Joxin Azkue: "Harrigarria da zer lorpen teknologiko den errota"

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 9a, 09:54

Joxin Azkue. (Arnaitz Rubio Aprea)

Gertuko ezagutza, norberaren herritik abiatutakoa, ezinbestekoa da Joxin Azkuerentzat. "Maitatzeko, lehenengo ezagutu egin behar da", dio, eta eskoletan herrietako mapak ikusi nahi lituzke. Ahalegin horretan hainbat lan egindakoa da, eta ez dauka gelditzeko asmorik. 2023ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Bizitzaren jira-birek gustuko lekuetara eraman dute nagusiki Joxin Azkue Gabilondo (Azpeitia, 1952), "Zizurkilgo azpeitiarra". Gipuzkoako Aiztondo bailarako herri horretan aurkitu zuen habia duela 42 urte. Ordurako aurkitua zuen harrezkero inoiz utzi ez duen historiaren bidea. Historiak eman zion lanbidea, baina lanetik haratago ere erruz garatu du antzinako aztarnak ezagutzeko, berreskuratzeko eta azaltzeko grina. Historiaren errotak eta erroten historiak jaioterrira ekarri dute azkenaldian.

Zergatik aukeratu zenuen Historia?

Medikuntza egiten ari nintzen, bigarren urtea. Gaiztoak ginen eta, zigor batailoi batera eraman ninduten [soldadutzara], Caceresera [Espainia]. Ia urte eta erdi egon nintzen han, eta denbora asko izan nuen neure buruari buelta batzuk emateko. Konturatu nintzen medikuntza ez zitzaidala gustatzen, eta historiaren mundu hori zela benetan gustatzen zitzaidana. Beraz, Medikuntza utzi eta Historian matrikulatu nintzen, Donostiako EUTGn. Karrerako azken bi urteetan ikasketak eta lana batera egin nituen. Oiartzungo Ikastolan [Gipuzkoa] lana eskaini zidaten, han hasi nintzen, eta gerora ere, era batera edo bestera, beti egon naiz lotuta Oiartzungo Ikastolari. Nire lan ibilbideko azken hogei urteetan, 1990 ingurutik hasita, Ikastolen Elkartearen inguruan sortu zen IKTen [Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak] talde batean ere aritu nintzen.

Gustuko lana izan al duzu?

Oso gustukoa, niretzat plazera zen. Gainera, sekula ez nituen bi egun berdin izaten. Oiartzunen ematen nituen eskoletan ere sekulako pagotxa nuen; klase gutxi batzuk ematen nituen astean zehar, neuk aukeratzen nituen horiek, eta oso gustura ematen nituen. Eta bitartean, herrian ere aritzen nintzen historiarekin lotutako kontuetan.

Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteko kide ere bazara, izan ere. Zein da talde horren xedea?

Elkartearen sortzaileetakoa eta kidea naiz, bai. Zizurkil herri txikia da, hiru mila biztanle ditu, baina denetarik egiten dugu. Niri azpimarratzea gustatzen zait Pedro Mari Otaño bertsolariaren inguruan egin ditugunak. Otaño zizurkildarra zen, eta Argentinan hil zen. 2010ean haren jaiotzaren ehungarren urteurrena izan zen. Argentina ezagutu nahi nuela aprobetxatuta, pare bat buelta egin nituen herrialde hartara, bide batez, ikerketa txiki bat egiteko. Otaño non zegoen hilobiratuta aurkitu genuen, eta haren familiarekin egoteko aukera izan genuen. Eta pentsa, gauzak nola diren, azkenean Otañoren familiak haren eskuizkribu guztiak eta dokumentazio osoa gure esku utzi zituen; gure elkarteak Koldo Mitxelena liburutegiarekin akordioa egin zuen, eta han daude jasota. Azken hiru urteetan izan dugun proiektu nagusiena, berriz, herriko muga eta mugarrien ingurukoa izan da. Zizurkilgo udalerri osoko muga-lerro osoa pasatu dugu. Lan horren ondorio izan dira 600 orrialdeko txosten bat, 150 bideo motz eta argazki mordo bat; denak ikusgai daude gure webgunean, hernandorena.eus. Horrez gain, gauza asko egin ditugu. Besteak beste, Zizurkilgo armarria aldatu genuen. Eta hari horretatik etorri zen Erroten Egunaren bueltako lana ere.

Nondik eta nora, bada, errotena?

Zizurkilen bagenuen, eta badugu, martxan jartzeko asko falta ez zitzaion errota bat, oso polita, familiak zaindu izan duelako. Udalaren konplizitatearekin, auzolan bat egin genuen; errotari batzuk ekarri genituen, eta gure taldeko batzuekin batera, larunbatetan-eta elkartuz, martxan jarri genuen Akezkoerrota. Duela urtebete izan zen hori, eta sekulako harrera izan zuen, herri guztia bueltaka ibili zen aurkeztu genuenean. Orduan, koinatuak, Luis Juaristik, esan zidan Azpeitian ere egin beharko genukeela herriko erroten inguruko zerbait; eta nik baietz, egingo genuela... joan den apirila arte. "Hi, gogoratzen haiz nola esan huen baietz, ezta?". Hortik etorri zen Azpeitikoa egitea. Errota guztiak banan-banan bisitatu, dagoen dokumentazioa ikusi eta aztertu...

Gipuzkoako Erroten Egunaren bueltako ekintzen barruan, hitzaldia eman zenuen Sanagustinen. Han aipatu zenuen Azpeitian hogeitik gora errota edo errota izandakoen arrastoak daudela. Badira batzuk, ezta?

21 daude, guztira, zentsatuta. Hitzaldi horrek bi zati izan zituen. Batetik, errota bat zer den azaldu genuen. Jendeak ez daki zer den errota, eta harrituta gelditzen dira azaldutakoan. Alde batetik, harritu egiten nau harritzeak, baina normala da; mila gauza daude nik ez dakidana nola funtzionatzen duten. Bestetik, Azpeitiko errotei eta haien historiari buruz aritu ginen.

Errotak zer eta zertarako ziren?

Hasteko, dagoen asmakizun teknologiko ikaragarriena da errota. Ez dira egongo bi asmakizun teknologiko 800 urtetan aldatu beharrik izan ez dutenak, eta duela 800 urteko errotak eta gaurkoak igoal-igoalak dira. Harrigarria da zer lorpen den errota, zer eraginkortasun duen. Ura biltzen da biltegi edo kanal batean; ur horrek gogor jotzen du turtuki esaten zaien burdinezko uztai batzuetan; urak jotakoan, horiek bueltaka jartzen dira eta ardatz bat goraka joaten da; ardatz hori harri bati lotuta dago, eta harri hori ere biraka hasten da ardatza igotakoan; bi harri izaten dira, behekoa geldirik egoten da, goikoa da mugitzen dena; alea sartzen da horien artean, artoa edo garia; aleak birrinduta, irina sortzen da. Bi errotarri izaten dira errota guztietan, bata artoarentzat eta bestea gariarentzat.

Errotak baserriekin zeuden lotuta edo beste gune batzuetan ere bazeuden?

Normalean, jauntxo bati, baserri handiei edo herriari lotuta egoten ziren errotak. Garai batean ez zegoen ondasun higiezinen edo ibilgailuen gaineko zein egun udalek ezartzen dituzten bestelako zergarik. Herriak, ondasun propioak eta mantenimendurako dirua izateko, bentak eta errotak izaten zituen, oso ohikoa izaten zen hori. Horiek alokatuz, dirua ateratzen zuten herriek; beraz, jendea derrigortuta zegoen leku horietara joatera, beren uztako aleak irintzera. Dena den, jauntxoek ere izaten zituzten errotak, eta baserri handi batzuek ere bai, baina gutxiago ziren azken horiek; adibidez, Toberagileko errota antxietarrena zen. Artoa edota garia irintzera eramaten zuten baserritarrek laka bat (ehuneko hamarra) ordaintzen zioten errotariari. Horrela funtzionatzen zuten errotek. Garai hartako fabrikak ziren errotak, industria bakarrenetakoa.

Errotak eta olak toki bera al ziren edo lotuta al daude?

Asko daude lotuta, eta adibidez, Toberagilen ikusten da oso ondo lotura hori. Burdinolak izan ziren hemengo industria nagusiak, XVI-XVII. mendeetan industria handi samarrak hasi ziren arte. Burdinolak desagertzen joan ziren, industria berriekin ezin lehiatuta, eta haietako asko irin errota bihurtu ziren. Beste batzuk errota sortu ziren, baina tipikoa zen oso burdinola izandakoak errota bilakatzea. XX. mendearen hasieran, berriz, irin fabrikak hasi ziren, Azpeitian Goikoerrota, adibidez, eta orduan errotak joan ziren beren eraginkortasuna galtzen, ezin zuten irin fabrikekin lehiatu. Baina orduan fenomeno bitxi bat hasi zen, baserrien elektrifikazioa, eta errota gehienak zentral elektriko txiki bihurtu ziren; bakoitzak bere etxerako eta inguruko 20-30 baserrirentzako argindarra sortzen zuen. 1950 aldera arte, batzuetan 1960raino, funtzionatu zuten horiek, argindarraren sarea landagune gehienetara iristen hasi zen arte. Elektrifikazioa orokortu zenean, errotek ez zuten inongo zentzurik, eta galdu egin ziren.

Hala ere, Azpeitiko udalerrian badira bi, Toberagile eta Igara, egun martxan daudenak?

Bi horiek martxan, bai, eta badira martxan jarri ahal izateko nahiko ondo kontserbatuta dauden beste bi edo hiru ere: Gaztekoa, esaterako.

Azpeitian dokumentatuta dauden gainerako erroten aztarnak zertan dira?

Horietatik gehienek, gaur egun, etxe aurrean daukate errotarriarekin mahaia eginda edo dekoraziorako dauzkate errotarenak izandako elementuak... horrelako gauzak. Etxe zaharrak ziren tokietan etxe berriak eginda ere badaude, eta ondorioz, galtzen joan dira.

Urrestillako Katuerrota baserria bota zutenean, errota bera matendu egin zuten. Udalak erosi al zuen?

Hori udalarena da, bai. Eskatu genuen baimena barruan ibiltzeko, eta ez ziguten utzi, tokia oso gaizki dagoelako. Komeniko litzateke hor zerbait egitea, errota bera nahiko ondo dagoela baitiote bertakoek.

Toberagile edo Igarakoaren antzera, Gipuzkoan errota asko al daude martxan?

Bai, mordoska bat daude. XIX. mendearen hasieran igoal mila errota egongo ziren Gipuzkoan, eta orain 50 bat baldin badaude, ikaragarria da; baina 950 galdu egin direla esan nahi du horrek, sasipeko ahanzturan.

Martxan gelditzen direnak edo irauten duten aztarnak ondo zainduta al daude? Hobeto zaintzea komeniko al litzateke?

Etnografiaren munduan beti gertatzen da gauza bera. Zuk etxe zahar bat badaukazu, XVI. mendekoa edo, zaila da esatea ona den ala desgrazia bat den. Mantentzeko laguntzarik ez dago apenas, eta ezin duzu etxe horretan ezer egin, ezin duzu etxea zeuk nahi duzun erara manipulatu edo eraldatu, eta edozer obra ikaragarri garestitzen da. Beraz, udalak hartzen ez baditu, Igarakoaren gisa, zaila iruditzen zait mantentzea. Toberagilekoek, adibidez, joaten zaien jende guztia onartzen dute, beso zabalik hartzen dituzte; gu hara joan ginenean, esaterako, kanala propio bete eta errota martxan jarri zuten, eskertu besterik ez daukat. Baina, noski, berentzako egundoko lana da errota martxan mantentzea. Horregatik, esan nien Zizurkilen formula bat erabili izan dugula. Duela urte pare bat, karobi bat berritu genuen, lehengo erara jartzeko. Baserritar batena zen, eta akordio bat egin genuen harekin: karobia ikustera joan nahi zuen jende guztiarentzat bidea libre egongo zen, baina urtean behin-edo udala arduratuko zen bide hori txukuntzeaz. Toberagilen ere egin daiteke horrelako zerbait, udala urtean behin kanala garbitzeaz arduratuko balitz, esaterako. Hitz egitekotan gelditu ziren.

Zergatik da garrantzitsua gelditzen diren errota horiek eta aztarnak kontserbatzea?

Altxorrak direlako, eta jendeak horiek ezagutzeko aukera izan dezan. Ezagutzen ez dena ez da maitatzen, eta maitatzeko, lehenengo ezagutu egin behar da. Horregatik, uste dut eskoletan ere lan gehiago egin beharko litzatekeela horrelako edukiekin; ez bakarrik errotekin, ondare guztiarekin. Askotan iruditzen zait eskolaumeek ezin hobeki dakitela Vietnamgo hiriburua zein den, eta gero, herria ez dutela ezagutzen. Zenbat aldiz gertatu zaidan, eskola batera joan, gela batean sartu, eta han Euskal Herriko mapa, zoragarria, handia. "Eta herriko mapa non dago?" galdetu, eta "nola, herriko mapa?". Noski baietz. Euskal Herriko maparen aldamenean, herriko mapak beharko luke egon; Euskal Herriko maparen silueta memorizatuta daukagun bezala, herrikoa memorizatu beharko genuke.​​​​​​​ Zizurkilen hiru eskola ditugu, eta Hernandorenakoak hiruetara joaten gara, gutxienez bakoitzera urtean behin, ikasleekin herrian ibilaldi txiki bat egiteko, normalean gurasoekin joango ez liratekeen lekuetara: presak, karobiak, paisaiak... Ezagutzeko bidea hori da.

Klima eta energia krisien testuinguru honetan, ikasgairen bat atera al daiteke garai bateko errota haietaz?

Ikasleekin eta gazteekin errotetara joan eta energia alternatiba batzuk badaudela, horietaz gehiago pentsatu eta horiek gehiago aprobetxatu beharko genituzkeela erakusteko baliagarriak izan daitezke. Dena den, kontuan hartu behar da erroten aprobetxamendua oso txikia dela, gaur egun norberaren etxean eguzki plakak jartzearen parekoa. Baina nik uste dut bereziki sinbolikoki direla garrantzitsuak errotak. Gure ondarea dira, gure herriko historia dira, historia ikaragarria. XVII. mendean Euskal Herrian artoa sartu zen arte, baserriak irauteko besterik ez zeuden, gosea besterik ez zegoen, eta denak maizterrak ziren. Artoarekin, kolpetik, ekoizpena hirukoiztu edo laukoiztu egin zen, eta gainera, garitarako erabili ezin ziren hirugarren eta laugarren mailako lurrak erabilgarri bihurtu ziren. Horrek ekarri zuen baserrietan sarrerak asko handitzea, eta maizterrei alokatutakoak zirenez, jauntxoek erdibitu egin zituzten baserri asko, maizter bat jarri beharrean bi jarri ahal izateko eta etekinak ere bikoizteko; eta baserri berriak sortu ere bai. Orain dauden bi bizitzako baserri guzti-guztiak garai hartan erdibitutakoak dira. XIX. mende erdialdean, Azpeitian 450 bat baserri zeuden, eta baserrien jabe zirenak eta bertan lan egiten zutenak, berriz, 50 bat ziren; gainontzeko denak jauntxoren batenak ziren: Granadako dukea, Narroseko markesa, Lasaoko sanmillandarrak...

Azken pare bat hilabetetan Azpeitiko erroten historian murgilduta ibili ondoren, beste proiekturik ba al duzu esku artean?

Duela 30 bat urte, lau edo bost inozente elkartu ginen, eta Larramendi Bazkuna izeneko elkartea sortu genuen, Andoain eta Aiztondo bailara hartuta. Aiurri aldizkaria sortu genuen, eta hainbeste urte eta gero, hango zuzendaritza batzordean jarraitzen dut. Tolosaldeko Euskara Mahaiaren zuzendaritza batzordean ere banabil, proiektu oso polita eta aitzindaria. Ez naiz aspertzen, egunero daukat zerbait. Emazteak esaten dit lanean nenbilenean baino askoz gutxiago ikusten nauela jubilatu nintzenetik. Gustatzen zait horrelako proiektuetan parte hartzea, bete egiten nau.

Azpeitira ere sarri etortzen zara, ezta?

Asko, bai. Gauzak nola izaten diren... Duela 35-40 urte inguru afari bat egin genuen eskola garaiko ume txikiak ginenok. 20-25 lagun elkartu ginen afari hartan, txiki-txikitako lagunak, eta primeran pasatu genuen. Hurrengo hilean berriz egiteko gelditu ginen; eta hurrengo hilean, eta hurrengoan, eta hurrengoan... 35 urte daramatzagu hilero-hilero egiten. Txoko soziedadean elkartzen gara, hileko lehen ostiralero, afaria txandaka prestatzen dugu eta bakoitzak badaki noiz tokatzen zaion. Horrez gain ere asko etortzen naiz, lagun batzuekin eta besteekin egoteko, eta familia ere Azpeitian daukat. Asko etortzen naiz Azpeitira, nire herria eta gustuko tokia da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide