Deñe Garcia-Bravo: "Aurreikusi ezin ziren doinuak biltzen ditu disko berriak"

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza - Unax Larrañaga 2023ko eka. 23a, 09:26

Hilabete luzeetako lanaren ostean, disko berria kaleratu du Deñe Garcia Bravok Isladen itzaletan izenekoa. Urrestillakoaren musika proiektua berrituta dator, banda eta guzti; izan ere, aurrerantzean Deñek ondoan izango ditu Maialen Urretabizkaia, Paula Moreno eta Olatz Azpiazu. Estetika ere aldatu du taldeak, eta larunbatean erakutsiko du sortutakoa jendaurrean, Urrestillako sanjoanetan. Emanaldiaren atarian, lan berriaz solastu da Deñe Maialen Etxaniz kazetariarekin.

‘Isladen itzaletan’ diskoa kaleratu du Deñek (Azpeitia, 2003). Berrituta eta taldearekin dator musika proiektua. Bihar emango du aurreneko kontzertua Urrestillako festetan. 

Hilabete luzeetako lanaren ostean, Isladen itzaletan diskoa kaleratu duzu. Nolakoa izan da sormen prozesua? 

Hasieran etxean hasi nintzen sortzen, etxeko logelan idazten nituen abestien hitzak. Duela hilabete batzuk, ordea, beste taldekide batzuekin hasi nintzen musika egiten. Hori dela eta, haiek nik idatzitako abestiak ezagutu ostean, kantuei ekarpenak egin zizkieten, eta abestiak osatzen joan ginen pixkanaka. Behin hori eginda, Zestoako Gaztain estudioan egin genuen diskoaren produkzio lana. Era berean, Deñe proiektuaren estetika sortzeko sormen prozesuan murgildu ginen, Isladen itzaletan gorpuztu den arte.

Zer ekarpen egin dio taldeak diskoari? Zein dira diskoaren ezaugarriak? 

Bost abestik osatzen dute diskoa, eta kantu horietan beste doinu batzuen presentzia nabarmentzen da; esaterako, sintetizadoreena edo bateriarena, Deñeren lehengo abestietan aurreikusi ezingo ziren doinuak biltzen ditu oraingo diskoak. Taldearekin jotzen hasteak beste ekarpen bat egin die abestiei. Sintetizadoreen presentziak beste ezaugarri bat eman dio; euskal musikan asko entzuten den zerbait da hori. Mezu garrantzitsuekin osatu ditugu abestiak. Gaurkotasunari lotutako abestiak egin ditugu, musika eta mezuak uztartuz. 

"Garai bateko Deñek barneratuta zituen beldurrak gainditzea da xedea"

Mezuak aipatu dituzu. Zer gai landu dituzue abestietan? 

Hitzak nik idatzitakoak dira. Bizipen pertsonaletatik abiatutako istorioak dira gehienak, nireak nahiz ingurukoen istorioetatik abiatutakoak. Diskoan ikusten da, besteak beste, bere burua aurkitzen ari den Deñe bat, orain arte izandakoa atzean uzten duena beste bat bilakatzeko. Ideia hori lotuta dago, aldi berean, proiektu musikalean Deñe izan denaren eta izan nahi duenaren konparaketarekin. 

Nolakoa izan nahi du Deñe berriak? 

Garai bateko Deñe oso bakarkakoa zen. Bere buruarekin bakarrik aritzen zen. Deñe berriak gauza berrietara zabaldu nahi du, eta gauza horiek bizitzeko gogoa du. Garai bateko Deñek barneratuta zituen beldurrak gainditzea da xedea, eta, besteak beste, hori lortu nahi da proiektu musikal berriarekin. Nork osatzen duzue banda? Hasieran, Maialen Urretabizkaia donostiarrarekin elkartu nintzen. Hura pianoa jotzen ikasten ari da Musikenen, eta nahi nuen pianoa ni baino gehiago menderatzen duen pertsona bat izatea taldean. Paula Moreno bateria jotzailea da. Durangarra da, eta nirekin ikasten du. Aurrez beste talde batzuetan ibilitakoa da. Azkenik, Olatz Azpiazu gitarra jotzaile azpeitiarra hasi da taldean. Uste dut taldekide guztiak neskak izateak balioko duela eredu bezala. Izan ere, musikaren industrian ez da ohikoa eta ez da erraza emakume taldeak sortzea. 

Estetika pentsatzen aritu zaretela aipatu duzu. Zer hausnarketa egin dituzue estetikaren inguruan?

 Alde batetik, atera ditugun abestietarako bideoklipak sortzea nahi izan dugu, eta kantuarekin bat datorren zerbait sortzea abestiaren bueltan. Bestetik, erabili ditugun irudiei dagokienez, hainbat argazkilari eta irudi hartu ditugu erreferentzia bezala. Era berean, oholtza gaineko estetikaz ere pentsatu dugu, eta hausnartu dugu kontzertuetan adierazi nahi dugunaz, besteak beste, arropaz edo makillajeaz. Hori dela eta, datozen emanaldietan Ekain Altunak lagunduko digu arlo estetikoan. Hark lagunduko digu jantziekin, orrazkerarekin eta makillajearekin.

Zer-nolako estetika izango du Deñek?

Proiektuak dituen ezaugarriekin bat dator estetika. Kolore aldetik, urdina eta morea izango dira oinarriak, kontrastea bilatzeko asmoz. Jantziak eta makillajea ere kolore horiei lotutakoak izango dira. Egindako lanarekin gustura gelditu al zara? Bai. Prozesua oso luzea izan da, eta ez da erraza izan. Taldekide bakoitzak bere bizitza du, eta ez da erraza horrelako proiektu bat aurrera eramatea eskaini behar zaion denbora kontuan izanda; denbora asko eskatzen du. Hala eta guztiz ere, emaitza ikusitakoan ohartzen zara balio izan duela  proiektuari denbora eskaintzeak. Oso gustura gaude kantuekin nahiz estetikarekin. Oran gelditzen zaiguna da jendeari erakustea eta ikus-entzuleei gozaraztea. Espero dugu jendeak gustuko izatea, guk bezainbeste. 

"Gaurkotasunari lotutako abestiak egin ditugu musika eta mezuak uztartuz"

Herrian bertan aurkeztuko duzu diskoa larunbatean. Hitzordu berezia izango da zuretzat. Sorpresarik egongo al da?

Talde osoarekin joango gara Urrestillara, hemendik aurrerako kontzertuetan egingo dugun bezala. Hori izango da berrikuntzarik handiena, eszenografiarekin batera. Urrestillan bertan ez da sopresarik egongo, baina udako beste kontzertu batzuetan sorpresak izango dira. Abestietako batean Intza abeslariak kolaboratu du, esaterako, eta zenbait emanalditan hura izango da oholtza gainean gurekin batera. 

Behin diskoa kaleratuta, zein dira zuen erronkak aurrera begira? 

Aurrena, diskoa aurkeztea eta taldea ezagutaraztea nahi dugu. Dagoeneko lotuta ditugu hainbat zuzeneko. Diskoaren aurkezpen bira amaitutakoan, lanean jarraitzea da asmoa, baita sortzen jarraitzea ere. Finean, gure musika jendearen etxeetara eramatea nahi dugu. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide