Umorea ardatz, beste behin

Mireia Galarza Bastida - Urtzi Oteiza 2023ko uzt. 6a, 11:30

Kamikaz kolektiboak Troia antzezlana taularatuko du lehendabizikoz bihar, Zarauzko Kalerki kale antzerki jaialdian. Santa Klara komentuan izango da emanaldia, 19:00etatik aurrera.

Hurrengo urtean, hamarkada bat beteko du Kamikaz kolektiboak. Asko dira hamar urte horietan sortu dituzten antzezlanak, film laburrak nahiz irratsaioak, eta "askatasunez sortzen" jarraitzeko asmoa dute kolektiboko kideek. Hain zuzen, bide horretako azken sorkuntza da bihar Zarautzen erdituko dutena: Troia antzezlana. Kalerki kale antzerki jaialdian izango da estreinaldia, Santa Klara komentuan, 19:00etan hasita.

Miren Gaztañagarekin batera, Amancay Gaztañaga zestoarra, Erika Olaizola azpeitiarra eta Iraia Elias zarauztarra dira kolektiboko kideak, eta azken hirurek gorpuztuko dituzte antzezlanean Pakiles, Monika eta Azeri-buztan, hurrenez hurren. Haien hitzetan, lehenengoak maskulinitatea gorpuzten du, bigarrengoa teknologian trebea den superheroi bat da, eta Azeri-buztanek, berriz, jakinduria irudikatzen du. Bakoitzak bere lekutik, antzezlanean "misio garrantzitsu bat" izango duela adierazi dute aktoreek. Sinopsian zabaldutako informazioaren arabera, objektu arraro bat azalduko da herrian, eta arriskutsua izan daitekeelakoan, hiru superheroiak herria salbatzen saiatuko dira. Eliasek aditzera eman duenez, gainera, "etxean bezala" sentituko dira. Izan ere, zarauztarrak urte asko igaro zituen jaialdia antolatzen Zarauzko Udalak horretarako ardura hartu aurretik.

Estreinaldiaren aurretik, ordea, azken prestaketetan murgilduta dabiltza Gaztañaga, Olaizola eta Elias Alproja antzerki taldearen lokalean, eta azaldu dutenez, "gogoz" daude jendearen erantzuna zein den jakiteko; hainbeste denbora "aulki hutsei antzezten egon ondoren", dio Gaztañagak. "Lan oso koreografikoa da, eta kaleko formatua denez, istorio oso sinplea planteatu nahi izan dugu. Marrazki bizidunen munduan murgildu gara gehiago, eta horregatik, asko zaindu dugu estetika. Adibidez, narratzaile bat dago kontakizunean, eta mugimenduek soinuak dituzte", adierazi du Olaizolak.

Prozesua, azkar samar

Aktoreek azaldu dutenez, "aurreko urte amaieran-edo" hasi ziren elkarrekin komentatzen ia ez zegoela euskarazko kale antzerkirik, eta horren aurrean, "erronka horri eustea" erabaki zuten. "Gainera, Zarauzko Kultura Sailak oso ondo hartu zuen gure proposamena, eta horrek ere asko lagundu digu", adierazi du Eliasek.

Kamikaz kolektiboko kideek nabarmendu dutenez, zuzendari lanetan Espe Lopez aritu izanak ere asko azkartu die prozesua: "Lopez gurekin ari da lanean Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanaren erdialdetik edo, eta jada bagenekien nolakoa zen harekin lan egitea. Konfiantza ere badugu, eta horrek erraztu egin du guztia", dio Gaztañagak.

Atzetik laguntzen izan duten taldeari dagokionez, Olaizolak hainbat izen aipatu ditu. "Kartela Alain Martinezek egin digu, makillajearen diseinua Xanti Agirrezabalak eta narrazioa Jesus Eguzkitza Dragoi Bolako ahots ezagunak, beste kolaborazio batzuen artean".

Dena den, hain talde zabala ez dela izan azaldu dute Kamikazeko kideek: "Kale antzerkia izanik, argiztapenean ez dugu inor behar, eta jantziteriaren ia guztia ere guk geuk egin dugu", dio Gaztañagak. Hala eta guztiz ere, izandako kolaborazioak "modu positiboan" baloratu dituzte hiru aktoreek: "Kolaborazioak beti dira aberatsak, haiek euren ekarpenak egiten dituztelako eta beharrezkoa delako horiek ere entzuten jakin eta kontutan hartzea", esan du Eliasek.

Ahots propioaren bila

Hiru sortzaileek azaldu dute ia hamar urteko ibilian pixkanaka euren izaera eta ahots propioa bilatzen ari direla euskarazko antzerkian, eta zera gaineratu dute: "Gure proposamenak ez dira hain zuzenak, ganberroagoak dira, gure buruari barre egiten diogu, eta umorea beti hor izaten dugu hori guztia kontatzeko".

Dena dela, puntu horretara iristeko "bidaia" bat egiten dutela adierazi dute. "Gure momentu sakonak ere edukitzen ditugu, baina guztia findu eta gero etortzen da azken proposamena", dio Gaztañagak. Olaizolaren arabera, "inteligentzia askorekin egindako txorradak" dira eurenak, eta Troia ere bide horretan prestatutako proposamena izan da hasieratik.

Zentzu horretan, estreinaldi goxoa eman nahi diote antzezlanari hiru aktoreek, eta herritarrak biharko emanaldia ikustera gonbidatu nahi dituzte: "Larunbatetako masifikazioa alde batera utzita, tarte polita igarotzeko aukera izango dugu bihar".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide