Kirolerako plaza, urtebetez

Maialen Etxaniz 2023ko eka. 8a, 12:01

Azpeitiko Izarraitz skate parkeak urtea bete du, eta hori ospatzeko ekintzak egingo dituzte asteburuan. Arauntza Riders kluba mendi bizikleta eta irristaketa modalitateko kirolak sustatzeko lanean ari da herrian, eta gune berria zabaldu zutenetik, zaletasuna "nabarmen" areagotu dela adierazi dute. 

Ekainarekin urtea bete du Azpeitiko Izarraitz skate parkeak. Izarraizko Atea parkean dago kirolerako gunea, eta handik igarotzen direnek ondo dakite: ez dago skate parkera jenderik joaten ez den egunik. Badira goizean goiz skatean ibiltzera joaten diren zaleak, eguerdian bizikletetan jauziak egitera bertaratzen direnak nahiz arratsaldetik gauera arte denetarik egiten aritzen direnak. Adin guztietako herritarrak elkartzen dira han; haur, gazte eta heldu. Azken hilabeteetan zehar  bizi-bizirik egon da Izarraitz gunea, eta horrek eragina izan du kirolerako zaletasunean. Iaz, skate parke berriaren irekiera ospatzeko festa egin zuten ekainean, eta aurten lehen urtemuga jaia antolatu dute datorren astebururako. YK Riders eta Arauntza Riders taldeetako kideek eta Azpeitiko Udalak osatu dute egitaraua, elkarlanean.

Finean, YK Riders Arauntza Ridersen parte da, baina bi markak mantentzea erabaki dute. YK Riderseko eta Arauntza Riderseko kideak dira Amets Amubieta, Iñigo Garcia eta Enaitz Odria azpeitiarrak, eta haiek gertutik ikusi dute skate parke berriak herrian eragin duen "mugimendua". Guneak berak eskaintzen dituen aukerez jakitun, mendi txirrindularitza, skate, BMX, scooter, dirt eta roller modalitateko kirolak sustatu nahi dituzte.

Gazteei, aukera berriak

Izarraizko Atea parkeko gunea eraiki aurretik, Azpeitian bazegoen skate parkea, baina zaharkituta gelditu zela eta, hainbat gaztek udalera jo zuten gune berri bat eskuratzeko helburuz. Lortu zuten gunea, baina beste hutsune batzuk ere ikusten zituzten. Beraz, Arauntza Riders kirol kluba sortu zuten. Honela kontatu du Garciak: "Herrian mendi bizikleta eta irristaketa munduak lotzen zituen talde bat falta zela iruditzen zitzaigun. Jende antzekoa ibiltzen gara mendi jaitsieretan eta skate parkean, eta indarrak biltzeko, elkartea sortzea erabaki genuen. Ordurako YK Riders izenarekin aritzen ginen, baina kluba erregistratzerako orduan ez ziguten utzi izen hori erabiltzen. Horrenbestez, Arauntza Riders izena jarri genion diziplina guztiak lantzeko taldeari". Horrekin lortu nahi dutena da mendiko bizikletan nahiz patinajeko edozein modalitatetan aritu nahi duten herritarrei erraztasunak ematea. Hori dela eta, bi kirol horietako edozein diziplinatan aritzeko litzentziak egiteko aukera eskaintzen dute Arauntza Riders klubaren bitartez. "Hala ere, YK Riders izena erabiltzen jarraitzen dugu, izatez beti izan dugun izena delako eta oso geure sentitzen dugulako. Beraz, gauza serioetarako Arauntza Riders erabiltzen dugu, eta herrian gauzak egiteko eta, YK Riders. Horregatik sinatu dugu urteurreneko kartela bi izenekin", kontatu du Garciak.

Amubieta patinetan aritzen da, roller modalitatean. Skate parke berriak gazteak kirol horretara gerturatzeko aukerak eskaintzen dituela uste du, eta horretarako prest dago bera. "Irristaketa munduan aritutakoa naiz ni, batez ere lasterketetan, abiadura handiko patinajean. Orain, skate parke berriarekin, muturreko patinajean aritzen naiz gehiago. Iruditzen zait jendeak patinak eta monopatinak jolas gisa ikusten dituela, kirol praktika bezala ikusi beharrean. Hori dela eta, nik nahi dudana da gazteei erakustea irristaketa kirola dela", azaldu du Amubietak. Zentzu horretan, YK Ridersek eta Arauntza Ridersek egiten duten lana "positiboa" dela uste du: "Taldera hurbildu eta seriotasunez arituz gero, badago kirola eta zaletasuna indartzeko aukera. Ni horregatik animatu nintzen klubaren parte izatera". Beraz, kirolari "ikusgarritasuna" emateko baliatu nahi dute kirol gune berria: "Skate parkea oso ona da, eta inguruak asko laguntzen du. Parkea dugu, umeentzako leku egokia da, baita familientzako ere. Beraz, umeak nahiz gazteak kirolera erakartzeko aukera ugari eskaintzen du. Gure nahia da belaunaldi gazteak kirola praktikatzera animatzea, eta bide horretan, gure laguntza eskaintzea. Izan ere, umeak beren kabuz irristaketa praktikatzen hastea zailagoa da".

Odria skatean aritzen da, eta hark kontatu duenez, «nabarmen» areagotu da skaterako zaletasuna herrian Izarraitz gunea ireki zutenetik: "Euskal Herria auzuneko skate parke zaharrean hasi nintzen skatean, eta gogoan dut jendeak kirola egiteari utzi ziola gunearen egoera eskasa tarteko. Argi zegoen gune berria behar zela. Orain, jendea kirolerako gogo gehiagorekin ikusten dut, bai neskak, bai mutilak, umeak, gazteak, helduagoak… Hori ikustea oso pozgarria da". Gainera, jende ugari ibiltzen denez, elkarrengandik ikasteko aukera dutela nabarmendu du. Iritzi berekoa da Garcia: "Jende oso ona etortzen da skate parkera, batez ere uda sasoian. Maila handiko kirolariak ikusteak ikasteko balio du, besteei begira asko ikasten baita". Garcia, skate parkean ez ezik, mendi jaitsieretan ere aritzen da, eta hark aitortu du praktika horretarako zailtasun gehiago dituztela: "Jaitsierak egiteko erabiltzen ditugun lurrak jabego pribatukoak dira, eta, beraz, jabeek dute zirkuituetan gertatzen denaren gaineko ardura. Gure hurrengo helburua da eginda ditugun zirkuituak denontzat irekiak eta libreak izatea. Horretarako lanean ari gara".

Lehen urteko helburuak beteta,  ostiraletik igandera izango da  zer egin eta zertaz gozatu Izarraitz skate parkean. 

Hona hemen egitaraua, osorik: 

Ekainak 9, ostirala: 

  • 16:00-20:000: YK Riders freesession.
  • 17:30: Iago magoren ikuskizuna.
  • 21:00: Kontzertuak: Azkoitiko CheckBoyz hip hop taldea eta Azpeitiko Hit Bound reggae taldea.

Ekainak 10, zapatua:

  • 09:00-14:00: skate ikastaroak.
  • 10:00: grafiti eta kamisetak margotzen ikasteko tailerrak.
  • 14:30: Bazkaria, Esklaben atarian. Ondoren, Mery eta Kusto musikarien kontzertu akustikoa. 
  • 16:00etatik aurrera: Jam Session.
  • 20:00: Parrillada.
  • 21:00: Kontzertuak: Azpeitiko Leherkaitz eta Zumaiako Hoben.

Ekainak 11, igandea:

Euskal Herriko skate txapelketa, egun osoan zehar.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide