Guka gara

Izena izen, "geurea"

Erredakzioa 2023ko uzt. 13a, 09:00

2023ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Bertakoa eta plurala, eragileen eta herritarren bozgorailua, eta euskararen aterpea. Horrela defini daiteke euskarazko tokiko komunikabide bat. Horrela defini daiteke Uztarria. Herritarren eta herriko gertaera garrantzitsuen berri eman du sorreratik, eta hain garrantzitsutzat jo ohi ez diren beste hamaika istorio handi eta txiki ere kontatu ditu tokitik bertatik. Herria, komunitatea, izan du iturria, eta han edandakotik osatu ditu hitza eta irudia.

Gertaerak eta istorioak daude alde batean; bestaldean, bazkideak, irakurleak, erabiltzaileak, eragileak. Toki hedabide batek behar-beharrezkoak ditu horiek guztiak, eta herritarrek, eragileek nahiz euskararen arnasgune den herriak ere funtsezkoa dute Uztarria euskarazko herri komunikabidea. Hori dutelako euskarri beren lana, iritziak zein salaketak plazaratzeko, nahiz informatuta egoteko.

"Konfiantza eta ziurtasuna"

Tokiko komunikabideek zer-nolako garrantzia duten argi daukate, esaterako, Mari Jose Bikendik eta Nekane Zelaiak. Juan Antxieta musika eskolaren zuzendaria da Bikendi; Uztarriako bazkidea da, berriz, Zelaia, arkitektoa eta administraria.

"Albisteak bertatik bertara landuta, ziurtasuna eta konfiantza eskaintzen ditu"

Herriko informazioa jasotzeko "atari garrantzitsua eta baliagarria" da Uztarria Bikendiren esanetan, eta musika eskolarentzako, informazioa zabaldu ahal izateko "ezinbesteko" erreminta da: "Gure inguruko informazioa zabaltzeko sare sozialak ere baditugu, baina oso garrantzitsua da Uztarrian eragileon gaineko informazioa ematea, herrian bertan asko ikusten eta irakurtzen delako".

 

Herrian tokiko hedabide bat izatea garrantzitsua da Bikendiren zein Zelaiaren ustez; gertutasunak "konfiantza eta ziurtasuna" eskaintzen dituela adierazi du Bikendik: "Egunean egunekoaren berri izateko aukera ematen du Uztarriak. Herrian zerbait gertatu denean, hala dela kontrastatzeko eta ziurtatzeko aukera ematen du hedabideak. Albisteak bertatik bertara landuta, ziurtasuna eta konfiantza eskaintzen ditu". Horretan bat dator Zelaia: "Webguneak bertako informazioa eta pil-pilean dagoenaren berri izateko aukera eskaintzen du. Gainera, inguruan ere asko komentatzen da Uztarrian bat ala bestea azaldu dela; denek irakurtzen duten seinale. Aldizkariak, berriz, gertukoa izaten segitzen du, baina beste patxada batekin irakurtzeko aukera ematen du".

"Euskaraz bizi bagara, herriko informazioa geure hizkuntzan izatea ezinbestekoa da"

Uztarriak badu berezitasunik musika eskolaren zuzendariaren arabera: "Berezia da geurea delako, oso gertukoa eta irakurterraza". Informazioa euskaraz jasotzea ezinbestekoa da Zelaiaren ustez: "Une oro euskaraz bizi baldin bagara, ezinbestekoa da herriko hedabidea edota iritsiko zaigun informazio hori geure hizkuntzan izatea ere". Urteetako lanaren poderioz egin du toki hori Uztarriak azpeitiarren egunerokoan, urratsez urrats, talde lanean eta batzearen indarrean sinetsiz; horregatik, etorkizuna Guka proiektuaren aterkipean ikusten du Uztarriak, funtsari eusteko: bertakoa eta plurala izatea, eragileen eta herritarren bozgorailua, eta euskararen sustapenean eragingo duena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide