Uztailaren 10etik 29ra egingo dituzte Munoaundi aztarnategiko indusketak

Nerea Uranga 2023ko uzt. 5a, 09:06

Munoaundi Burdin Aroko aztarnategian indusketan. (Maialen Etxaniz)

Urteak dira Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten hasi zela Aranzadi zientzia elkartea. Aurtengo jardunaldian aztarnategiko hiru eremutan ariko dira lanean.

Azpeitia eta Azkoitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan aurten ere indusketak egingo ditu Aranzadi zientzia elkarteak. Uztailaren 10etik 29ra bitartean jardungo dute aztarnategian lanean, Antxoka Martinez aztarnategiaren zuzendariak eta Aranzadiko kideak gidatuta.

Aurten aztarnategiko lanak normaltasunez egingo dituztela nabarmendu du Martinezek. "Aurreko bi jardunaldietan, COVID-19ak eragindako egoeraren eraginez, murrizketak izan ditugu, eta gehienez hamar laguneko lantaldearekin egin behar izan ditugu lanak eta epe laburragoan. Aurten, ordea, inolako murrizketarik ez dugu izango, eta pandemia aurreko indusketa aldietako erritmoan lan egiteko aukera edukitzea espero dugu", adierazi du Aranzadiko kideak. Datorren astelehenetik aurrera, 25-26 pertsonako lantaldea ariko da Munoaundiko aztarnategia ikertzen.

Munoaundi Burdin Aroko herri harresituaren aztarnategiko hiru eremutan jardungo dute lanean aurtengo jardunaldian, Martinezen arabera: "Lan egingo dugun eremuetako bat harresiaren bigarren ebakidura izango da; bestea, berriz, sarbidea izango da; eta aztertuko dugun hirugarren eremua etxebizitzak daudena izango da. Lan horiez gain, aztarnategiaren hirugarren eremuan –pistatik gora bi urki daude, eta horiek baino pixka bat gorago–, kataren bat egiteko asmoa dugu".

Aranzadik urtero antolatu ohi du bisita gidaturen bat Munoaundiko aztarnategira, eta aurten uztailaren 22an egitea dute aurreikusita. Bisita gidatuaren xehetasunak eguna gerturatu ahala jakinaraziko dituztela argitu du Martinezek. Hala ere, Munoaundiko Burdin Aroko aztarnategia irekia dela azaldu du, eta edonork joan dezakeela hura bisitatzera, baina ohartarazi du indusketan lanean ari diren bitartean bertaratzen direnei azalpenak banan-banan ezin dizkiela eman: "Guk gure lanean jarduten dugu, eta edozein unetan ezin dugu azalpenak ematen hasi".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide