Eider Beobide eta Maria Oses: "Maitasuna esploratu nahi genuen, besteen esanetatik eta guretik"

Miren Garate-Gipuzkoako Hitza 2023ko eka. 16a, 16:07

Eider Beobide eta Maria Oses, Dinamoan.

Askotariko edukien itzulpenekin eta sorkuntza propioekin osatu dute Intsumisoena emanaldia Maria Osesek eta Eider Beobidek, maitasuna ardatz hartuta. Igandean egingo dute estreinaldia, 12:00etan, Dinamoan. Miren Garate kazetariak Gipuzkoako Hitzarako egindako elkarrizketa da honakoa.

Azpeitiko Udalak ematen dituen sorkuntza beketako bat lortu zuten Maria Oses (Arrasate, 2000) eta Eider Beobide (Donostia, 2000) itzultzaileek, eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak kudeatzen duen Dinamoa sormen gunean aritu dira beren emanaldia prestatzen. Hantxe bertan egingo dute estreinaldia, igandean, 12:00etan. Intsumisoena izena jarri diote lanari. Azaldu dute lanak jorratzen duela, besteak beste, zer den maitasunaren intsumiso izatea eta zer maitasunean arauetatik ateratzea.

Igandean egingo duzue Intsumisoena emanaldiaren estreinaldia. Zer-nolako lana da?

MARIA OSES: Literatur itzulpenetan eta sorkuntzetan oinarritutako emanaldi bat izango da. Literatur itzulpenak esaten dugunean, ez gara ari hizketan liburuei buruz bakarrik; ikus-entzunezko lanak eta bestelakoak ere hartu ditugu. Gure erreferentzia diren egileak eta edukiak ekarri nahi izan ditugu euskarara, eta horiei gure sorkuntza batzuk batuta osatu dugu emanaldia. Ildo edo oinarri moduan, berriz, maitasuna hartu dugu.

EIDER BEOBIDE: Itzulpengintza ikasi dugu biok, eta hortik ezagutzen dugu elkar. Iruditzen zitzaigun garrantzitsua dela beste hizkuntzetan irakurtzen edo ikusten genituenak euskarara ekartzea. Gure sorkuntzak ere sartu ditugu, baina zatirik handiena itzulpenek osatzen dute. Itzulpenak ere guk egindakoak dira, ez lehendik euskaraz zeudenak.

Zer egileren lanak itzuli dituzue zuen obrarako?

E.B.: Gaztelaniatik, ingelesetik eta frantsesetik egin ditugu itzulpenak. Jende askoren lanak itzuli ditugu: Elena Codes Kordobako idazlearenak, Lo que hay liburua idatzi duen Sara Torresenak, Leonor Cervantes idazlearenak, Fleabag telesailekoak, Dominique Jackson Pose telesaileko protagonistetako bat ere agertzen da…

Irakurri elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide