Tecnaliak eta Credeblugek itsaspeko kable elektrikoak mozteko eta eusteko lehen erraminta merkaturatu dute

Unax LarraƱaga 2023ko eka. 26a, 17:00

Langileak gailuaren probak egiten Bermeoko portuan. (Credeblug)

Sistema berriaren bitartez, itsaso zabaleko maniobretan denbora aurreztuko dute enpresak, eta horrek kostuak gutxitzea eta eraginkortasuna handiagotzea ekarriko du industriara.

Azpeitiko Credeblug eta Tecnalia enpresek itsaso zabaleko lanen merkatuan aldaketa historikoa eragin dute, itsaso zabaleko kable elektrikoen mantentze eta konponketa lanetako denborak eta kostuak murriztuz. Kable horiek ebaki ondoren eusten dituen lehen erreminta fabrikatu eta merkaturatu dute.

Joannes Berque Tecnaliako ikerlariak berrikuntzaren garrantzia azpimarratu du: "Mundu osoko itsas zabaleko kableak konpontzen dituzten enpresek funtzio hori eskatu izan dute XIX. mendean halako prozedurak egiten hasi zirenetik. Gaur egun arte, ebakitzeko erremintek kablearen muturrak erortzen uzten zituzten ebaketaren ondoren. Konponketa lanek kablearen muturraren bilaketa eskatzen zuten beste erreminta batekin, ikuspen gutxiko itsas hondoan bilatzen duena, talde onenentzat ere erronka bat zen hori. Itsaso txarra dagoenean, bilaketa eta euste lan gehigarri honek hainbat ordu hartu ditzake. Gainera, konponketa ontziek egunean ehun mila euro baino gehiago balio dezakete".
 
Credeblugen tresna berritzaileak kableak heltzeko tresna bat eta kable ebakitzaile bat uztartzen ditu tresna hidrauliko bakar batean. Pintzak ikusmen eta argiztapen sistemak ere baditu, kablea kokatzeko eta erreminta zentratzeko. Kable ebakigailuekin alderatuta, pintzaren beso luzeek erraztu egiten dute itsas hondoko kablea aurkitzea eta heltzea; izan ere, besoek aukera ematen dute zundaketa sakonagoa egiteko normalean kablea lurperatzen den itsas hondoaren barruan. Kablea heldu eta ur azpian segurtatu ondoren, gillotina ebakitzailea aktibatzen da. Kritikoena da pintza tinko zintzilikatzen dela kabletik moztu ondoren, muturrak itsas hondora erortzen utzi beharrean. Ondoren, moztutako muturra modu seguruan altxatzen da pintzarekin, eta berehala ematen zaie ontzi gaineko langileei horiek lotu dezaten.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide