'Isiltasunetik munduari begira' proiektuak jaso du Joxe Takolo beka

Nerea Uranga 2023ko eka. 8a, 17:03

Joxe Takolo bekaren antolatzaileak eta irabazleak. (Nerea Uranga)

Itziar Agirrebarrena eta Enrike Zeberiok, Josu Iztueta entzulea gidari dutela, Marokora egindako bidaia oinarri duen ikus-entzunekoa gauzatuko dute Joxe Takolo bekari esker.

Azpeitiko Udalak, Euskal Mendizale Federazioak eta Lagun Onak mendi bazkunak ematen duten Joxe Takolo bekaren aurtengo proiektu irabazleak Itziar Agirrebarrena eta Enrike Zeberio ditu protagonista; gorrak dira biak, eta haiek Josu Iztueta gidari dutela Marokora egindako bidaia oinarri hartuta, dokumentala onduko dute. Antxon Bandres Bidaiarien Txokoaren egitasmoa da Isiltasunetik munduari begira proiektu irabazlea. Joxe Takolo bekaren 4.000 euro jasoko ditu egitasmo horrek.

Joxe Urbieta Takolo mendizale zenaren oroimenezko aurtengo beka bigarren deialdian banatu dute; hala azaldu du Egoitz Arruti Kirol zinegotziak. Bekaren bigarren deialdi horretara hiru proiektu aurkeztu dira, eta "bat aukeratzea asko kostatu" zaiela nabarmendu du; azkenean, Isiltasunetik munduari begira proiektuari ematea erabaki dute. "Joxe Takolo bekak alderdi asko jasotzen ditu bere oinarrietan; sorreran, batik bat, goimendizaletasunera bideratutakoa izan zen, eta denborarekin, bekaren esparrua zabaltzen joan da. Dibulgazioari eta inklusioari garrantzi berezia ematea erabaki dugu aurten".

Josu Iztueta Antxon Bandres Bidaiarien Txokoko kideak eta Isiltasunetik munduari begira proiektuaren sustatzaileak Joxe Takolo bekara aurkezteko asmoaren nondik norakoak azaldu ditu. Joxe Takolo bera eta Azpeitiko beste hainbat mendizale ezagutu zituela eta "Urraki bestaldetik" Azpeitira etortzea "pozgarria eta hunkigarria" egiten zaiola adierazi du. Lagun Onak mendi bazkunarekin aurretik ere bestelako hartu-emanak izandakoa dela gogorarazi du Iztuetak; besteak beste, mendizale elkartearen 75. urtemugan.

40 urte geroago 

Isiltasunetik munduari begira egitasmoaren abiapuntua azaltzeko, bi protagonisten haurtzarora egin du atzera Iztuetak. "Nire bizitzaren ibilbidean hainbat espedizio egin izan ditut: Hiru Pauso, Hiru Norabide; Pangea... Beste gauza batzuen artean, banituen txikitatik beste kezka batzuk ere, eta bidean, 21 urte nituenean, Enrike eta Itziar 7 eta 8 urteko neska-mutikoak ezagutu nituen; gorrak biak. Haien gurasoak etorri zitzaizkidan beren seme-alabei gimnasiako eta psikomotrizitateko klaseak emango al nizkien galdezka", kontatu du Iztuetak. 

40 urte geroago, txikitan ezagutu zituen bi pertsona haiekin bidaia bat egiteko proiektua gauzatzea erabaki zuen Iztuetak, eta Aste Santuan Marokora egin zuten bidaia: "Beren isiltasunetik, beste kultura, sinesmen eta bizitzeko era bat ezagutzeko eta beste mundu bat deskubritzeko helburuz egin genuen bidaia hara". Keinu hizkuntzaren bi interpreteren laguntzarekin Atlas mendietan, basamortuan, nomadekin... ibili ziren, furgonetan bidaiatuz.
Marokon igaro zituzten hamabost egunak "ziur asko" han inoiz igaro dituen "intentsoenak" izan direla nabarmendu du Iztuetak. "Edozer gauzak denbora bikoitza behar du; esaterako, nik hitz egin eta entzule denek momentuan ulertzen dute, baina keinu hizkuntza ez dakidanez, Enrikerekin eta Itziarrekin ezin dut era horretan komunikatu, interprete baten beharra dut".

Agirrebarrenak eta Zeberiok Marokoko bidaia "esperientzia oso positiboa" izan dela adierazi dute: "Elkarbizitzari dagokionez, oso harreman interesgarriak egin ditugu. Bidaian entzuleen eta gorren arteko elkarbizitza posible izan da keinu hizkuntzaren interpreteei esker, bestela bi mundu horiek ezingo liratekeelako hain erraz ulertu".

Bestearen lekuan jarriz

Marokora egindako bidaian oinarrituta, dokumentala gauzatuko dute orain, entzuleak gorren lekuan jartzeko eta haiek sentitzen dutena sentitzeko helburuarekin, Iztuetaren arabera: "Gorrak guk esandakoa ulertu ezinik egoten diren bezala, entzuleok behingoz haiek adierazten dutena ez dugula ulertzen eta interprete baten beharra daukagula sentitzea nahi dugu". Horri lotuta, anekdota txiki bat ere kontatu du Iztuetak: "Enrikek eta Itziarrek Marrakexko plazan edota basamortuan entzuten dutena berbera da: erabateko isiltasuna. 50 urte daramatzate isiltasun horretan bizitzen, eta hori da azaldu nahi duguna, Joxe Takolo bekak posible egingo duena".

Agirrebarrenaren ustez, egingo duten dokumentala garrantzitsua izango da beren errealitatea jendearengana gerturatzeko: "Batzuek uste dute pertsona gorrok ez dugula hitz egiten, ez garela komunikatzen. Marokoko esperientzian ikusi da, nahiz eta Euskal Herrian eta Marokon hizkuntza eta kultura desberdinak izan, hemengo eta hango bi pertsona gor elkartu garenean, identitate bereko bi pertsona elkartu garela. Hango keinu hizkuntzaren eta hemengoaren artean desberdintasunak daude, baina errazagoa da bi gor komunikatzea bi entzule baino". Entzuleek beren artean komunikatzeko baino erraztasun gehiago izan dute Agirrebarrenak eta Zeberiok hango gorrekin komunikatzeko:"Dokumentalean hori adieraztea polita izango da, sentsibilizazio hori gizarteratzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide