Hiru kontzerturekin iritsiko da Udako Musika Printzak herriko hainbat txokotara

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 10a, 13:02

Pablo Soraluze eskultorea, Igancio Arakistain musikaria eta Aitor LarraƱaga Kultura batzordeburua, Frantziskanen atarian. (Azpeitiko Udala)

Emanaldiak ostegunean, igandean eta uztailaren 22an izango dira, Frantziskanetako elizaren atarian, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian eta Loiolako basilikan, hurrenez hurren. Emanaldiak doakoak izango dira.

Musika klasikoa herriko txoko desberdinetara eramateko xedez, Udako Musika Printzak egitasmoa antolatu dute aurten ere Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean. Hirugarren aldian, hiru kontzertu izango dira uztailaren 13tik 22ra bitartean, Frantziskanetako elizaren atarian, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian eta Loiolako basilikan. Emanaldiak doakoak izango dira.

Aurrena ostegunean izango da, 21:00etan hasita. Claudia Alduntzin klarinete jotzaile andoaindarrak eta Ignacio Arakistain pianista azpeitiarrak eskainiko dute XIX. eta XX. mendeetako musikarien doinuz osatutako emanaldia. Besteak beste, Schumann, Poulenc eta Horovitz-en lanak eskainiko dituzte horiek.

Bigarren emanaldia, berriz, igandean izango da, 19:00etatik aurrera. Astigarragako eta Donostialdeko Eragiyok abesbatzako kideek eskainiko dute kontzertua, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Hamabost-hogei gizonez abesbatzak euskal folklorea eta musika klasikoa eramango dituzte parrokira.

Hirugarren eta azken saioa uztailaren 22an, larunbatez, izango da Loiolako basilikan (20:30). Egun horretan, Zure eskutik mundurantz ekitaldi artistikoa izango da ikusgai, Pablo Soraluze eskultore azpeitiarraren lana ardatz duen topaketa. Vicente Goikoetxearen Missa in honorem Immac Concept lana interpretatuko dute, Ignacio Arakistain organo jotzailea lagun dutela, eta Juan Kruz Igerabide idazleak interpretazioa egingo du isiltasunaz, barnekotasunaz eta bizitzako zalantzez nahiz zidorrez. Emanaldiaren bigarren zatian, berriz, euskal folklorearen ikur izan ziren Sabin Salaberriren, Jesus Guridiren eta Luis Aranbururen lanak eskainiko dituzte.

"Mimoz landutako ekitaldiak"

Aurreko bi urteetan Udako Musika Printzakek izan duen arrakasta tarteko antolatu dute hirugarren edizioa, eta Aitor Larrañaga kultura batzordeburuak eskerrak eman dizkie sustatzaileei, egindako lanagatik. "Uda sasoia aprobetxatuz, kultura herriko ez-ohiko lekuetara eramateko eta hainbat leku ezagutarazteko egitasmo aproposa da Udako Musika Printzak". Horregatik, herritarrak kontzertuetara joatera animatu ditu.

Ignacio Arakistain egitasmoaren sustatzaileak eta musikariak ere esker hitzak izan ditu Kulturaz kooperatibarentzat eta kontzertuetan parte hartuko duten musikari guztientzat, eta hark Frantziskanetako komentuko mojei ere eman dizkie eskerrak, aurten leku horretan izango delako emanaldietako bat. Gainera, herritarrak gonbidatu ditu emanaldietara "bereziak" izango direlako eta "mimoz" landu dituztelako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide