Sufritzeko eta gozatzeko proba

Nerea Uranga 2023ko uzt. 7a, 09:01

Raul Cuadrado, Oskar Alkorta eta Aitor Cordoba Izarraitzen magalean, Komuntzon. (Nerea Uranga)

Zazpi azpeitiar izango dira gaur Ehunmilak ultra trailaren irteeran, Beasainen; tartean, Aitor Cordoba, Raul Cuadrado eta Oskar Alkorta. Katigatzen duen esperientzia dela diote hirurek. Eskualdetik ere igaroko dira lasterkariak: 23:00 aldera iritsiko dira aurreneko lasterkariak Gorlara, eta handik Madariagara eta Xoxotera joango dira. Azpeitiko Azoka plazan igarotze kontrola pasatu eta Zelatunera abiatuko dira parte hartzaileak.

Beasaindik (Gipuzkoa) gaur arratsaldeko 20:00etan irten eta 168 kilometroko ibilbidea osatzeko erronkari helduko diote Aitor Cordobak (Azpeitia, 1975) nahiz Oskar Alkorta (Aizarnazabal, 1977) eta Raul Cuadrado (Valladolid, Espainia, 1974) "azpeitiartuek". 472 korrikalarik dute izena emanda XII. Ehunmilak ultra trail lasterketan parte hartzeko; hiru azpeitiar horiez gainera, beste lau ere izango dira Beasaingo irteeran: Aritz Goenaga, Ibon Lazkano, Beñat Lizaso eta Aitor Arregi.

Cordobak, Cuadradok eta Alkortak ez dute aurreneko aldiz parte hartuko Ehunmilak mendi lasterketa luzean. Cordobak iaz bukatu egin zuen proba, eta uste baino hobeto, gainera: "Fisikoki eta denboraz oso ondo egin nuen iaz". Aurrez beste behin irten zuen, baina ekaitzarengatik Azpeitiko igarotze kontrolean (53. kilometroa) bertan behera utzi zuten proba."Beste urte batean, berriz, izena emanda neukan, baina COVID-19aren pandemiagatik ez zen egin".

Cuadradok bi aldiz egin du Ehunmilak, eta aurten hirugarren aldiz helduko dio erronkari. "Lau urtez geldirik egon naiz, bizkarrean eta belaunean ebakuntzak egin dizkidatelako. Aurten proba bukatzen saiatuko naiz; saiatzen ez banaiz, saiatuta baino gehiago galduko dudalako".

Hirugarren aldia izango du Alkortak ere Ehunmilaken; hark, ordea, lasterketa bukatzea du helburu. "Aurreneko aldian, Larraitzera [96. kilometroa] arte egin nuen, eta han psikologikoki gaizki sentitu eta erretiratu egin nintzen. Bigarren aldian, berriz, probaren aurretik lesionatuta ibili nintzen, eta Azpeitira arteko bidea egin nuen. Aurten, proba bukatzeko asmoarekin irtengo dut, ea hirugarrengoan...".

Garbi dute hirurek Ehunmilak lasterketa zerk egiten duen erakargarri: "Azpeititik gertu jokatzen den mundu mailako proba da, Beasainen hasi eta bukatzen dena. Horrez gainera, korrikalarientzako oso polita da, eta oso ondo antolatuta dago»".

Azaroan probarako izena eman, eta Gabon inguruan hasi ziren Ehunmilakerako prestatzen; beren kasa egiten dituzte entrenamenduak, hiruretatik inork ez du prestatzaile fisikorik. Proban bertan baino, aurreko entrenamenduetan ingurukoengandik jasotzen duten laguntza garrantzitsuagoa da haientzat. "Ni bakarrik joaten naiz probara, baina iaz ezustean kuadrillako bi lagun azaldu ziren lasterketara, eta poz handia hartu nuen. Entrenamenduetan, ordea, alboan lagunak izatea garrantzitsua da", azaldu du Cordobak. Alkortak, bestalde, emaztearen laguntza izaten du proban zehar: "Alde horretatik, ingurukoen laguntza handia izan ohi dut, bai aurretik entrenatzeko, baita proban zehar ere. Entrenamendu luzeak egiteko orduan, seme-alabak, lana... direla eta, ingurukoen laguntza funtsezkoa da".

Buruaren aginduetara

Egunez eta gauez, kilometroak eta kilometroak egingo dituzte gaur arratsaldean irten, eta helmuga jomuga hartuta; 48 orduko muga dute proba amaitzeko, baina hirurek espero dute aurretik bukatzea. 

Bi gau igaro beharko dituzte bidean. Gauak argi-ilunak ditu, haien hitzetan. "Gaua une ederra izaten da mendian ibiltzeko; lasaia da, eta gozatu egiten dugu. Hala ere, lehen eta bigarren gauak erabat desberdinak izaten dira. Bigarrenean, denboraren nozioa galduta izaten da askotan, eta buru lana hasten da, norberaren barreneko mamuak azaltzen hasten dira...", dio Cuadradok. Bat dator horretan Cordoba: "Gauak ederrak dira eguraldi ona egiten duenean, hori bai. Entrenamenduetan gauez edota ilunduta dagoela ibiltzen gara mendian, baina bi gau jarraian ez dugu sekula entrenatzen. Buruak asko agintzen du. Gainera, gaueko ibilbide zatian komeni da beste pare bat lagunekin, talde txikian, joatea, ibilbidearen arrastoak-eta hobeto ikusteko, ez galtzeko, hitz egiteko...". Alkortaren ustez, berriz, gauez asko nekatzen dena bista da: "Adi joan behar izaten da non zapaltzen duzun, ibilbidearen markak non dauden... eta horrek ere nekatu egiten du".

Gorputza lagun izan behar da Ehunmilak proba egiteko, baina buruak berebiziko garrantzia du, kilometroak aurrera "gorabehera" asko izaten direlako. "Une batean goi-goian zaude, eta beste batean behe-behean", dio Cuadradok. "Zeure buruarekin hizketan joaten zara: 'Zeinek agindu dizu Ehunmilakera etortzeko? Inork ez! Inork behartu gabe zuk zeuk erabaki duzu. Zurea izan da erabakia. Beraz, aurrera eta aurrera'. Tankera horretan jarduten duzu. Gorputzak lagundu arren, buruak 'ez' esaten duenean, 'ez' da. Beraz, horri buelta ematen saiatzen zara".

Hasierako kilometroen eta bukaerakoen "luzera" desberdina dela diote. "Kilometro kopuru bera izan arren, luzeagoak egiten dira. Etzegaratetik aurrerako azken 38 kilometroak luze egiten dira; denbora badoa, baina iruditzen zaizu ez zarela ari aurrera egiten. Orduan, garrantzitsua da zer ikuspegi hartzen duzun: '130 kilometro egin ditut eta beste 30 gelditzen zaizkit' ala '30 kilometro besterik ez zaizkit gelditzen helmugarako'. Aldea dago".

"Sufritu bai, baina gozatzen duzun proba da Ehunmilak. Katigatu egiten du. Iaz oso ondo atera zitzaidan, baina etxera itzultzean, hala esan nien etxekoei: 'Nik gehiago ez dut irtengo Ehunmilaken'. Behin egun batzuk pasatutakoan, ordea, lasterketan izugarrizko esperientzia ona bizi izan nuela sentitzen nuen. Azaroa iritsi zenean, aurtengorako izena eman nuen. Errieta batzuk entzun nituen etxean", kontatu du Cordobak.

Ehunmilak Urola Kostan

Gaur, ostirala, irtengo dute XII. Ehunmilak mendi lasterketako korrikalariek, 20:00etan, Beasaindik (Gipuzkoa). Hasiera batean kirolariak 18:00etan abiatzekoak baziren ere, ekaitz arriskua dela eta, bi ordu atzeratu dute irteera. Probaren helmugara iristeko 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibela dituen ibilbidea osatu beharko dute. Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo lurretatik igaroko da proba, eta hainbat azkoitiar, azpeitiar eta zestoarrek jardungo dute ibilbidea eta korrikalariak zaintzen boluntario. Hona hemen Ehunmilak lasterketako parte hartzaileak eskualdetik igaroko diren orduak:

  • Gorlako gaina (Bergara-Azkoitia). 29. kilometroa. Igarotze kontrola. Gaur, 23:00 aldera iritsiko dira korrikalari azkarrenak.
  • Madariaga (Azkoitia). 43. kilometroa. Igarotze kontrola. Bihar, 00:30 aldera izango dira Madariagan probako aurreneko lasterkariak.
  • Azpeitia. Xoxoteko aterpetxetik barrena jaitsiko dira korrikalariak Azpeitiko Azoka Plazara. 53. kilometroa. Bihar, 01:45 aldera espero dira lasterkari azkarrenak Azpeitiko kontrol gunean. Handik igarotzeko ordu muga biharko 09:45 izango dute korrikalariek.
  • Zelatun (Errezil). 66. kilometroa. Igarotze kontrola.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide