Sormen egonaldien bigarren deialdia egin du Kulturaz kooperatibak

Nerea Uranga 2023ko eka. 28a, 15:00

Sormen egonaldi bat Dinamoa sormen gunean. (Kulturaz kooperatiba)

Sormen egonaldietarako izena emateko epea uztailaren 16ra artekoa da, eta ebazpena uztailaren 21erako jakinaraziko dute. Sortzaileen jarduna babesteko Kulturaz kooperatibaren jardunetako bat da.

Azpeitiko Kulturaz kultur kooperatibak sorreratik babestu izan du sortzaileen jarduna. Xede hori helburu, martxan jarri dituen egitasmoetako bat sormen egonaldiena da, "diziplina guztietako sortzaileei baliabideak eskaini eta bidea egiten laguntzeko". Dinamoa sormen gunean egiten dituzte egonaldiak, eta dagoeneko lehen deialdikoak zehaztuta dituzte. Orain, sormen egonaldien bigarren deialdia zabaldu du Kulturazek.

Bigarren deialdian ere hiru deialdi mota eskaini dituzte aukeran: #Harri izenekoa, egonaldi osoa; #Orri izenekoa, egonaldi sinplea, eta #Ar antzerki eta arte eszenikoetara bideratutakoa. Bigarren deialdirako izena uztailaren 16ra bitartean eman beharko da, eta ebazpena uztailaren 21ean jakinaraziko dute. Egonaldiak irailaren hasieratik abenduaren amaiera bitartean gauzatuko dituzte, Dinamoa sormen gunean.

Sormen egonaldiak esku artean edozein arte diziplinako sormen proiektu bat duten sortzaileei zuzendutakoak dira, bakarka zein taldean egin nahi dutenentzat. Deialdiaren oinarriak, mota bakoitzaren ezaugarriak nahiz sormen egonaldien deialdirako eskaera orria dinamoa.eus webgunean kontsulta daiteke. Zalantzak argitzeko edota harremanetarako, berriz, dinamoa@dinamoa.eus helbide elektronikora idatzi daiteke edota 635 73 87 60 telefono zenbakira deitu.

Lehen deialdiko egonaldiak, zehaztuta

Dagoeneko sormen egonaldietako aurreneko deialdiko egonaldiak zehaztu ditu Kulturaz kooperatibak. Dinamoan sormen egonaldia egingo dutenak honakoak izango dira: Elena Olabe Duñabeitia, Ana Zapirain eta Alicia Rechac; Nerea Elorza, Eider Sanz eta Amaia Santamaria; eta Oier Aramendi, Sandra Cuesta eta Ines Osinaga. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide