Mirian Quintana: "Bizi dudan etaparen arabera pintatzen dut"

Nerea Uranga 2023ko eka. 14a, 10:19

Mirian Quintana 'Kaosa' erakusketako obra baten ondoan, Sanagustin kulturgunean. (Nerea Uranga)

11 artelan bildu ditu Quintanak Azpeitiko Sanagustin kulturgunean ipinita duen Kaosa erakusketan. Lanen sormen prozesua azaltzeko bideo bat eta argazkiak ere jarri ditu. Ekainaren 18ra arte izango da ikusgai.

Kaosa margolan erakusketa du zabalik Mirian Quintanak (Urretxu, Gipuzkoa, 1988) Azpeitiko Sanagustin kulturgunean; ekainaren 18ra arte egongo da irekita. 11 artelan bildu ditu, arte figuratibotik abstrakturako lanak, teknika eta euskarri desberdinekin egindakoak. Lanen sormen prozesua azalduz bideo bat ere jarri du ikusgai Sanagustinen. Arte Ederrak ikasitakoa da, eta Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegiko irakaslea da duela hamar urtetik, Azpeitian bizi denetik.

Kaosa izenburua jarri diozu erakusketari. Zergatik?

Beti gehiago landu dut pintura figuratiboa, horrekin hasi nintzen; gero, baina, pixkanaka-pixkanaka, lan abstraktuagoak egiten hasi nintzen, eta egindako azken lanak abstraktuak dira erabat. Eboluzio bat erakusten dute lanek. Nire bizitzako momentuen arabera pintatzen dut beti, eta orain etapa kaotiko samar batean sartuta nabil. Arte garaikideari buruzko doktoretza egiten ari naiz, artearen irakaskuntza ikertzen ari naiz, eta ikerlan horretan galdera asko sortzen ari zaizkit; horri guztiari lotuta jarri diot Kaosa izenburua.

Kolore biziko lanak, baita ilunagokoak ere, jarri dituzu ikusgai Kaosa erakusketan.

Aurretik esan bezala, bizipenen edota bizi dudan etaparen arabera margotzen dut. Esaterako, bi lan kaos negatiboa eta kaos positiboa transmititu nahian egindakoak dira. Bata, momentu txar bat bizi nuen garaian egin nuen, baina hori sortzerakoan bestelako emozio batzuk piztu eta beste lan bat egiteko aukera sortu zitzaidan. Hala, bestea, kolorea gehituta, beste emozio batzuk piztuz, sortu nuen. Azkenean, pinturak aukera hori ematen du, sortzen ari zaren heinean, beste emozio batzuk ernaltzen dira, gauzak beste era batera ikusteko aukera emanez. Hain zuzen ere, hori guztia da erakusketarekin azaldu nahi dudana. Erakusketako lainoaren koadroa hasieran bere islarekin egin nuen, baina ia bukatuta nuenean, zerbait falta zitzaiola iruditzen zitzaidan, eta urre kolorearekin desegitea irudikatu nuen. Lan bat polita izateak bakarrik ez dit balio, zerbait transmititzea nahi izaten dut.

Beraz, lan batek zuk adierazi duzun hori ez badu, ez duzu bukatutzat ematen, ezta?

Hori da. Esaterako, lan batzuen euskarria kartoia da, eta material hori erabili dut hainbat aukera eskaintzen zizkidalako: malgutasuna, mugimendua, puskatutakoan duen testura... Hala ere, ez da izan lantzeko uste bezain material erraza kartoia; erakusketa jartzerakoan, bere zailtasunak ditu. Dena den, bizitzan ditugun loturak irudikatzeko, kartoi gaineko lanak sokekin lotu ditut. Kartoian egindako margolanetan bizitzako loturak, emakumea –nire lanetan askotan irudikatzen dut–, askatasuna... irudikatu ditut. Sorkuntzaren eboluzio hori guztia oso kaotikoa izan da: aurrena, kartoiaren gaineko lanak, gero hodeiarena, eta azkenak kaos positiboarena eta negatiboaren obrak izan dira. Hori guztia da Kaosa erakusketak biltzen duena.

Eta zer teknika erabili dituzu erakusketako lanak egiteko?

Akrilikoa, olioa eta tinta txinatarra erabili ditut. Asko gustatzen zait tintarekin lortzen den efektua; pintura beltzarekin ere egin daiteke hori, baina ez da gauza bera, ez da beltz berdina. Horrez gain, tinta txinatarraren usaina oso berezia da, eta hori ere gustatzen zait.

Ikatza ere asko erabiltzen dut nire lanetan; gustatzen zait teknika lehorra eta bustia nahastea, biak elkartzea. Collagea ere asko erabili dut erakusgai jarritako lanetan, eta teknika hori ez dut asko erabili izan, baina gustura gelditu naiz emaitzarekin.

Tamaina handiko koadroak dira erakusgai jarritakoak.

Bai, espazioa behar dut lanerako. Egun, ez naiz kabitzen toki txikian, transmititu nahi ditudan emozio horiek espazioa eskatzen didate. Gero, baina, lan horiek gordetzeko tokia bilatzea ez da erraza izaten.

Sanagustinen jarritako Kaosa erakusketa artearen irakaskuntzarekin ere uztartu duzu. Alegia, koadroetako bat zure ikasleekin egindakoa da.

Bai, erakusketako mendien edota paisaiaren koadroa ikasleekin, haurrekin, batera egin dut. Lan horren sortze prozesua bideo batean eta argazkietan ikusgai dago erakusketan bertan. Nik bozeto bat egin nuen, eta horren gainean egin dute lan ikasleek. Haientzako esperientzia berria izan da, eta lanean aritu ziren bitartean, beren artean elkarrizketak sortzen joan ziren.

Egun egiten ari zaren doktoretza lana ere artearen irakaskuntzan oinarrituta dago, zure egungo lanbidean.

Bai, batik bat hezkuntza ez arautuko arte akademietan oinarrituta ari naiz ikerketa lana garatzen. Hamar urte dira artea irakasten hasi nintzela haur, gazte eta helduei, eta urte hauetan guztietan asko aldatu da egoera. Lehen akademizistagoa zen irakaskuntza: metologia zehatz batekin, marrazketa asko lantzen eta irakasten zen.

Eta orain nola aldatu da hori?

Askatasun gehiagorekin irakasten da gaur egun. Lehen artea irakastea zerbait sortzen laguntzea zen, eta orain gehiago sakontzen dugu lan prozesuan. Helduen kasuan, esaterako, baditut hainbat gaixotasun dituzten ikasleak; dela alzheimerra, depresioa... Horiei sorkuntzak edota pintatzeak onurak eskaintzen dizkie; hala nola alzheimerra duenari bere prozesuan pintura oso lagungarri egiten zaio. Depresioa duenak dio margotzeak abstrakzioa lantzen edota barreneko sentimendu horien espresioa ateratzen asko laguntzen diola. Lehen aldean, nerabe gehiago ere joaten da gaur egun Arte eta Diseinu Ikastegira, eta horrek egunerokotik deskonektatzeko balio diela esaten dute.

Irakaslea zara, baina era berean, ikasten ari zara zure ikerketa lanerako?

Bai, hala da. Izan ere, irakasten ari naizen bitartean, ikasten ere ari naiz, baita ikasleen sormena beste era batera nola gara daitekeen ikertzen ere. Arte irakaskuntzarako dauden metodologiak aztertzen ari naiz, eta arte ikasleek beren askatasuna izateko bidelagun nola izan ikertzen ari naiz. Haur askok zera esan izan didate: "Nik oso gaizki margotzen dut". Nondik datorkie uste hori? Nork transmititu die? Hori aldatu eta irauli egin behar da, eta dagoeneko, toki askotan lan hori egiten ari dira. Haur guztiek dute, era batera zein bestera, beren barrukoa ateratzeko eta sormena lantzeko aukera. Artearen mundua zabala da. Doktoretza lagungarri zait, nire bizitza eta lanbidea uztartzeko, dena lotuta baitago. Horregatik guztiagatik, ikerlana erraza egiten ari zait.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide