Asier Itulain: "Komikiak ere gauza ugari adierazteko aukera ematen du"

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza - Unax LarraƱaga 2023ko uzt. 7a, 16:08

Marraztea da Asier Itulain azpeitiarraren zaletasuna eta pasioa. Komikigintza ikastaroa eskainiko du datozen egunetan Diart estudioan. Ilustrazioekin sentimenduak eragitea du xede.

Asier Itulain (Azpeitia, 2004) ilustratzailea da. Sorkuntza eta Diseinuko gradua ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako (Bizkaia) campusean, eta urteak daramatza marrazkien munduan murgilduta. Aurten, Azpeitiko Kale Pintura Lehiaketan azpeitiar onenaren saria jaso du, eta, orain, komikigintza ikastaroa gidatzekoa da Diart arte estudioan. Etorkizunerako ez du asmo zehatzik, baina bai "amets zororen bat".

Gogoratzen al duzu noiz hasi zinen margotzen? Nondik datorkizu zaletasuna?

Umetatik. Beste ume asko futbolean hasten diren bezala, nik artearekiko zaletasuna erakutsi nuen txikitatik. Aita diseinatzailea da, eta hark ere transmititu zidan zaletasuna.

Non jaso duzu formakuntza? Zer ari zara ikasten gaur egun?

Arte eta Diseinu eskolan aritu nintzen Lehen Hezkuntzan. DBH hasterako utzi nuen, eta handik bi urtera, Diarten hasi nintzen. Ordutik gaur arte. Gaur egun, artearen inguruko ikasketak egiten ari naiz; Sorkuntza eta Diseinuko gradua Leioan, Arte Ederren fakultatean. Arteko gradua egin edo ez zalantzak izan nituen, baina ez ninduen konbentzitu. Pintura eta eskultura lantzen dituzte, eta niri ez zaizkit horrenbeste gustatzen arlo horiek. Diseinuko graduak aukera gehiago eskaintzen du ilustrazioaren arloan.

Zer teknika erabiltzen dituzu sortzeko garaian?

Denetarik egiten dut. Garai batean dena errotuladoreekin egiten nuen; beti izan dut interesa teknika horrekiko. Bideo pila bat ikusi nituen teknika horren inguruan ikasteko. Akuarelekiko ere interes handia izan nuen sasoi batean. Tableta grafikoa oparitu zidatenean, berriz, ilustrazio digitalaren munduan murgiltzen eta arakatzen hasi nintzen. Orain, batez ere horretan nabil, ilustrazio digitalean.

Zein da gehien atsegin duzun marrazketa estiloa?

Estilo asko gustatzen zaizkit. Duela urte batzuk egin nuen horren inguruko hausnarketa, eta pentsatu nuen ea zer estilo dudan gustukoen; ohartu nintzen ederra dela estilo desberdinak probatzea eta pixkanaka ikustea ea zerekin aritzen naizen eroso lanean. Arte digitalean aritzen naiz gehienbat, baina saiatzen naiz trazu organikoak egiten, marrazkiari kutsu tradizionala emateko. Ilustrazio digitalak aukera ugari eskaintzen ditu. Hori esploratzen nabil orain.

Zer adierazi nahi izaten duzu ilustrazioaren bitartez?

Askotan, argazkiak hartzen ditut abiapuntu edo erreferentzia bezala, iruditzen zaidalako argazkiek asko adierazten dutela. Buruan zerbait daukadanean, inspirazio taulak egiten saiatzen naiz; irudiak gordetzen ditut, ondoren, horiekin zerbait egiteko. Duela gutxi, esaterako, proposatu ziguten albiste batetik ilustrazio bat egitea, albistearen narratiba albo batera utzita. Hiesaren inguruko berri bat hartu nuen, eta saiatu nintzen gaiak gordetzen duen krudeltasuna adierazten; garai batean jendeak sentitu zuen sufrimendua adierazten. Atsegin dut nik sentitzen ditudan gauzak hirugarren pertsona bati ilustrazioaren bidez adieraztea.

Ez dituzu koadro asko margotzen, baina Azpeitiko Kale Pintura Lehiaketan herritarren saria jaso zenuen. Ba al duzu lehiaketetan parte hartzeko ohiturarik?

Aurtengoa izan da kale pintura lehiaketa batera aurkeztu naizen lehen aldia. Iaz ere egin zuten Azpeitiko lehiaketa. Lagun batekin atera nintzen buelta bat eman eta margolariek egiten zutena ikustera, baina bestelako asmorik gabe. Gustatu zitzaidan giroa, eta aurten animatu egin naiz. Hasieran parte hartu edo ez zalantzan egon nintzen arren, azkenean animatu egin nintzen. Esperientzia polita izan zen. Orain, kalean margotzera zaletzen ari naiz; izan ere, marrazketako irakasle batek kanpoan margotzera animatu eta bultzatu gaitu.

Komikigintza tailerra eskaintzekoa zara, eta aurrez manga ikastaroa eskaini zenuen. Zer dela-eta manga eta komikigintza?

Ikastaroak eskaintzeko grina piztu zitzaidan iaz. Hori dela eta, Diartekoekin jarri nintzen harremanetan. Manga jorratzea erabaki nuen aukera ugari eskaintzen dituen mundu bat delako. Jende askori gustatzen zaio, eta mundu osoan ezaguna da. Harrera oso ona izan zuen tailerrak, eta esperientzia ederra izan zen. Beraz, aurten beste zerbait probatzea nahi izan dut. Komikigintzak ere gauza ugari kontatzeko aukera ematen du.

Zer landuko duzu tailerrean?

Ikastarora animatzen den pertsona bakoitzak komiki bat sortuko du. Komikilariek orri handietan egiten dute lan; beraz, orri handietan hasiko gara sortzen. Hala ere, irekita nago aukera desberdinetara. Ikastaro irekia da, librea; komikigintzaren erreferenteen inguruan aritzeko asmoa ere badaukat, komiki ugari ditut, estilo ugaritakoak, editorialak, autoedizioak… horien inguruko informazioa ere emango diet parte hartzaileei. Bakoitzak bere estilo propioa lantzeko aukera izango du ikastaroan zehar.

Zein dira zure erreferenteak edo inspirazio bideak?

Proiektutik proiektura erreferenteak aldatzen ditut, eta asko gustatzen zait hori. Erakusketetara joatea atsegin dut inspirazio bila. Musikak ere inspiratzen nau, eta erreferente musikal ugari ditut. Euskal musikan, esaterako, Zea Maysen hitzek asko adierazten didate, eta lan askotan erabili izan ditut inspirazio iturri bezala. Artista plastikoetan edo argazkigintzan, Nan Goldin nabarmenduko nuke, eta komikigintzan, Paco Roca. Nortasunez betetako estiloa dauka Rocak.

Ba al duzu ilustrazioari lotutako ametsik?

Ez daukat asmo jakinik, baina ametsak beti izaten dira. Nahiko nuke han eta hemen erakusketak egitea eta gustatzen zaidan horretan aritzea. Amets zoro bezala, animazio arloko estudio handiren batean lan egitea nahiko nuke, Disney edo Pixar bezalakoren batean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide