Hementxe bertan

Camila Ignacia Muñoz: "Euskarak asko lagundu dit"

Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 2a, 09:26

Txileko Santiago hiria atzean utzi eta Azpeitira iritsi zen Camila Ignacia Muñoz (Santiago, 1990) duela urte eta erdi inguru, maitasun kontuak tarteko. Pandemia garaian ezagutu zuen gaur egun bere bikotekidea dena, azpeitiarra bera, eta orduz geroztik, Azpeitira lotu da txiletarra. Hiriko bizitza faltan sumatzen duen arren, Azpeitian "seguru eta gustura" sentitzen dela dio. 2023ko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa

Noiz eta nolatan iritsi zinen Azpeitira?

2021ean etorri nintzen aurrenekoz Azpeitira. Nire mutil lagunak Bielen egiten du lan, eta laneko kontuak tarteko, Txilera joan behar izan zuen 2021ean. Orduan ezagutu genuen elkar, hura Txilen zegoela. Hilabete bat igaro zuen han, laneko proiektua hilabete bakarrekoa baitzen. 2021ean bi aldiz etorri nintzen Azpeitira, bikotekidea bisitatzera. Behin 2022an sartuta, erabaki bat hartu beharra geneukala sentitu genuen: edo bera Txilera joan edo ni Azpeitira etorri. Beraz, hautua egin eta ni etorri nintzen Azpeitira.

Nola oroitzen dituzu aurreneko egunak? Zer sentipen izan zenituen?

Aurreneko egunetan oso gustura sentitu nintzen. Herria zoragarria iruditu zitzaidan, mendiz inguratua, garbia... Baina berehala ohartu nintzen hemen zerbitzuak ez direla han bezalakoak. Hau da, Santiago hiri handia da, eta edonon askotariko dendak eta saltokiak daude. Edozein unetan joan zaitezke ilea moztera edo manikura egitera. Azpeitian, herri txikia izanik, eskaintza murritzagoa da. Zentzu horretan talka kulturala nabaritu nuen. Oraindik orain ere sentitzen dut merkatalgune handien falta [barrez].

Hizkuntza berriarekin egin zenuen topo. Zaila izan al zen euskal girora moldatzea?

Hasieran oso gogorra izan zen. Ez nuen ezer ulertzen, eta dena zegoen euskaraz idatzita: aireportuko kartelak, errepidekoak, tabernetakoak... Aurreneko egunetan eta asteetan buruko mina ere eragiten zidan euskara entzuteak. Nire baitan pentsatzen nuen ea noiz iritsiko zen euskaraz hitz egingo nuen eguna. Iritsi bezain pronto joan nintzen Euskaltegira, eta orduz geroztik, ikasten ari naiz. Ordu asko igarotzen ditut Euskaltegian, eta irakasleak asko lagundu dit; oso jatorra da.

Baliagarria izan al zaizu euskara ikastea?

Oso aberasgarria eta baliagarria da. Euskarak asko lagundu dit: hemengo jendearekin harremanak egiten eta sozializatzen, lagunak egiten, ingurua hobeto ulertzen... Hemengo hizkuntza ikasi beharra dago, nola bertakotzen zara bestela? Zenbait lanetan aritzeko ere eskatzen dute euskara jakitea. Niri, egia esanda, ez zidaten halakorik eskatu, baina beti saiatzen nintzen euskaraz erantzuten. Modu horretan ere asko ikasi nuen.

Zer da Azpeititik gehien atsegin duzuna? Eta zer gutxien?

Inguruko paisaiak eta herriko lasaitasuna dira gehien atsegin ditudanak. Oso seguru sentitzen naiz Azpeitian. Santiagon sakelako telefonoa beti eskuan eramaten nuen etxerako bidean. Hemen lasai bizi naiz. Gainera, jendea oso irekia eta jatorra da, nahiz eta batzuek bestelakoa dioten. Azpeitiko jendea oso ondo portatu da nirekin. Aldiz, gutxien atsegin dudana da ez dagoela azpiegitura edo merkatalgune handirik. Nolabait, hiriburuko bizitza falta dut hemen.

Hiriko bizitzaren faltan, joaten al zara inguruko hiriburuetara?

Bai, askotan joaten naiz Donostiara. Herrietako aisialdia hiri handietakoaren oso desberdina dela esango nuke. Gainera, ohartu naiz hemengo jendea oso kirolzalea eta mendizalea dela. Jende ugarik egiten du kirola aisialdian, eta nik ere atsegin dut mendira joatea. Hiria faltan sumatzen dudan arren, asko atsegin dut mendia eta inguruko txokoak ezagutzea.

Jarraitzen al duzu Txileko aktualitatea?

Bai, egunero irakurtzen ditut hango berriak eta egunkari digitalak; ezin dut Txile egun batetik bestera ahaztu. Gainera, gustatzen zait han zer gertatzen ari den jakitea.

Zer ekarriko zenuke Txiletik hona?

Familia, zalantzarik gabe. Asko oroitzen naiz haiekin, eta asko sumatzen ditut faltan. Hango jatekoa ere ekarriko nuke [barrez]. Itzuliko naiz Txilera, baina oporretara edo hitzordu garrantzitsuetara. Ziur nago hemen biziko naizela, eta nire etorkizuna hemen dagoela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide