Gorka Azkune: "Gai gara lan asko automatizatzeko eta makinen bidez egiteko"

Ane Olaizola 2023ko eka. 15a, 10:30

Gorka Azkune. (Ihintza Elustondo)

Kulturazek antolatutako jardunaldien barruan, Adimen artifizialaren ertzak mahai inguruan parte hartuko du Gorka Azkunek (Azpeitia, 1982) etzi, 12:00etan, Dinamoa sormen gunean.

Gero eta esparru gehiagotan dago txertatuta adimen artifiziala: automozioan, sormenean, robotikan... Iraultza hasi besterik ez da egin?

Urteak dira iraultza, akademikoki behintzat, hasi zenetik, eta urte hauetan gauza asko lortu dira adimen artifizialaren esparruan. Gaia orain iritsi da publiko orokorrera, eta ChatGPT programak zeresan handia izan du horretan, baina aurretik ari ginen ikusten aldaketa handiak eta garrantzitsuak zetozela. Zaila da aurreikustea honek guztiak zer bilakaera izango duen, baina uste dut erreminta horiek geratzeko etorri direla. Adimen artifizialaren inguruko gero eta aplikazio gehiago ikusiko ditugu, eta espero dut zientziak aurrera egiten jarraituko duela. 

Zerk hasi du iraultza hori?

Esparru zabala da adimen artifizialarena; historikoki teknika asko landu dira. 50eko hamarkadan kokatzen dugu adimen artifizialaren sorrera; orduan atera ziren aurreneko prototipoak. Baina, batez ere, 2012tik aurrera, neurona sare sakonak izan dira adimen artifizialaren iraultza ekarri dutenak. Neurona sare sakonak ez dira berriak, baina urte horretatik aurrera izan ditugu sare horiek ondo funtzionatzeko eta modu fidagarrian entrenatzeko hardware sareko ordenagailu pontenteak. Horrez gain, datuen eskala handitu da, eta hori oso garrantzitsua izan da. Azken batean, gizartea digitalizatzen ari da, eta egun, herritarren aktibitate handia gune digitalean dago: argazkiak, testuak, musika... sarera igotzen ditugu. Material digital ugari sortzen ari gara, eta dena Internetez partekatzen dugu. Beraz, datuak askoz eskuragarriago ditugu egun, eta hain zuzen ere, neurona sare sakonek datu pila bat behar dituzte entrenatzeko. Beraz, teknologia hobetzeak, neurona sare sakonaren erabilerak eta datuen eskalak eraman gaituzte adimen artifizialaren iraultzara. 

Zertarako eman dio gizakiak makinari inteligentzia?

Interes desberdinak daude; horien artean, zientifikoa: benetan gai al gara giza adimena ulertzeko eta erantzuteko? Eta makina adimentsuak sortzeko? Interes zientifikorako oso garrantzitsua da adimen artifiziala. Dena den, badaude interes praktikoak ere; azken batean, gai gara lan asko automatizatzeko eta makinen bidez egiteko. Garai batean, zera galde zitekeen: zertarako behar ditugu lurrun motorrak? Ordura arte, harri bat mugitzeko 50 pertsona behar ziren; eta lurrun motorrarekin, pertsona bakarrarekin egin zezaketen hori. Lan asko automatizatzeko gai bagara, horrek onura ekar dakioke gizakiari. 

Adimen artifizialaren oinarrian matematika algoritmoak eta datuak daude. Nola uztartzen dira horiek?

Batez ere neurona sare sakonen bidez garatzen dugu teknika. Funtzio matematiko batzuk besterik ez dira horiek, eta matematikaren bidez ari gara modelatzen gizakiaren garunean ustez gertatzen dena. Neurona sare naturalak eta artifizialak inondik inora ez dira berberak, baina artifizialak naturaletan inspiratzen dira, eta hori matematikoki modelatzen da. Lan horretan, eskuz finka ezin daitezkeen parametro asko daude. Beraz, zera egiten da: datu pila bat hartu, horien gainean helburu batzuk finkatu eta neurona sare artifiziala datuen gainean ikasten jarri. Zer esan nahi du horrek? Datuetan parametro onenak bilatzen direla detektatu nahi dena detektatzeko. Horregatik esaten dugu sareak entrenatu egiten direla, parametroak doitu egiten dituztelako. Eta balio onenak topatzen direnean, entrenatutako sarea edukitzea lortzen da.

Beraz, adimen artifiziala, zenbateraino da artifiziala?

Adimen artifiziala da ez delako naturalki sortutakoa, gizakiak sortutakoa baizik: ordenagailuak zein eredu matematikoak gizakiak sortu ditu, eta gizakiak datuak hartu eta entrenatu egin ditu. Beraz, guztiz artifiziala da.

ChatGPT aipatu duzu. Gero eta enpresa gehiagok erabiltzen dute ospetsu egin den tresna hori. Zertarako erabiltzen da?

Gauza askotarako erabil daiteke: programatzaileek, esaterako, kodeak idazteko erabiltzen dute; badago jendea testua formatuz aldatzeko erabiltzen duena, baita laburpenak egiteko ere. 

Zer abantaila eta arrisku ditu?

Erreminta lagungarria izan daiteke gauza askotarako, batez ere, idazketari lotutako lanetarako. Kontrara, jendeak tresna horri ematen dion sinesgarritasunaren arabera etor daitezke arriskuak. Batzuek diote ChatGPT duenak ez duela medikuarengana joan beharrik, erabiltzaileak tresnari esaten diolako zer sintoma duen eta hark erantzuten diolako zer egin. Astakeria galanta da hori. ChatGPT-k ezin du medikua ordezkatu. Baina arazoa ez da ChatGPT, arazoa jendearena da. Tresnari sinesten badiogu, gaizki gabiltza. Esaterako, txosten garrantzitsu bat idatzi behar badut eta ChatGPT-k ematen didan informazioa goitik behera sinesten badut, hori ere arriskutsua da. Izan ere, ChatGPT-k beti erantzungo dizu zerbait, baina ziurrenik, guztia ez da izango zuzena. Beraz, informazioa txekeatu behar da. 

Adimen artifizialak ordezkatuko al du giza adimena?

Norberak zer sinesten duen da gakoa. Etorkizuna aurreikustea beti da zaila, baina sinetsita nago adimen artifizialak giza adimena gaindituko duela, ez diodalako ikusten muga teorikorik. Iritzi pertsonala da, ordea.

Duela egun batzuk kaleratutako albiste baten goiburua da honakoa: "Adimen artifizialaren sortzaileek gizateriaren desagerpena ekar lezakeela ohartarazi dute". Zer diozu?

Guztiz neurriz gainekoa iruditzen zait, azalekoa ere bai, mezua esaldi bakarrean laburtzen duelako. Albiste horretan, klima aldaketaren eta gerra nuklear baten parean jartzen da adimen artifiziala, eta gehiegizkoa iruditzen zait hori esatea. Adimen artifiziala oraindik ez dago hain garapen maila altuan, are gutxiago halako arriskuak sortzeko. Finean, teknologia bat da, eta horren erabilera da garrantzitsuena, gauza guztiekin gertatzen den bezala. Energia nuklearra bera ere ondo erabil daiteke, edo gaizki. Kasu honetan ere gauza bera gertatuko da.

Adimen artifizialaren gaineko zer araudi dago indarrean? 

Arlo horretako ezagutza handirik ez dut, baina ez dut uste gauza handirik dagoenik oraindik.

Adimen artifizialak nola eragingo die lanbideei?

Adimen artifizialak esparru askotan abantaila handiak eragingo ditu, eta tresna hori erabiltzeko trebatuta dagoen jendea langile hobea izango da, betiere, kakotx artean esanda. Historikoki ere hala izan da: ordenagailua sortu aurretik guztia eskuz egiten zen mila lanbide daude. Ordenagailua iritsi zenean, langile batzuk ez ziren horretara egokitu, eta gailua menperatzen zutenek hobeto egiten zuten lan. Uste dut adimen artifizialarekin ere hori gertatuko dela. Tresna ondo erabiltzen duenak abantaila izango du bere esparruan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide