Pako Aristi: "Justiziak egin ez zuen ikerketa da guk orain egin duguna"

Urtzi Oteiza eta Aitziber Arzallus 2023ko eka. 30a, 09:00

Ikerketa kazetaritza eta literatura uztartzen dituen Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburua kaleratu du Aristik. Bertsio ofiziala gezurtatzen duen egia azaleratu du lanean, datu objektiboetan oinarrituta.

Pako Aristik (Azpeitia, 1963) apirilean kaleratu zuen bere azken liburua: Irunberri, 1990: Arroilaren negarra. Ez da nobela bat, ikerketa kazetaritza eta literatura uztartzen dituen lan bat baizik, eta 1990eko ekainaren 25ean Irunberrin (Nafarroa) izandako gertakariak ditu oinarri. Egun hartan, Susana Arregi, Jon Lizarralde eta German Rubenach ETAko kideek Guardia Zibilarekin topo egin zuten Irunberriko arroilan, eta handik ordu batzuetara, Arregi eta Lizarralde hilda azaldu ziren, eta Rubenach larri zaurituta. Garai hartan Espainiako Barne ministroa zen Jose Luis Corcuerak emandako bertsio ofizialaren arabera, ETAko kideek ihesbiderik ikusi ez, eta beren buruaz beste egin zuten. Aristiren ikerketa lanak,ordea, bestelako egia azaleratu du.

Nolatan ekin zenion Irunberrin gertatutakoak ikertzeari?

Ekimena Oñatin sortu zen. Susana Arregi Oñatikoa zen eta Oñatiko Gure Bazterrak fundazioko kideek erabaki zuten hau guztia argitzen saiatu behar zutela, merezi zuela. Honen guztiaren atzean dagoen filosofia da ea zertan gauden euskaldunok gure historia geuk idatzi gabe. Niregana etorri ziren idazle bat behar zutelako guztia aztertu, ikertu, ordenatu, bereizi eta hori guztia txukun samar kontatuko zutena. Nik oso gogoan neukan Irunberrin gertatutako. Kasualidadez, Susanak eta Germank 25 urte zituzten garai hartan, eta baita neuk ere, eta pentsatu nuen zer destino desberdinak izan ditugun. Haiek han hil ziren, armak hartuta arroilan, eta ni hemen euskararen munduan, idazten kazetaritzan... Denok Euskal Herria maite genuen garai hartan, maite dut nik orain, baina bide desberdinak hartu genituen. Gogoeta egin nuen, eta ardura handia sentitu arren, baiezkoa ematea eta haiekin kolaboratzen hastea erabaki nuen.

Taldean jardun duzue, ezta?

Bai, lan kolektiboa izan da, jende askok parte hartu duena maila desberdinetan. Ikerketa talde bat sortu genuen eta hor hasi ziren ateratzen pistak, lekuko berriak, sumarioa, eta oso garrantzitsua: lortu genuen egun hartan komando hura hara eraman zuten kolaboratzaileen laguntza. Lekunberriko (Nafarroa) bi gazte ziren, liburuan garrantzi handia izan dutenak: Xabier Goldaraz eta Juan Jose Zubieta. Komando harekin kolaboratzeagatik, 24 urteko kartzela zigorra betea daukate biek; beraz, lasai hitz egitea eduki dute, gauza asko argitzea, eta horrela, egun hartan gertatukoa berreraikitzen joan gara.

Horiez gain, orain arte ezkutuan egon diren hainbat lekukorekin hitz egiteko aukera ere izan duzue.

Bai, denborak aukera hori ematen du. Garai hartan hitz egin ez zuten askok orain hitz egin egin dute, beldurra galdua baitaukate, ez guztiz, baina parte handi batean.

Zuen bertsioa eraikitzerakoan, zeintzuk izan dira funtsezko lekukoak?

Batetik, komandoaren kolaboratzaile sarea; inguruko herrietako bederatzi lagun ziren, baina oraintxe arte ez dute izan elkarren berri. Eta bestetik, une hartan arroilan zegoen jendea: Gasteiztik eskurtsioan joandako ehun ume eta hamabi begiraleko talde bat, eta bikote herbeheretar bat. Hain zuzen ere, asko lagundu digu herbeheretar horietako batek, Marian Huskenek. 33 urtean emakumea desagertuta egon da, ez geneukan bere argazkirik, elkarrizketarik, baina nederlandera dakien lagun batek lokalizatu egin zuen, berarekin harremanetan jartzea lortu zuen, eta poliki-poliki gurekin kolaboratzea. Esan zigun duela bost urte liburu bat idatzi zuela nederlanderaz hainbat kasu poliziali buruz, eta hor jasota dagoela Irunberrin berak bizi izan zuena.

Hamar orritako kapitulu bat da, eta hor kontatzen du dena, nola Madrilera eraman zituzten, han pasatu zuten beldurra... Eta emakumeak esaten ditu hiru gauza klabeak direnak. Kontatzen du tiro hotsak entzun zituztela eta hurbildu egin zirela, eta ikusi zutela Guardia Zibila fusilekin hiru gazteri tiroka. Horrek Guardia Zibilaren kontaketa gezurtatzen du, agenteek esan baitzuten gazteak arroilan utzi zituztela eta Zangotzara (Nafarroa) joan zirela Piris osasun etxera eramatera, tiroz ipur masailean zauritu zutelako. Bigarrenik, Huskenek kontatzen du hiru gazteak korrika joan zirela beraiengana autorik bazuten galdezka, handik ihes egiteko, baina ezertarako astirik ez zutela izan, Nissana ziztu bizian joan zelako beraiengana, eta gazteek berriz ere ihes egin zutela ibaiertzetik. Eta hirugarrenik, beste datu bat ematen du: hiru gazteak korrika joan zirela beraiengana eta korrika alde egin zutela handik. Guardia Zibilaren arabera, tiroketan, belaunean zauritu zuten Rubenach, baina belauna zaurituta duen bat ezin da inora korrika joan, eta gazteak bizirik ikusi zituen azken zibilak ziurtatu egiten du hiruretako inor ez zegoela zaurituta.

German Rubenach eta Pako Aristi, liburuaren aurkezpen ekitaldietako baten ostean. (Utzitakoa)

Umeek, berriz, ikusi zuten nola GAReko eliteko unitate bat iritsi zen arroilara. Beraz, gure teoria da aurretik han zeuden agenteen eta GAReko kideen artean, berehala hartu zituztela mendean hiru ETAkideak; izan ere, handik gutxira Guardia Zibilak arroila alde batetik bestera zeharkatzen utzi zien umeei eta baita kazetariei ere, eta hori ez zuketen egingo han hiru gaizkile armatu solte bazebiltzan. Handik ordu batzuetara, hiru ETAkideak bost tiro zituztela topatu zituzten. Rubenachek tiro bat zuen belaunean eta bestea okotz azpian; Susanak bi tiro zituen buruan; eta Jonek tiro bat zeukan, baina autopsia baieztatu zuten itota hil zela.

Hasieran Rubenach akusatu zuten eta esan zuten hura izan zela beste biak hil zituena, baina handik bost urtera, epaiketan, errugabe jo zuten Rubenach, ez zegoela beste bi kideak berak hil zituen frogarik, baina egin ez zutena da zer gertatu zen argitzeko ikerketa abiarazi, eta horrela geratu zen kontua. Beraz, orduan abiatu ez zuten ikerketa da orain guk egin duguna.

Zergatik da garrantzitsua bere garaian ikertu gabe utzitako kasuei heltzea?

Garrantzitsua da ikerketa egitea; izan ere, ETAk egindako ekintzak oso ikertuak izan dira eta oraindik ere ikertzen jarraitzen dute, justiziak bere baliabide guztiak hor isurtzen ditu, baina Poliziaren biolentzia denean eta horrek eragindako biktimak direnean, ia inoiz ez da ikerketarik egon, ikerketa ofizialak oso gutxitan egin izan dituzte. Garrantzitsua da ikertzea, batetik, horien familiek ere jakin nahi dutelako zer gertatu zen; eta bestetik, agerian uzten dutelako estatuaren funtzionamendua.

Pako Aristi liburuan parte hartu dutenetako hainbatekin. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide