Galdutakoen jabe bila

Nerea Uranga 2023ko uzt. 14a, 09:00

Ia egunero jotzen du herritarren batek Udaltzaingora kalean aurkitutako objekturen bat eramatera edota zerbait galdu eta inork aurkitu al duen galdetzera. Askotariko gauzak jasotzen dituzte han, eta horien jabeak aurkitzeko egin ahal guztiak egiten dituzte udaltzainek. Elementu bizigabeak bai, baina bizidunak ere jasotzen dituzte askotan. 2023ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Askotarikoak dira jendeak kalean aurkitzen edota galtzen dituen objektuak: giltzak, arropa, sakelako telefonoak, diru zorroak, bitxiak, audifonoak, hortzordeak, baloiak, patineteak, bizikletak, nortasun agiriak, era askotako txartelak... Horietako asko eta asko Udaltzaingora eramaten dituzte herritarrek, eta udaltzainek galdutako elementuaren jabea aurkitzeko ahalegina egiten dute, pauta batzuk jarraituz. Urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan funtzionatzen duen zerbitzua da, eta Anartz Toledo Azpeitiko udaltzainburuak azaldu duenez, egunero-egunero jotzen du bateren batek Udaltzaingora galdu duen elementua aurkitu nahian edota kalean topatu duena eramatera.

Udaltzaingoan zerbait jasotzen dutenean, lehenik eta behin, sistema informatikoan erregistratzen dute, eta elementua aurkitu duen pertsonaren datuak biltzen dituzte. Hortik aurrera, objektuaren jabea aurkitzeko kudeaketari ekiten diote. "Objektuaren arabera, modu desberdinean kudeatzen da; esaterako, galdutako nortasun agiri baten kasuan, badakigu zein den jabea, eta ondorioz, etxera eramaten diogu edota Udaltzaingoan jasota dugula esanez telefonoz deitzen diogu hari. Sakelako telefonoen kasuan, berriz, aldea izaten da gailua piztuta dagoen edo ez; izan ere, piztuta badago, askotan jabeak deitzen du. Mugi txartelaren kasuan, herrian erroldatutakoa bada, jabea izen-abizenen bidez lokalizatu ahal izaten dugu, eta ez bada horrela, Mugira bidaltzen dugu txartela, han badituztelako datuak. Audifonoak direnean, aldiz, Gaesera eramaten ditugu, agian, barruan duten txiparen bidez jabea lokalizatu dezaketelako". Beraz, kasuan kasuan prozedura desberdinak jarraitzen dituzte, nolanahi dela ere, jabea aurkitzeko.

Udaltzainburuaren esanetan, Azpeitiko herritarrak "oro har zintzoak" dira, eta kalean aurkitutakoa Udaltzaingora eramaten dute, nahiz eta baliodun gauzak izan. "Behin herritar batek barruan 300-600 euro zituen paperezko zorro bat aurkitu eta Udaltzaingora ekarri zuen. Diru hura jabeari itzuli genion, zorroan izen-abizenak idatzita zituelako", kontatu du. Toledoren esanetan, galdutakoa berreskuratutakoan oso eskertuta azaltzen da jendea. "Batzuek galdutako elementua nork aurkitu duen jakin nahi izaten dute, eskertu ahal izateko. Guk, ordea, ezin izaten diegu esan zein izan den galdutako elementuak ekarri dituena", zehaztu du.

Jabea nor izan daitekeen jakin ezin dutenean –bitxien, arroparen, baloiaren, audifonoen edota betaurrekoen kasuan, esaterako– edota jabea ez bada agertzen, Udaltzaingoan gordetzen dituzte gauza horiek bi urteko epean. "Kode Zibilak hala esaten du, eta...", adierazi du Toledok. Bi urteko epean kalean aurkitutako objetuak Udaltzaingoaren egoitzan gordeta eduki eta gero, beste bide bati ekiten diote udaltzainek: elementua aurkitu zuen herritarrari deitzen diote berak jaso nahi al duen galdetzeko, edota bestela, berrerabilerara bideratzen dituzte: arropa Elkar-ekini ematen diote, Elkargunerako; betaurrekoak optikara eramaten dituzte, handik garapen bidean dauden lurraldeetara bidaltzeko; eta bizikletak GKE elkarte batera eramaten dituzte. Hala azaldu du udaltzainburuak: "Udaltzaingora ekartzen duten guztia beren jabeei itzultzen saiatzen gara, baina gauza batzuk ezin izaten dira banatu, eta kasu horietan, ekarri duenari itzultzen edota beste erabilpen bat ematen zaie. Udaltzaingoan jasota gelditzen den guztiari ahalik eta irteera egokiena ematen saiatzen gara".

Kalean aurkitutako bizikletak Loiola 91 eraikineko udal biltegian gordetzen dituzte. "Jendeak kalean aurkitu dituelako ekartzen ditu bizikletak gurera, baina beste kasu batzuetan, bizikletentzako aparkalekuetatik jasotzen ditugu. Aparkaleku horietakoren batean bizikleta bat denbora luzez utzita dagoela ikusten baldin badugu, mezu bat jartzen diogu, bi edo hiru eguneko epean jabea azaltzen ez bada, jaso egingo dugula esanez". Dozena bizikleta inguru eta hainbat patinete dituzte gaur egun udal biltegian jasota.

Jendeak kalean gehien galtzen dituen objektuak giltzak direla dio udaltzainburuak. "Udaltzaingora egunero ekartzen dituzte kalean aurkitutako giltzaren batzuk". Udaltzaingoan jasotako objektuetatik hirutik bat itzultzen diote jabeari. Datuak aletu ditu Toledok: iaz 269 elementu erregistratu zituzten Udaltzaingoan, eta horietatik ehun itzuli zizkieten beren jabeei. Aurten, berriz, maiatzaren aurrenera artean, 74 objektu erregistratu dituzte, eta horietatik 29 jaso dituzte beren jabeek.

Baita bizidunak ere

Elementu bizigabeak bakarrik ez, bizidunak ere jasotzen dituzte Azpeitiko Udaltzaingoan. Hala azaldu du Toledok: "Babestuak ez dauden espezie guztiak jasotzeko eskumena du udalak, eta horiek guk jasotzen ditugu". Galdutako animalia gehienak txakurrak izaten dira, eta horiek Jose Migel Iribar Gorriyeren txakurren egoitzara bideratzen dituzte."Txakurrak txipa ba al duen begiratzen du hark, gero jabeari deitzeko. Txipa ez baldin badu, berriz, Gorriyek berak eraman ohi du txakurra albaitariarengana txipa eta txertoak jartzera". Behin hilabeteko epea pasatutakoan, Usurbilen kokatuta dagoen Gipuzkoako Animalien Babeserako Elkartera eramaten dituzte txakurrak, adopzioan emateko. Txoriren batzuk ere eraman izan dituzte herritarrek Udaltzaingora, eta horrelakoetan, Gipuzkoako Aldundiko goardaren bidez, Igeldoko Animalien Etxera bideratzen dituzte horiek.

Udaltzainburuaren esanetan, egun guztiak izaten dira "arraroak", baina oraindik objektu hegalari ezezagunik ez zaiela azaldu esan du barrez. Azkena, ordea, herritar batek deitu zien Loiolako basilikaren aurrean asto bat zuhaitz bati lotuta zegoela esanez: "Goizeko seirak inguruan jaso genuen abisua. Nonbait, bateren batek astoa solte ikusi eta zuhaitzera lotu zuen. Han ibili ginen astoaren jabea ezin aurkituta; jabea azaldu bitartean, Gorriyek hartu zuen astoa". Horrelako kasuak gutxi izaten dituzte, baina nahiko lan ematen dietela aitortu du Toledok. Galdutako umerik ere ez zaie azaldu, oraingoz, Udaltzaingoan: "Galdutako umerik ez zaigu azaldu; bai, ordea, umeak galdu dituztela-eta gurasoak haiez galdezka".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide