Herriko hiru ikastetxeetako, guraso elkarteetako eta udaleko ordezkariek eskola kirolaren inguruko hausnarketa hasi dute bukatzear den ikasturtean, eta hausnarketa prozesuaren zer puntutan diren eta prozesu hori zer norabidetan egiten ari diren gurasoei azaltzeko saioa egin zuten duela egun batzuk. LH3tik LH6ra arteko herriko ume gehienek parte hartzen duten zerbait izanda, interesa sortu zuen deialdiak, eta gurasoz leporaino bete zen Azoka Plazako aretoa. Baina zertaz hitz egin zuten saio horretan? Zergatik ari dira eskola kirolaren inguruan gogoetan? Azken lau urteotan Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburu izan den Egoitz Arrutik eta Ikasberriko eskola kiroleko koordinatzaile Alaitz Badiola azaldu dituzte egiten ari diren lanketaren zergatiak eta nondik norakoak.
Arruti: "Duela bi urte hasi ginen herrirako Kirol Plana lantzen, eta horretan ari ginela, ikusi genuen bazeudela eskola kirolari lotutako hainbat gauza hobetu beharrekoak. Adibidez, konturatu ginen inon ez geneuzkala jasota eskola kirolaren helburuak zeintzuk izan behar duten, hemendik urte batzuetarako ikuspegia eta abar. Jabetu ginen bazeudela hausnartzeko gauza batzuk, eta erabaki genuen Eskola Kirol Plana egitea". Helburu horrekin, gogoeta prozesua abiatu zuten, eta hiru bilera egin dituzte Kirol Management enpresak bideratuta.
Izan ere, Badiolaren esanetan, hiru ikastetxeetako errealitatea "oso desberdina" da eskola kirolari dagokionez. "Ikasleei zein horien gurasoei ikasturtean zehar hainbat galdeketa betearazi dizkiegu ikusteko zein den horien iritzia; ikastetxe bakoitzaren egoera zein den ikusi nahi izan dugu, komunean jarri; eta hortik abiatuta, definitu nahi dugu herrira begira zer eskola kirol mota nahi dugun. Prozesuaren helburua hori litzateke, nahiz eta oraindik ere hastapenetan gauden. Gainera, badakigu dokumentu bizi bat izango dela egingo duguna, urtean-urtean aldatzen joango dena, errealitatea bera joango zaigulako erakusten. Hala ere, eskola kirola horrenbeste ume mugitzen dituen zerbait izanda, nahi duguna da hiru ikastetxeok gutxieneko batzuk behintzat hitzartzea: helburua, bisioa, entrenamendu formatua eta abar".
Arrutik jarraitu du: "Azken urteetan asko aldatu da eskola kirola, baina oraindik ere bada zertan hobetua. Eskola kirolak izan behar du umeen kirol jardunaren ardatza, eta balioa eman behar diogu eskola kirolari, herriko ume guztiek aukera berdintasunean kirola gauzatzea eskaintzen duen bitarteko bat baita. Egitasmo komunitario bat dela ulertu behar dugu, sozializatzeko balio duen tresna bat, umetatik balio jakin batzuk sustatzeko eta ohitura osasungarriak hartzeko bitarteko bat, kontzientzia hori sortu behar dugu, eta herriko ume guztiei eskura jarri herrian daukagun kirol aukera zabala".
Erabaki zehatzak
Bide horretan, egiteko lan asko dagoela azpimarratu dute biek ala biek, eta orain artekoa hasiera bakarrik izan dela. Badiola: "Hala ere, saiatu gara datorren ikasturtera begira gauza batzuk finkatzen eta erabaki zehatz batzuk ere hartu ditugu. Adibidez, datorren ikasturtean LH3tik LH6ra arteko mailetan ibiliko diren herriko ikasleen guraso guztiek dagoeneko eskura dute ikasturte guztiko eskola kirol egutegia; ikastetxe guztietan adin tarte bereko ikasleek egun eta ordu berean egingo dituzte entrenamendu saioak; formatu bereko entrenamenduak egingo dituzte; eta asteburuetako saioek maiztasun txikiagoa izango dute. Horiek hasteko, baina etorriko dira aldaketa gehiago; adibidez, gurasoen parte hartze handiagoa bultzatzeko aldaketak".