Macarena Mugika: "Aipatzen ez diren berrikuntza asko dakartza lege berriak"

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 4a, 10:08

Macarena Mugika abokatua. (Utzitakoa)

Azpeitiko Emakumeen Txokoak Soilik baietz da baietz izenarekin ezagutzen den legearen gaineko zalantzak argitzeko antolatu duen saioa gidatuko du Irule Abokatuak-eko Mugikak (Donostia, 1988) bihar Azoka Plazan (18:00).

Sexu askatasunaren legearen gaineko zalantzak argitzeko saioa eskainiko duzue bihar Azpeitian. Zergatik? Zalantza asko antzeman al dituzue lege horren gainean?

Egia esan, oso polemikoa izan da legea. Bereziki hedabideetan, fokua zigorren murrizketan jarri dute, eta horrek hautsak harrotu ditu gizartean. Jende asko haserre dago, ez dute ulertzen zergatik gertatzen den hori. Abokatu feministak garen partetik, sumatzen genuen legeak benetan jasotzen duena herritarrei gerturatzeko beharra. Izan ere, zigorren murrizketan jarri da fokua, baina gure ustez murrizketa horiek guztiz anekdotikoak dira, ez dira batere esanguratsuak; egun edota hilabete gutxiko murrizketak dira, eta kasuz kasu aztertu beharko litzateke zergatik aplikatzen diren.

Aurreko legeak sexu erasoa eta abusua ez zituela ondo bereizten zenioen duela urtebeteko elkarrizketa batean. Lege berriak konpondu al du hori?

Izatez, ez da zehazki zigor murrizketarik egon. Lehen bi delitu bereiztu zeuden, sexu erasoa eta sexu abusua, eta denok ditugu gogoan bi delitu horien gainean sortutako interpretazio gatazkak eta polemikak, Manada auzian eta beste batzuetan. Sexu erasotzat hartzeko indarkeria edo larderia behar zen, eta sexu abusuetan, berriz, nagusitasun egoera bat; azken kasu horretan, erasotzaileak eta erasotuak harremanen bat izan behar zuten aurretik. Gatazka horiek ekarri zuten gizarte mugimenduetatik, feminismotik zein hainbat biktimaren aldetik delitu bereizketa horrekin bukatzeko eskaera, denak sexu eraso gisa hartzeko. Bi delitu horiek moldatzearen edo aldatzearen prozesuan hartutako erabakiak izan dira zigor murrizketak; ikuspegi antipunitibista txertatzea ere nahi izan da, izan ere, lege berrian. Esanguratsua da: duela hilabete gutxi prebarikazio delituen zigorrak murrizten dituen lege bat ere onartu zuten, politikariei eragiten die horrek gehienbat, eta ia ez da aipatu. Berez, Soilik baietz da baietz legeak aipatzen ez diren beste moldaketa eta berrikuntza asko dakartza. Sexu erasoak jasan dituzten biktimei, emakumeei, haurrei eta nerabeei lehen araututa ez zeuden hainbat eskubide aitortzen dizkie lege berriak.

Lege berriaren zer ekarpen nabarmenduko zenituzke?

Legea bereziki garrantzitsu egiten duena da biktimak dagoeneko ez duela frogatu behar ezetz esan duela; frogatu behar dena da baiezkoa, onarpen askea. Legedi anglosaxoiaren ildoa jarraitzen du legeak alde horretatik; Europako beste hainbat herrialdetan horrela arautzen dituzte sexu erasoak. Gainera, lege honekin, Europako Batasuneko eta Nazio Batuen Erakundeko hainbat batzordek Espainiako Estatuari legedia moldatzeko aspalditik egindako eskaerak bete dira. Batzorde horiek lege berria aztertzeko aukera izan zuten onartu aurretik, eta beren oniritzia eman zioten; baita Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Estatu Kontseiluak ere, aldaketa hori sustatu nahi zutelako. Baina aldaketak ez dira egiten egun batetik bestera, prozesu bat da, eta ikusi egin beharko da zein den legearen aplikazioa gerora. Legea oso berria da, oraindik ez diogu eskaini aukera Auzitegi Gorenari legearen inguruko hausnarketa bat egiteko edo jurisprudentzia ezartzeko.

Oso lege berritzailea da, eta berrikuntza asko dakartza. Aipatutakoez gain beste batzuk aipatzearren, onartzen du sexu indarkeria egiturazko indarkeria dela, eta ez gatazka indibidual bat; egitura patriarkalaren parte bat dela, gure gizartearen egituran oso errotuta dagoela eta sexu kultura baten testuinguruan gertatzen dela. Horregatik, parekatu egiten ditu emakumeen kontrako indarkeria eta sexu askatasunaren kontrako delituak. Horrek esan nahi du prozedura judiziala oso antzekoa izango dela, emakumeen kontrako indarkeriarako epaitegietan jarraituko dela prozedura; eta administrazioaren beste arloetan ere –Gizarte Zerbitzuetan, esaterako– eskubide berberak onartzen zaizkie emakumeen kontrako indarkeria zein sexu askatasunaren kontrako delituak pairatu dituztenei. Eraso sexual baten ondoren gertatutako hilketa guztiak ere emakumeen kontrako indarkeria gisa zenbatuko dira lege berri honekin, eta lehen ez zen horrela izaten bikote harremanik tartean ez bazegoen. Garrantzitsua da, era berean, erreparazioaren atala: kalte fisikoak ez ezik, kalte psikologikoak eta sozialak ere kontuan hartzen ditu lege berriak. Eta beste kontu asko aipa ditzaket, baina hitzaldirako utziko ditugu.

Hobetu zitekeen zerbait gelditu al da kanpoan?

Jende askok aipatzen du, adibidez, lehendik zigortutako pertsonei lege berria ez aplikatzeko xedapen iragankorra jaso beharko lukeela araudi berriak, baina ni ez nator bat, konstituzioaren aurkakoa litzateke hori. Zigorren aldaketa edo delitu baten moldaketa gertatzen denean, zigortutakoaren mesederako bada, atzera eginez aplika daiteke, araututa dago hori; giza eskubide bat da, eta ezin duzu egin giza eskubide baten kontrako arau iragankorrik. Zigorrak berrikusterakoan, hori bai, biktimaren borondatea errespetatu behar da, eta hori ez dute aipatzen.

Eskuin muturra Espainiako Gobernuan sartzen baldin bada, arriskuan egongo al da lege berria?

Bai, guztiz, baina ez bakarrik lege hau; abortuaren lege berria ere atzera botako lukete seguru aski, eta hori ere bai dela, nire iritzirako, oso beharrezkoa den beste lege bat. Feminismoak aldarrikatu dituen eta berdintasunaren bidean lortu ditugun eskubide guztiak galtzeko arriskua daukagu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide