzea.

Aterpetxe batean lan egiteko mendia "maitatu" beharra dagoela uste du, baina guztiaren gainetik, ostalaria eta enpatia duen pertsona izan beharra dagoela azaldu du. Izan ere, aterpezainek badituzte ardurak: "Garai batean, mendian norbait galdu zela abisatzen zigutenean, geu joaten ginen bila; orain, baina, alde horretatik gauzak asko aldatu dira. Gaur egun, basozainen lana egiten dugu; suhiltzaileei deitzen diegu eta ezbeharra izan dutenei laguntza humanitarioa ematen diegu". Izan ere, asko dira gertatu diren eta oraindik ere gertatzen diren ezbeharrak: hildakoak, mendira prestatu gabe joaten den jendeak izaten dituen istripuak, elur beltza edota mendiaren hego aurpegiak zer diren ez dakitenak... "Askotan arduragabekeriagatik gertatzen dira ezbeharrak", aitortu du Odriozolak.

Hasiera batean, Lintzako aterpetxean jende gehien neguan ibiltzen baldin bazen ere, gaur egun uda garaian are jende gehiago joaten da Lintzara. Aterpezainaren iritziz, "abentura bila" joaten da jendea Pirinioetara, eta aitortzen du aterpetxeak Camille ibilbideari edota Enaren Ibilbideari "esker" ere bizi direla. Jende gutxien ibiltzen den garaia, berriz, azaroa izan ohi da, aterpezainaren arabera: "Mendia garai horretan arriskutsu egoten da, lehenengo elurrak ondo asentatu gabe egon ohi direlako eta egunak motzagoak izaten direlako".

Eta horrenbeste mendizaleren eta jenderen bueltan, anekdotak biltzeko tartea ere izan ohi du Odriozolak. Hala kontatu ditu batzuk: "Behin, takoidun zapatekin eta ondo jantzita etorri zen lagun talde bat Hiru Erregeen Mahaia mendira teleferikoan igotzeko asmotan. Han halakorik ez zegoela komentatu nienean pixka bat haserretu egin zitzaizkidan. Beste behin, berriz, furgonetarekin Petrechemako lepoan lo egin nahi zuen gizonezko bat etorri zen gurera. Esan nion hara joateko errepiderik ez zegoela, baina baietz esaten zidan. Mapa erakusteko eskatu nionean Camille ibilbidearen marra gorria seinalatu zidan: hura errepide nazionala zelakoan zegoen".

Pirinioetatik Izarraitzera

Aitarekin ondu zuen mendizaletasuna Odriozolak, eta ezagutu zituen lehenengo mendiak Izarraitz mendilerrokoak izan zituen. 2018an, Xoxoteko aterpetxea lehiaketara atera zenean, Lintzako eta Xoxoteko aterpetxeak, biak, zuzentzea "suertatu" zitzaion, eta horrelaxe egin zuen: bi aterpetxeetako lanak bateratu zituen garai batez azkoitiarrak. "Oso berezia eta oso polita izan zen Xoxoteko aterpetxean lan egitea", aitortu du hark.

Batzuetan, ordea, Xoxoteko aterpezaintza Lintzakoa baino zailagoa iruditzen zitzaiola azaldu du: "Lintzan jendeak aurrez deitu egiten du, eta gutxi gorabehera jakiten dugu zenbat jende ibiliko den. Xoxoten, ordea, ez". Hala ere, "oso esperientzia polita" izan zela esan du: "Horrenbeste urte kanpoan egin eta gero, kaletik at jende askorekin berriro egoteko eta mendiko harremana sustatzeko aukera izan nuen".

Pandemia garaian, Xoxoteko aterpetxeko lankidea zuena hil zenean, aterpetxearen ardura uztea erabaki zuen: "Orain dela bi urte utzi nuen Xoxoteko aterpetxea, eta ordutik behin bakarrik itzuli naiz hara. Oso oroitzapen onak ditut, eta kostatu egiten zait hara joatea". Hala ere, Izarraitzek "mendiarekiko maitasuna" eman diola sentitzen du: "Dena hasi zen tokia da Izarraitz".

Beni Odriozola

  • Adina: 55 urte.
  • Ikasketak: Dekoratzailea.
  • Lanbidea: Aterpezaina.
  • Aterpezaina ez banintz... bidaia gidaria izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Azpeitira etorri eta lagunekin egotea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide