Bestaldetik

Panderoa eta trikitia baino, futbola nahiago

Julene Frantzesena 2023ko eka. 24a, 09:00

IƱigo Arregi.

Loiolako trikitiaren sehasketako batean jaioa izanagatik, baloiak panderoak baino gehiago erakarri du gaztetatik Iñigo Arregi. Lagun Onak futbol taldeko presidentea da gaur egun, baina mekanizatu tailer bateko lanaldiarekin uztartzen du kargu hori. Kirolzaleaz haratago, irakurzalea ere bada. 2023ko maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Iturbidetarra eta loiolatarra. Ezaugarri horiek entzunda, hirugarren bat datorkio askori burura: festazalea. Baina Loiola auzoko Iturbide baserrikoa da Iñigo Arregi (Azpeitia, 1967), eta berak dioenez, loiolatarra izateak eta festazalea izateak ez dute zer ikusirik. "Gure etxean golfo samarrak izan dira, baina ni ez dut uste hala naizenik. Dena den, iturbidetarrek badute festarako zera hori".

Trikitiaren sehasketako batean jaioa da Arregi. Panderoa jotzeko sena belaunaldiz belaunaldi transmititu den etxe batekoa. Imanol Arregi Iturbide pandero jotzailearean semea. Baina bukatu zen panderoaren katebegia haienean ere. Izan ere, Iturbideren seme-alabek ez dute ez panderoa, ez soinua jotzen ikasi. Arregik azaldu duenez, berak ezta trikitia dantzatzen ere. "Trikitia entzutea gustatzen zait, baina ez nuke asmatuko panderoa jotzen. Hartu izan dut eskuetan, baina... Hiru anai-arreba gara eta inork ez dugu jo panderorik sekula. Aitak, osabek... izan zuten trikitirako joera, baina uste dut belaunaldi hartan bukatu zela Iturbideko trikitilarien kontua; izan ere, gure ondorengoek ere ez dute ikasi". Saiatu, saiatu zen, ordea, Arregi, alaba soinua ikastera bultzatzen. "Tartean behin hala esaten dit oraindik alabak: 'Zuk nahi zenuelako aritu nintzen ni soinua ikasten' [barrez]. Eta egia esan, hala da. Alabak soinua ikas zezan nahi izan nuen, neuk ez nuelako egin".

Etxean musikariak izan dituzten arren, pandero hots handirik ez dela izaten Iturbiden azaldu du Arregik. Aita panderoa jotzen etxean baino kanpoan gehiago aritzen zela adierazi du. "Afariren bat zenean edo etxera soinu jotzaileren bat etortzen zenean bai, baina gainerakoan, batere ez genuen entzuten panderoa. Aita oso diskretoa izan da horretan. Dena den, etxean panderorik ez zen jotzen, ziurrenik soinu jotzailerik ez zegoelako senideen artean. Ze bestelako tontokeriak eta txorakeriak bai, dezente izaten ziren gurean".

Txikitako oroitzapenak ere ekarri ditu gogora, Iturbidetik Ikastolara oinez joaten ziren garaikoak aurrena. "Ikastola Loiolan zegoen sasoi hartan, eta gaitzerdi, oinez ibiltzen baikinen gora eta behera. Baina lana ere egiten genuen baserrian. Izan ere, aitak uzten zigun parranda egiten, baina gero goizetan ez zigun barkatzen. Baserrian laguntzen genion pixka bat, nahiz eta ez ginen baserritik bizi".

Atezain izandakoa

Bazen trikitiak baino gehiago erakartzen zuen zerbait sasoi hartarako: futbola. Baloia izan du gustuko Arregik txikitatik. Gaztetan hasi zen Lagun Onak futbol taldean jokatzen, atezain postuan, eta sasoi hartako oroitzapen "oso onak" ditu. "Jubenil garaian denboraldi historikoa egin genuen, adibidez. Dena irabazi genuen, partida onak jokatu genituen, talde onen aurka aritu ginen... Pentsa, Frantziara joan ginen txapelketa bat jokatzera. Esperientzia polita izan zen". Urte batzuk igarota eta azken denboraldia Zumaiakon eginda, "garaiz" laga zuen futbola. Halabeharrez: "Lanean hasi nintzen, eta askotan kanpora joan behar izaten nuen. Futbola ez zen lanarekin bateragarria, eta utzi egin behar izan nuen".

Hondartzako futbolean ere aritu zen hainbatetan, Zarauzko Plaieroetan, zehazki, Tximarruak taldearekin. "Ederki pasatzen genuen, baina sufritu ere, sufritzen genuen pixka bat; izan ere, igandeetan izaten ziren partidak eta jendea zapatuetan kalean ibiltzen zen... [barrez]". Zarautzen txapeldun izan izan ziren. "Zarauzko txapelketa irabazita Laredoko [Espainia] txapelketara ere joan ginen, eta hura ere irabazi egin genuen". Txapelketa haren ondorena du, batez ere gogoan Tximarruakeko atezain izan zenak. "Asteburu ederra pasatu genuen, eta juerga polita egin ere bai. Oroitzapen ederrak dauzkat", azaldu du.

Futbolean aritzeari utzi zionetik urteak pasatu badira ere, ez du eten kirol horrekin duen harremana. 2017ko martxotik, Lagun Onak futbol taldeko presidentea da Arregi. Gustura aritzen da egiteko horretan, nahiz eta aurtengo denboraldian sufritzea ere egokitu zaien zuzendaritza taldeari nahiz zaleei. Hain zuzen ere, Espainiako Hirugarren Mailako taldeak azken partidako azken minutura arte borrokatu behar izan du mailari eusteko, baina lortu du.

Hala ere, klubaren gidaritzan "gustura" aritzen direla azaldu du. "Emaitzek sufrimendua sortzen dute, baina giro ona daukagu, jende asko aritzen da klubean, eta horrek poza ematen du".

Aurreko zuzendaritza taldeak erreleboa behar zuela eta, taldetxo bat animatu zen Lagun Onaken gidaritza hartzera. Dena den, lehenagotik ere klubean "laguntzen" aritzen zirela azaldu du Arregik. "Aldaketa eskatzen zuten lehengo zuzendaritzakoek, eta egia esan, halako boluntario lanetarako jendea bilatzea ez da erraza izaten. Boluntario lana ez ezik, ardura eskatzen duen lana ere bada, gainera. Ez da laguntzea soilik, jende asko aritzen da klubean, haur eta gazte asko, eta ardura eskatzen du horrek".

Irakurri bai, baina paperean

Lagun Onakeko presidente lanak mekanizazio jardunarekin uztartzen ditu Arregik; urteak daramatza mekanizatu tailer batean lan egiten. Bi egiteko horiek alde batera utzita geratzen zaion denboran, kirolaz gozatzea eta irakurtzea gustatzen zaio. "Kirolzalea" dela azaldu du, eta kirol "denak edo gehienak" gustatzen zaizkiola adierazi. "Saskibaloia gustatzen zait, batez ere, AEBetakoa. Pilota partidak eta herri kirol saioak ere ikusten nituen emaztearen aita zenarekin...".

Lehen paseatzea ere gustatzen zitzaiola azaldu du, azken boladan alferrean dabilela aitortu duen arren. "Orain ere gustatzen zait, baina ez naiz askorik ibiltzen. Sasoi batean oso gustura joaten nintzen mendira, obligazioa hartua nuen, baina laga nion, eta halakoetan kostatu egiten da berriro hastea. Komeni da, ordea, ibiltzea; izan ere, zabiltzanean gustura sentitzen zara, eta gelditutakoan, baldar samar edo". Haren aburuz, jarraikortasuna izateko "diziplina" behar da. "Badut oso diziplinatua den lagun bat, egunero-egunero paseora joaten dena. Zaila egiten zait niri hori, pereza sentitzen dut. Gainera, erreleboan egiten dut lan, eta horrek zaildu egiten du jarraikorra izatea; izan ere, gorputza desberdin izaten dut ordutegiaren arabera".

Bada, baina, egunero eta hutsik egin gabe egiten duen gauza bat: irakurtzea. "Asko gustatzen zait", azaldu du. "Gosaltzen ari naizenean edo etxean nagoenean zerbait irakurri behar izaten dut. Paperean irakurri behar izaten dut, gainera. Egunkaria, liburuak, aldizkariak... berdin dit zer irakurri". Musika ere entzuten du, trikitia gustatzen zaio, baina estilo jakinik ez duela atsegin adierazi du. "Ez naiz oso musikazalea izan sekula, entzuten dut irratian eta, baina listo".

Bidaiazalea ere ez da Arregi, nahiz eta bazter batzuk ezagutzeko parada izan duen. Hark esan duenez, baina, arrazoi bategatik edo besteagatik, ez du bidaiatzeko modurik izan. "Venezuelara joan ginen, adibidez, emaztea eta biok, eta paraje ederrak ezagutu genituen. Baina beti gauza bera esaten dut: Euskal Herrian izugarrizko lekuak ditugu. Beti kanpora begira aritzen gara, baina hemen leku zoragarriak dauzkagu eta asko ez ditugu ezagutzen". Alaba bisitatzera Sevillara ere joan zen, eta "polita" iruditu zitzaion, baina etxean bezala inon ez, Arregiren ustez. "Hala esan nion alabari Sevillara joan ginenean: 'Alde ederreko lekuan bizi gara!'. Eta halaxe dela pentsatzen dut".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide