Zaletasunean bat eginda

Mailo Oiarzabal 2023ko eka. 30a, 11:30

Naroa Uria eta Ion Intxausti, Asturiasko probaren une batean. (Utzitakoa)

Mendi lasterketetan buru-belarri dabiltza Naroa Uria eta Ion Intxausti, bakoitza bere kasa, baina baita bikotean ere. Proba misto bat baino gehiago irabazi dituzte elkarrekin azpeitiarrek. Azkena, joan den asteburuan.

Podiumak zapaltzen ohitu dira azkenaldian Naroa Uria (Azpeitia, 1996) eta Ion Intxausti (Azpeitia, 1995), eta horietako azkenera igo eta hiru egunera elkartu dira Urolako Komunikazio Taldearekin. Benia de Onisen (Asturias, Espainia), Europako mendietan egiten den GTPE probaren 35 kilometroko lasterketan parte hartu, eta bikote mistoen sailkapenean nagusi izan ziren joan den larunbatean bi azpeitiarrak; gainera, lasterketaren sailkapen nagusian bosgarren eta seigarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren, Intxausti eta Uria, eta azken hori izan zen parte hartu zuten emakume guztien artean helmuga zeharkatu zuen lehendabizikoa. "Baina proba mistoan edo bikotekako besteren batean parte hartzeko izena ematen baduzu, sari indibidualerako ezin zaituzte kontuan hartu", azaldu du Uriak.

Benia de Onisekoa izan da denboraldi honetan bikoteka lehiatuz lortu duten azken garaipena. Zarauzko Pagoeta mendi lasterketa irabazi zuten apirilean, eta Benasqueko (Aragoi, Espainia) mendi maratoia ekainean, besteak beste; izan ere, asfalto gainean ere lehiatu eta irabazi dituzte proba batzuk.

Kirolean bi bizipen

Berezko joera eta familiaren bultzada tarteko, "txiki-txikitatik" egin izan du kirola Uriak. "Edozertara apuntatzen diren horietakoa nintzen: krosa, igeriketa, pilota...". Saskibaloia izan da orain arte bere kirol ibilbideko jarduera nagusia: 11 urtez aritu zen Iraurgin, maila desberdinetako taldeetan. Saskibaloiak "konpromiso gehitxo" eskatzen zion sasoia iritsita, ordea, utzi egin zuen kirol hori, eta ordura arte gutxiago jorratutako atletismoari eutsi zion. "Baina neure kasa", dio: "Lehendabizi asfaltoan ibiltzen nintzen gehiago; gero, mendian probatzen hasi nintzen, pixkanaka, eta horrek bai kateatu ninduela. Distantzia motzagoekin hasi, eta pixkanaka gero eta luzeagoak eginez... hortxe nabil. Ikasketak kirolera bideratuta egin ditut. Beraz, kirola egunerokoa da niretzat".

"Nire historiala dezente desberdina da", dio Intxaustik. Txikitan eskolarteko kirolean-eta ibili zen, baina nerabezaroarekin "lagunak eta beste gauza batzuk" bihurtu ziren beretzat lehentasun. Sasoi horretan gutxiago, baina "mendian beti ibili" izan da Intxausti, eta 20 bat urterekin berreskuratu zuen mendirako joera. "Distantzia luzeak korritzeak eta mendian ordu gehiago ibiltzeak" arreta piztu zuten beregan. "Mendi martxak egiten hasi nintzen, eta pare bat urtez horietan ibili ondoren, mendi lasterketen harra piztu zidan lagun bat aurkitu nuen. 2017an hasi nintzen mendian korrika. Lehen esaten nuen ez nuela halakorik egingo, baina probatu nuen, eta gustatu".

Uriak denbora gutxiago darama mendiko lasterketetan murgilduta, "bi urte eta erdi, gutxi gorabehera".

Intxausti eta Uria Benia de Oniseko helmugara iristen, Uriaren anaia Landerrekin. (Utzitakoa)

Asteburuko planak

Zertxobait gutxiago daramate proba mistoetan parte hartzen. Elkar ezagutu eta bikote harremanari ekin ziotenean, biek "zaletasun bera" partekatzen zuten. Mendia eta mendian kirola egitea gustatzen zaie biei. Gainera, "furgonetaren bueltako bizimodua eta lekuak ezagutzea" ere oso gustuko dituzte, eta mendi lasterketak zaletasun horiek bateratzeko "aproposak" dira. Mundu horretan murgilduta, bikoteka lehiatzeko mendi lasterketekin topo egin zuten. "Bat Asturiasen, beste bat Pirinioetan... Asteburu ederrak pasatzeko aukera onak ziren. Talde lana ere asko gustatzen zaigu, elkar animatzea eta elkarri laguntzea. Gainera, lasterketa mistoak helburu izan daitezke bere horretan, edo bakoitzak geure aldetik aurreikusita ditugun lasterketak prestatzeko entrenamendu onak ere bai", kontatu du Intxaustik.

Izan ere, Uria eta Intxausti bakoitza bere aldetik ere lehiatzen dira; are gehiago, denboraldiko plangintzaren barruan "lehentasuna" proba indibidualei ematen diete, nahiz eta proba mistoetan oso gustura aritzen diren, eta, esaterako, aurten horietako bat izan den Uriaren urteko erronka nagusia. Aurten osatu du bere lehen mendi maratoia, Benasquen, eta proba mistoan lehiatu zen han, Intxaustirekin batera. Lehiatu, eta irabazi ere bai, nahiz eta Intxaustirentzat egunik onena ez izan. "Bezperan ondoezik nengoen, egunean bertan sukarrarekin esnatu nintzen. Baina bere [Naroa] urteko helburu nagusia zen. Urte osoa hori prestatzen aritu eta, zer egingo nuen? Normalean, hitz egin eta hitz egin aritzen naiz lasterketetan, baina egun hartan ez nuen hitzik egin, nahiko lan neukan segitzearekin", kontatu du Intxaustik, umoretsu.

Proba mistoetan "gustura" aritzen dira, baina era horretako lasterketa "gutxi" daudela dio Uriak. Bilatzen dituztenak begiz jota izaten dituzte badaezpada. "Eta hemendik kanpo badira hobe, asteburu pasa eder bat antolatzeko".

Lehiari dagokionez, bikoteka korrika egitea "esperientzia polita" dela dio Intxaustik. Elkarrekin korrika eginez gozatzea izaten dute helburu nagusia horrelakoetan, proba mistoetan errendimenduari hainbeste erreparatu gabe. "Baina egia da ahalik eta ondoen egitera joaten garela, hori ere hala da", diote. Proba mistoetan, bikote bakoitzeko kideek elkarrengandik ahalik eta gertuen zeharkatu behar izaten dituzte bai ibilbidean zehar jarritako kontrol guneak, bai helmuga. "Bestela, ez luke zentzurik izango", diote azpeitiarrek, eta azaldu dute "normalean gehienez minutu bateko aldea" atera ahal diola bikoteko kide batek besteari, nahiz eta "probaren arabera" denbora muga alda daitekeen.

Intxausti eta Uria. (Mailo Oiarzabal)

Elkar ezagutzea gako

Bat datoz azpeitiarrak bikoteka lehiatzeko bikotekideek elkar ondo ezagutzea "oso garrantzitsua" dela esaterakoan. Proba horien izaerak eta arauek korrika elkarren ondoan edo elkarrengandik oso gertu egitera derrigortzen dituzte kirolariak, eta distantziaren arabera, ordu luzez aritu behar izaten dute gisa horretan. "Normalean, Ion ni baino askoz errazago ibiltzen da, eta bera izaten da ni babesten nauena, baina Benasquekoa bezalako egunak ere toka daitezke. Elkarri laguntzea ezinbestekoa da", dio Uriak, eta ildo beretik hitz egin du Intxaustik: "Bestea ondo ezagutu behar duzu, momentu bakoitzean nola animatu asmatzeko". Alde horretatik, elkarrekin lehiatu direnetan "inoiz sesiorik ez" dutela izan diote, "eta ez pentsa jende guztia berdin ibiltzen denik", gaineratu du Intxaustik, elkarri epelak botatzen dizkioten bikoteak ikustea tokatu zaiela adierazteko. Hala ere, eta gero eta jende gehiago dabilen arren, mendi lasterketetan eta lasterketen inguruan "momentuz" giroa "oso ona eta lagunkoia" dela nabarmendu dute Uriak eta Intxaustik, eta horri eustea gustatuko litzaieke.

Elkarren ezagutzari tiraka, bata bestearen indarguneak eta hobetu beharrekoak mahai gainean jartzea eskatuta, barre eta begirada konplize artean, ez dira iritsi bata bestearen ahulguneak aipatzera. Indarguneak, aldiz, argi dauzkate. "Daukadan onena eta modu onenean ateratzen daki", dio Uriak bikotekide ez ezik entrenatzaile ere baduen Intxaustiz. "Lehiatzen ari denean hazi egiten da, entrenamenduetako errendimendua hobetzen du beti. Hor antzematen zaio txikitatik kirolean ibili izan dela", dio Intxaustik Uriaz.

Uria proba luzeetan ere eskarmentua hartzen ari den honetan bide horri eustea, eta etapazko lasterketak probatzea; horiexek dira azpeitiarren hurrengo erronkak. Baina irailetik aurrera izango dira, izatekotan, orain atsedena datorkie eta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide