Erretratua

Silvana Huegun: "Ondo jaten ez bada, inolaz ere ezin da osasuna mantendu"

Ihintza Elustondo 2023ko uzt. 3a, 15:00

Silvana Huegunen erretratua. (Olatz Alkorta)

Ogibidez nutrizionista, han-hemenka elikadurari buruzko aholkuak ematen aritzen da Silvana Huegun: irratian, telebistan... Haren gomendioak biltzen dituen liburu bat ere bada eskuragarri. Elikadura osasunari estuki lotutako zerbait dela uste du, eta bizitzan helburu bat izan behar dela: norbere burua zaintzea. 2023ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Zer da ondo bizitzea? Norberak hausnartu beharreko kontua da zer opa dion bere buruari, baina gauza bat argi dago: osasunik gabe, behintzat, ez dago ondo bizitzerik. Eta Silvana Huegunen (Azpeitia, 1972) ustez, ondo elikatu gabe, ez dago osasunik. Ideia horri tiraka, han-hemenka aholkuak ematen aritzen da aspaldian Zestoan bizi den azpeitiarra. Ondo jatea ez du uste eginkizun zaila denik. "Ez da hain konplikatua, arreta jartzea da gakoa".

Nutrizionistaren figura oraindik ere existitzen ez zen garaian murgildu zen Huegun elikaduraren munduan. Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasi zuen Iruñean, Nafarroako Unibertsitatean. "Orduan nahiko ikasketa berriak ziren. Momentu hartan, ez zegoen dietista figurarik. Askotan, erizainek egiten zituzten dietista lanak". Orain, dena den, indar handia hartu du nutrizionistaren ogibideak, eta inork gutxik zalantzan jarriko du, beste hainbat ofiziotan profesionalak behar diren moduan, elikadurarenean ere ezinbestekoak direla.

Dietetikarena orduantxe ernatzen ari zen eremua izanagatik ere, Huegunek bazuen mundu horretan murgiltzeko halako "irrika" bat. "Medikuntza ikasi nahi nuen, baina ez nuen nahi gradu horrek eskatzen duen adina urte ematea ikasten". Medikuak daukan "sendatzeko gaitasun horrek erakarri" egiten zuen Huegun, eta oraindik unibertsitatean zer bide hartuko zuen erabaki aurretik, aldaketa bat egin zuen bere bizitzan: elikadura aldatu zuen. "Barazkijale egin nintzen. Azaleko arazoak neuzkan, eta elikadura aldatzean, ikusi nuen nire gorputzean sekulako aldaketa izan zela. Ikusi nuen elikadura sendatzeko era bat dela". Hala, medikuntzaren ideia alboratu eta elikadura ikasketak egitea erabaki zuen. Ondoren, jakintza arloa osatu nahian, beste hainbat esparrutako ikasketak egin zituen: naturopatia, iridiologia...

Denboraldi batez, atseden etxeetan lan egin zuen Huegunek; jendea garbi jatera, baraualdiak egitera... joaten den guneak dira atseden etxeak. Horietan lanean aritu ostean, kontsultarako jauzia egin zuen, eta gaur egun, Eibarko (Gipuzkoa) Oreka zentroan eta Zestoan pasatzen ditu kontsultak. 25 bat urte daramatza nutrizionistak kontsultan lanean, laguntza behar duten herritarren bidelagun izaten, baina eremu itxian ez ezik, plaza publikoan ere ezaguna da Huegun: Egin Irratian nahiz Euskadi Irratian kolaboratu izan du, ETB1eko Txoriene sukaldaritza programan, 7K aldizkarian ere bai... Saiatzen da, beraz, bere jardunari zabalkundea ematen. "Ez zait kostatzen jendearen aurrean hitz egitea, ikastaroak edo hitzaldiak ematea. Halako zerbait egingo al dudan galdetzen didatenean, beti baietz esaten dut, elkarrizketa honen kasuan bezala". Jendearekin nahiz jendaurrean hitz egiteak bere izaerarekin "bat" egiten duen zerbait dela nabarmendu du.

7K aldizkarian urte pila batean idatzi zuen elikadurari buruzko zutabea Huegunek, eta lan horrek eman du bere fruitua. Izan ere, zutabe hartan Huegunek idatzitakoak bildu eta liburua argitaratu zuen Gara hedabideak 2010ean: Comer bien, para vivir mejor –euskaraz, Ondo jan, hobeto bizitzeko litzateke–. Elikadurari lotutako hainbat gomendio daude jasota argitalpenean.

"Helburua ez da argaltzea"

Liburuaren izenburuak iradokitzen du ondo jateak hobeto bizitzen laguntzen duela, eta lelo hori oinarri, bidea zein den argi du nutrizionistak: "Nik beti esaten dut gure burua zaintzeak izan behar duela bizitza honetako helburua". Dena den, uda sasoia hurbiltzen ari den honetan, batek baino gehiagok jarri ohi dio bere buruari argaltzeko erronka, eta ideia horrekin ez dator bat nutrizionista. "Pisua zenbaki bat da, erreferentzia bat baino ez. Helburuak beti izan behar du gure burua zaintzea, eta gure burua zaintze horretan, noski, elikadura oso garrantzitsua da. Ondo jaten baldin badut, hobeto sentituko naiz", dio. Dena den, norbere buruaren zaintza horretan, elikadura adar bat dela nabarmendu du, beste hainbat alor ere zaindu behar direla: "Gauza asko zaindu behar dira: atseden nahikoa ematea gorputzari, estresa ondo kudeatzea, ariketa fisikoa egitea, emozionalki ondo egotea... Hori dena da norbere burua zaintzea".

Askotan, atal horietako bat lantzen hastean, beste denak mugiarazten direla dio, eta haren arabera, dena lantzea da "gakoa". Hori bai, argi du zein den bere jakintza esparrua: "Noski, ni ez naiz psikologoa, eta nik elikadura hartzen dut lanketa hori egiteko oinarritzat, baina helburua beti gure burua zaintzea dela kontuan izanda". Esamolde horrekin zer esan nahi duen adierazteko adibide bat jarri du. "Etorri izan zaizkit kontsultara, ezkontza bat dutela-eta pisua galdu nahi dutela esanez. Hori ez da helburu sendoa, nire ustez. Ohitura batzuk aldatzea da gakoa, ez egun puntual baterako kiloak galtzea. Norbere zaintzak ez du izan behar presazko zerbait; izan ere, bizitza guztian zaindu behar gara".

Ez du uste, gainera, pertsonaren itxura fisikoaren arabera baloratu behar denik haren osasuna. "Batzuek esaten didate: 'Nire lankideak edozer jaten du, eta argal-argala dago, eta ni, berriz, bizitza guztian zaintzen ari naiz, eta kiloak soberan ditut'". Halako adibideak jartzen dizkienei beti ematen die erantzun bera: "Nik beti esaten diet, lehenago edo geroago, pertsona horiek beste arazo batzuk izango dituztela. Ondo elikatu gabe, inolaz ere ezin da osasuna mantendu". Dena den, iruditzen zaio gero eta jende gehiagok nahi duela ohiturak aldatzea eta norbere burua zaintzea, eta gero eta gutxiago direla beren buruari soil-soilik argaltzeko helburua jartzen diotenak. Gainera, Huegunek urteotan ikusitakoaren arabera, gaixotasun batzuek "askoz hobeto" eboluzionatzen dute elikadura egokiarekin laguntzen baldin badira.

Ondo elikatzea, garestia?

Azken boladan bolo-bolo dabil elikagaien prezioak garestitu izanaren kontua, eta ziur asko, batek baino gehiagok aldatuko zituen erosketa saskian sartutako produktuak, aurrezte aldera. Dena den, Huegunek uste du "oso garrantzitsua" dela erosten diren elikagaien ekoizpena zer-nolakoa den kontuan izatea. Azken urteotan elikagaien kalitatea "asko jaitsi" dela azpimarratu du, eta horregatik, bertan ekoitzitako jakiak nahiz produktu ekologikoak kontsumitzeak "sekulako garrantzia" duela. "Ez da gauza bera supermerkatuan erositako zerbak edo ondoko baserritarrari erositakoak jatea. Frogatuta dago jaki ekologikoek askoz ere elikagai gehiago dituztela". Eta Huegunek ez du uste modu horretan jatea herritarren poltsikorako eskuragaitza den zerbait denik: "Egin dituzte horri lotutako esperimentuak, eta ez da hainbeste igotzen aurrekontua; gehiago dira gure beldurrak".

Ondo jateko gero eta kontzientzia handiagoa dagoen arren, Huegunen ustez, plazera jan-edanari lotuta bizi duen gizartea da egungoa. "Plazera askotan jan-edanarekin soilik lotzen dugu, eta planak egiterakoan, beti bazkariak, poteoak... adosten ditugu". Nutrizionistaren arabera, jatekoak badu, "noski", alderdi emozional hori, baina oreka bilatu behar da, eta nabarmendu du plazera beste gauza askok ere ematen dutela; besteak beste, liburu eder bat irakurtzeak edo mendi buelta bat egiteak. Horri lotuta, ohartarazi du "gehiegi" jaten duen gizartea dela egungoa, eta askotan, elikagaiak ez diren jakiak kontsumitzeko joera dagoela.

Ohitura desegoki horiek azaltzeko balio dezake, Huegunen ustez, egungo gizartean elikadurari ematen zaion balioak, lehentasunak. "Elikadurari ematen zaion balioa asko jaitsi da azken urteotan, bai jakiak prestatzen ematen dugun denborari dagokionez, bai jakiak erosten gastatu nahi dugun diru kopuruari dagokionez. Aisialdirako eta oporretara joateko badugu dirua eta denbora, baina janaria prestatzen denbora ematea denbora galtzea dela iruditzen zaigu", adierazi du. Haren iritziz, emakumea lan munduan txertatu izanaren albo kalte bat da elikadurari ematen zaion garrantzia murriztu izana. "Lehen, haurren zaintzaz eta elikaduraz arduratzen zen figura bat zegoen etxean, eta orain, galdu egin da hori. Orain, nork hartuko ditu ardura horiek, eta nola erantzungo zaie behar horiei? Ez dugu asmatu hori nola ordezkatu".

Silvana Huegun

  • Jaiotze data: 1972ko uztailaren 1a.
  • Ikasketak: Giza Nutrizioa eta Dietetika.
  • Lanbidea: Nutrizionista.
  • Nutrizionista ez banintz… Medikua izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Txakurra hartu eta mendi buelta bat ematera joatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide