Eva Serna: "Sortze prozesuan ateratzen zaidan horri ematen diot bide"

Julene Frantzesena 2023ko eka. 22a, 09:30

Eva Serna Sanagustin kulturgunean, bere obren aurrean. (Julene Frantzesena)

Eva Sernak (Donostia, 1970) hainbat obra jarri ditu ikusgai Sanagustin kulturgunean. Beizaman bizi den aizarnarrak askotariko materialak erabilita sortutako obra biziak ikus daitezke kulturguneko hormetan, margotzen hasi zenetik hona sortutakoak. Uztailaren 19ra bitartean izango da zabalik erakusketa.

Zeren arabera aukeratu duzu zer lan jarri erakusgai?

Batzuk lehendik hasita nituen obrak dira, Dinamoan bukatu ditudanak. Beste batzuk, berriz, hutsetik egin ditut espreski erakusketarako. Sortze prozesuan ateratzen zaidan horri ematen diot bide. Izan ere, gauza batekin hasten naiz askotan, baina lana pixka bat garatuta, hasierako ideia erabat aldatzen zait.

Zein izan ohi duzu obren abiapunturako inspirazio iturria?

Askotan buruan ditudan ideiak izaten dira abiapuntua, fantasia pixka bat. Bestalde, zerbait adierazten didaten argazkiak edo fotogramak. Ideia horietatik abiatzen naiz askotan, baina... Prozesuak luzeak izaten dira, eta asko aldatzen zaizkit hasierako ideiak.

Zer material erabili dituzu lanak egiteko?

Olio pinturak, olio pastelak, klera, pintura akrilikoak... Denetarik; izan ere, pintura bakoitzak testura bat ematen du. Ikusgai jarri dudan margolanetako baten mihisea, adibidez, zaborretan bilatu nuen. Tamaina ederra zuen, eta harekin joan nintzen Dinamora. Bilatzen edo eskuratzen dudan materialaren araberako lanak egiten ditut; asko baldintzatzen du materialak obra, baita pintura motak ere. Ez dut erakusketan jarri, baina saltokien katalogoetako paper zatiekin-eta osatutako collage handi bat ere ari naiz egiten.

Non ikasi duzu margotzen?

Nire kasa hasi nintzen etxean margotzen. Komiki asko irakurtzen nituen sasoi batean, eta zuri-beltzeko marrazki txikiak egiten hasi nintzen. Gero, arkitektura ikasketak hasi nituen, eta asko pintatzen genuen, nahiz eta dena oso klasikoa izaten zen; eraikinak, monumentuak... Teknika asko ikasi nuen, egia esan. Gainera, Diego Cruzekin ere aritu nintzen ikasten, baita Gorka Larrañagarekin ere. Baina gehien bat neure kasa aritu izan naiz, eta artista hainbat izan dira nire inspirazio iturria.

Zure ibilbidean osatutako lanak jarri dituzu Sanagustinen. Zure ibilbidearen laburpena al da erakusketa?

Margotzen hasi nintzenetik hona sortu ditudan obren errepresentazio bat jarri dut ikusgai. Batzuk oraintsu egindakoak dira, beste batzuk hasita nituenak eta aurten bukatutakoak... Gutxi gorabehera, azken bost urtetan osatutako obrak daude ikusgai Sanagustineko hormetan. Minbizia tarteko, prozesu nahiko zaila bizi izan dut azken urteetan, eta beti margotzen aritu banaiz ere, ez dut motibazio berbera izan urteotan.

Izan dituzun aldarteak nabaritu egiten al dira lanetan?

Bai. Etxean esan didate ikusgai jarri ditudan lanek argi asko dutela, politak direla. Lehen jarri nuen erakusketako lanak, berriz, tristeagoak ziren, neu ere triste nengoelako une hartan. Bizi dudana eramaten dut obretara, ezin dut hori ezkutatu. Margotzeak asko lagundu dit bizitzako prozesu hori pasatzen; izan ere, ez dut margotzen lanak polit geratzeko. Saiatzen naiz lana ondo egiten, noski, baina barruan dudana kanalizatzeko modua da niretzat margotzea, baita idaztea ere.

Ez duzu lehen erakusketa, ezta?

Sanagustinen lanak erakusten ditudan hirugarren edo laugarren aldia da. Neure obrekin osatutako erakusketa bigarrenez jarri dut; izan ere, aurreko aldietan margotzen aritzen nintzen lagunen lanekin batera jarri nituelako nireak ikusgai.

Erakusketen mundua gustatzen al zaizu?

Gustura sentitu izan naiz egin ditudanetan, baina egia esan ez ditut erakusketa asko jarri izan. Aspalditik margotzen dut, baina bolada batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, ez baita nire ogibidea. Erakusketa bat jarri behar dudanean, gehiago margotzen dut, helburu bat jarrita izaten dudalako. Erakusketak eskatzen du aurrez lana jarraikorki egitea, eta horrek gustura sentiarazten nau. Gainera, oraingoan Dinamoa sormen gunean aritu naiz margotzen.

Zer moduzko esperientzia izan da Dinamokoa?

Oso ona. Kontzentratuta eta gustura aritu naiz han lanean. Ez dut margolan guztiak hara eramaterik izan, batzuk handiak ziren eta... Pare bat hilabetez jardun dut Dinamoan margotzen, astearte eta ostegun goizetan. Lanerako leku ederra da, oso egokia da lanerako, nahiz eta gauza bat sumatu dudan faltan: margolanak lehortzeko gune bat falta da, baina dagoeneko esan diet gunea kudeatzen dutenei.

Sortzaileentzat garrantzitsua al da halako leku bat izatea herrian?

Bai, oso. Mundiala da tokia. Lanak erakusteko leku asko egoten dira, baina lanerako ez, eta izugarrizko zortea da halako sormen gune bat izatea herrian. Askatasun osoz jardun dut han lanean.

Margotzen jarraitzeko asmoa al duzu?

Etxean tailer bat dut muntatuta, eta egia esan, nahiko martxa ona hartuta nabil. Izan ere, lehen lana, familia eta abar tarteko, hasi eta utzi, hasi eta utzi ibiltzen nintzen. Sortzen segitzea nahi dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide