Bederatzigarren txapela xede, azpeitiarren hamalaugarren finalean

Andoni Elduaien 2023ko eka. 23a, 15:02

Finala jokatuko duten sei pilotariak eta Odriozola entrenatzailea, Izarraitz pilotalekuan. (Andoni Elduaien)

Azpeitiak eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko du Oiartzunen kontra, bihar, 16:30ean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Iaz baino "final irekiagoa" aurreikusten dute Ilunpe elkarteko pilotariek. Herriarteko Txapelketaren azken zazpi finalak jokatu ditu Azpeitiak.

Azpeitiak eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko du bihar, zapatua, Oiartzunen aurka, Donostiako Atano III.a pilotalekuan (16:30). Iaz finala jokatu zuten bi herriek jokatuko dute bihar ere txapelketako hitzordurik garrantzitsuena: Azpeitiak eta Oiartzunek. Iaz galdu egin zuen Azpeitiak finala, eta aurten, errebantxa hartu nahi dute Ilunpeko pilotariek. Txapelketan maila onean aritu diren sei pilotarik ordezkatuko dute bihar Azpeitia. Kadete mailan, Iñigo Sarasuak eta Jokin Artetxek jokatuko dute; gazte mailan, Beñat Labakak eta Beñat Ezamak, eta nagusien mailan, Iker Egigurenek eta Josu Labakak. 

Hain justu, aurrenekoz aritu dira aurten Herriarteko Txapelketan Sarasua eta Artetxe kadeteak; lehen aldia bazuten ere, bikotea ez da kikildu, eta "gogotsu" aritu dira. Hala azaldu du Sarasuak: "Ilusioarekin eta gogoarekin hartu dugu txapelketa, eta serio-serio jokatuta, lan polita egin dugu orain arte". Artetxek ere baieztatu egin du aurrelariaren esana, eta gaineratu du "ondo" moldatu direla bikote bezala orain arte, nahiz eta "aurkari errazak" izan dituzten.

"Parekatua" ikusten dute sei pilotariek biharkoa. "Gure taldea bezain ona da haiena ere; bete-beteko finala izango da biharkoa", adierazi du Egigurenek. Txapela lortzeko aukera gehiago iaz edo aurten duten galdetuta, Beñat Labakak "antzera" ikusten du kontua. "Partida gogorrak izango dira hirurak ere; kadeteetan eta nagusietan ondo jokatuz gero, irabazteko aukerak ditugu. Gazte mailan, berriz, partida oso gogorra izango dugu". Kadeteetan lehen puntua lortzea da Ilunpekoen helburua. "Lehen partida irabazi eta horren arabera gazte edo nagusi mailako partida bat irabazi nahi dugu", dio Egigurenek.

Final laurdenetan ekin zioten txapelketari azpeitiarrek, eta finalera iristeko Larraul, Amezketa eta Andoain herriak kanporatu dituzte. Talde sendoa osatu dute Ilunpeko pilotariek, jokatutako partida guztiak irabazi dituzte-eta orain arte. Horregatik, balorazio ona egin dute pilotariek. "Lan polita ari gara egiten txapelketan, oraindik ez dugu-eta partidarik galdu. Ea finalean ere horrela izaten den", nabarmendu du Josu Labakak.

Finala, iaz baino irekiagoa

Javi Odriozola Ilunpe taldeko entrenatzaileak nabarmendu du orain arte "errazegi" aritu direla Herriartekoan. "Gurekin batera beste hiru talde ikusten genituen indartsuen, baina horiek txapelketaren beste adarrean egokitu dira. Tanto gehien egin dizkigutenean ere aurkariak ez dira hamabi tantotik igaro. Alde horretatik, tristea izan da jendearentzat, baina Herriartekoa horrela izaten da".

Odriozolak "iaz zailago" ikusten zuen oiartzuarren aurkako finala. Aurten, ordea, "egoera aldatu" egin da. "Kadete mailako finala guk irabaziko dugun itxaropena dut. Gazte mailako partida oso zaila izango da, baina lehen partida irabazi eta presioa sartzen ahaleginduko gara". Hori horrela bada, nagusietan erabakiko da finala, eta bi bikoteak "pare-parekoak" ikusten ditu Odriozolak. "Bi aurrelariak indartsuak dira, eta bi atzelariek gutxitan egiten dute kale. Presioa ondoen kudeatzen duen taldeak irabaz dezake biharko finala". 

Zortzigarrena jarraian

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren azken zazpi finalak jokatu ditu Azpeitiak; biharkoa zortzigarrena izango dute. Era berean, historiako hamalaugarren finala jokatuko dute; aurreko hamahiru finaletan, zortzi bider jantzi dute txapela, hain justu, 2004, 2008, 2010, 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2021 urteetan. Odriozolak balioa eman nahi izan dio orain arte egindakoari. "Ez dira nolanahiko datuak. Azpeitiak beherakada izango zuela esaten zuten batzuek Alberdi anaiek eta Julen Egigurenek profesionaletan debuta egin zutenean. Bost final irabazi ditugu, eta ea seigarrena irabazteko moduan garen. Dena den, finalera iristea ere handia da".

Harmailetako bultzada ezinbestekoa izango da estua aurreikusten den finalean. Beñat Labakak dio handia izango dela azpeitiarren presentzia, baina dei egin die zaleei. "Herriarteko Txapelketak izen handia du Azpeitian, eta zale dezente bilduko da. Herritar ugari espero dugu". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide