Agintaldi berriko asmoak azaldu dizkie udalak eragileei

Nerea Uranga 2023ko eka. 30a, 13:29

Udal Gobernuak atzo herriko eragileekin egindako bilera, Sanagustin kulturgunean. (Nerea Uranga)

Udal Gobernu berriak datozen lau urteotarako dituen erronken berri emateko eta udal batzordeburuak aurkezteko bilera egin zuen herriko eragileen ordezkariekin atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean. Eragileekin elkarlanean aritzearen "garrantzia" azpimarratu zuen Nagore Alkorta alkateak, eta haiek egiten duten "inurri lana " aitortu zuen.

Azpeitiko Udal Gobernua osatzen duten Nagore Alkorta alkateak eta zinegotziek hasi berri duten agintaldirako dituzten erronkak eta asmoak azaldu zizkien atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean herriko hainbat arlotako eragileetako ordezkariei. 50 bat lagun bildu ziren batzarrean, eta alkatearen nahiz udal batzordeburuen azalpenak entzun ondoren, mokadua eginez elkarrekin hitz egiteko aukera izan zuten.

Maiatzaren 28an egindako udal hauteskundeak EH Bilduk irabazi zituen Azpeitian, eta ekainaren 17an hartu zuen alkate kargua Nagore Alkortak. Udalbatza EH Bilduko hamar zinegotzik eta EAJko zazpik osatzen dute. Joan den astelehenean, berriz, udaleko batzordeetako ardurak erabakitzeko udalbatzarra egin zuten. Batzordeburuak zeintzuk diren aurkeztuz hasi zuen hitzartzea Alkortak atzokoan.

Ondoren, eragileetako kideei zuzendu zitzaien alkatea, eta haiek herrian eta herriarentzat egiten duten lana eskertu zien: "Egiten duzuen inurri lan hori aitortu nahi dizuegu, zuen lanik gabe Azpeitia ez zelako gaur dugun bezalakoa izango. Azpeitian beti dago zerbait, beti ari da norbait zer egin pentsatzen, nola lagundu irudikatzen.  Hori dena eragileoi esker da, herrigintzan lanean ehunka lagun zabiltzatelako kulturan, euskaran, kirolean, ikastetxeetan, hezkuntzan, arlo sozialean… Aberatsak gara herri mugimenduan, eta aberatsak elkarlanean".

Atzo Sanagustin kulturgunean, eragileetako ordezkariak. (Nerea Uranga)

Hasi berri duten agintaldian,  orain arteko bidean "sakondu" eta "salto bat egitea" nahi dutela azaldu zuen Alkortak: "Elkarlanean, parte hartzean eta egiteko moduetan hobetu nahi dugu, herritarrak erdigunean jarrita eta azpeitiar guztientzat gobernatuz.

Datozen lau urteotan "herri duinagoa, aktiboagoa, iraunkorragoa, bizigarriagoa eta errotuagoa" egiteko erronka dutela nabarmendu zuen Alkortak, eta horretarako  "inor atzean utzi gabe, herritar guztien beharrak kontuan izanda" lan egingo dutela agindu zuen.

Gizartearen zahartzeak ekarriko dituen erronkei heltzeko, etxez etxeko zerbitzua eta eguneko zentroa hobetzeko, adinekoentzat Perdillegin zentro berria eraikitzeko eta buru osasuneko arazoei aurre egiteko programa prebentiboa martxan jartzeko lan egingo dute.

Azpeitian bertan bizi eta lan egiteko aukerak eskaintzeko aukerak sortzea ere aipatu zuen Alkortak. "Lan duina sortzeko helburuz" industria lurrak eskuratzen eta birgaitzen ari direla azaldu zuen.

Herri iraunkorragoa izatea ere "erronka nagusietako bat" da Udal Gobernuarentzako izango da. "Bide horretan, Azpeitian hasiak gara pausoak ematen, baina bide horretan eraldaketa sakonagorako urratsak egin beharra dugu. Horretarako, Ingurumen Mahaia sortuko dugu, herritarrak eta herri eragileak trantsizio ekologikoaren elkarrizketan eta dinamikan inplika daitezen".

"Herri bizigarriagoa" egitea ere helburu du Udal Gobernuak, Alkortaren hitzetan, eta etxebizitza politikan eragin nahi dute: "Etxebizitza politika eraldatzaileak egiten jarraituko dugu. Azpeitian bertan bizi nahi duten herritar denei horretarako aukera eskainiz, etxebizitza oinarrizko eskubide bat delako".

Azpeitia "herri feminista, parte hartzailea, euskalduna, anitza, ingurumenarekin konprometitua eta kultur ondarea baloratzen eta transmititzen" duena izatea nahi dutela azaldu zien alkateak eragileei, eta horretarako, herri hezitzailearen balioak modu praktikoan eta arloz arlo landu nahi dituztela azpimarratu zuen.

Udal Gobernuko kideak, atzo Sanagustinen. (Nerea Uranga)

Batzordeburuak banan-banan

Alkateak hitz egin ondoren, EH Bilduren zinegotziek –Idurre Zabaletak eta Miren Arrietak ezin izan zuten bilerara joan– eta batzordeburuek banan-banan hitza hartu zuten, eta beren ardurak zeintzuk diren azaldu eta eragileekin elkarlanean jarduteko asmoaren berri eman zuten. Leire Goenaga Ogasuna, Barne antolaketa eta Langileria batzordeburua eta Gizarte Beharrak eta Parekidetasun batzordeburua izango da. Joanes Amenabarrek Ingurugiroa eta Auzoak batzordearen ardura izango du, hirigintzako energiaz eta hainbat obrez arduratuko da eta Urola Erdiko Mankomunitateko ordezkaria izango da. Ander Larrañaga, berriz, Ekonomia batzordeaz eta Zerbitzu Orokorrak eta Hirigintzako Obren batzordeaz arduratuko da. Leire Sarasua Hezkuntzaz arduratuko da. Mikel Odriozolak Festak, Gazteria eta Hezkuntza batzordeburua izaten jarraituko du, eta Udaltzaingoa, Etxebizitza eta Udal Eraikin ardura izango du. Ion Oteiza Kiroletako batzordeburua izango da, eta Aitor Larrañaga Kultura eta Euskara batzordeburua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide